Kanpoko balizetatik, etxera

Ondarroan dira gaur Eusko Label eta Euskotren ligak, asteburu bateko geldialdiaren ondoren

Orioko ontzia eta Santurtzikoa buruz buruko lehian, aurtengo Kaiarriba banderako luzeetako batean. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Aurreko asteburuan ez zen izan Eusko Label eta Euskotren ligetako estropadarik, geldialdia egin baitzuten, urteroko moduan, Espainiako Txapelketagatik. Gaur itzuliko dira lehiara bi lehiaketa horietako traineruak, eta Ondarroan dituzte estropadak: gizonezkoen hamahirugarren jardunaldia izango da, eta emakumeen hamaikagarrena. 18:00etan hasiko dira Euskotren ligakoak, eta gero Eusko Labelekoak (ETB1).

Itsasoko estropadak izango dira biak, eremu berean, eta iragarpenak ez datoz gozoak: ia bi metroko olatuak ipar-mendebaldeko norabidetik, hamabi segundoko tartearekin, eta haizea hamarreko indarrarekin, ipar-ekialdetik. Hori dena betetzen bada, arraunlariek eta patroiek gaur izango dituzte uda honetako baldintzarik petralenak.

Eusko Label ligan, txanda nagusian, Orio liderra, Santurtzi, Hondarribia eta Zierbena ariko dira. Oriotarrek koska handia dute beste hirurekin, eta liga lehen aldiz irabazteko beste urrats handi bat ematen saiatuko dira gaur ere.

Bigarren txandan izango da ligako azken estropadako garailea, Donostiarra, eta alboan izango ditu Urdaibai, Cabo eta Ondarroa. Etxekoentzat erronka polita da, ikusteko ea azkeneko estropadan gai diren Euskadiko Txapelketan aritu ziren bezain ondo segitzeko. Zaleen babesik ez zaie faltako.

Lehen txandan estu dabiltza kontuak, eta gainera, gaurkoarekin, sei estropada baino ez zaizkie geratuko erabakitzeko zein doan KAE 1 ligara eta zein kanporaketara. San Pedro dabil larrien, lau puntura baitu kanporaketako lekua, Astillerok betetzen duena.

Euskotren liga, amaitzear

Emakumezkoen ligan, azken-laugarren jardunaldia dute gaurkoa, eta Oriok gauzak nahiko garbi ditu lehen postuan, zortzi puntuko aldea baitu Arraunekiko. Oriok estropada bat ez beste guztietan irabazi du aurtengo ligan. Gauzak estuago daude kanporaketara zein doan erabakitzeko, Donostiarrak bi puntu bakarrik ateratzen dizkiolako azkenari, Hondarribiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.