Tokio 2020. Mikel Oiartzabal. Futbolaria

«Kirolari guztiek bizi beharko genituzke Joko batzuk»

Gaur Japoniari finalerdietan irabaziz gero (13:00), finala jokatuko du, beste lau euskal herritarrekin batera: Unai Simon, Martin Zubimendi, Mikel Merino eta Jon Moncayola. Sasoi onean dagoela dio.

Mikel Oiarzabal, penaltiz gola sartzear, Boli Kostaren aurka. GONZALO ARROYO / EFE.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Entrenamendua amaitu, eta afaldu ostean erantzun die galderei Mikel Oiartzabal Realeko jokalariak (Eibar, Gipuzkoa, 1997). Japoniaren aurkako finalerdia «zaila eta gogorra» izango dela dio.

Oso luze doa denboraldia. Liga amaitu eta gero, Eurokopa jokatu zenuen, eta orain, Olinpiar Jokoetan ari zara. 60 partida baino gehiago jokatu dituzu, 4.000 minutu inguru. Ez al zaude nekatuta?

Ondo nago. Egia da Espainiako Kopako finalaren eta Liga amaieraren arteko partidak zertxobait luze egin zitzaizkidala, eta hanketan nekea antzeman nuela. BainaEurokopa amaitu eta Jokoetarako egonaldia hasi arteko denboran lauzpabost egun izan nituen atseden hartzeko, eta, batez ere, mentalkioso ondo etorri zitzaizkidan. Askotan hori baita beharrezkoa. Buruak atsedena behar du, eta egun batzuez futbola ahaztea. Orain hankak ondo ari zaizkit erantzuten, eta ilusio eta gogo handiarekin nago domina bat lortzeko. Ea posiblen den. Sentipen onekin segitu nahi dut, horrek ere asko lagunduko baitit Realarekin liga ondo hasteko. Ez nik bakarrik, baita Martinek [Zubimendi] eta Mikelek [Merino] ere. Gainera, garbi dut taldearen arrakasta dela batek edo besteak jokatu taldea ondo aritzen dela. Alde horretatik, zaleak lasai egon daitezela.

Nola ari zara bizitzen Olinpiar Joko batzuetan egotea?

Duela egun batzuetara arte, hotel batean egon ginen. Baina orain olinpiar hirian gaude. Esperientzia izugarria da. Hain toki txikian hainbeste kirolari ikustea oso polita da. Kirolaren balio guztiak islatzen dira: ahalegina, batasuna, elkartasuna... eta gugan indartu egiten dira. Kirolari guztiek izan beharko genuke halako zerbait bizitzeko aukera, zure kirolari nortasuna indartzen baitu. Zorte handia dut.

Hala ere, ezohiko Olinpiar Jokoak dira hauek. Ez al ziren atzeratu behar?

Kirolariek, baita antolatzaileek ere, ahalegin handia egin dugu, eta ahalegin horrek merezi izan du, ikuskizuna ederra izaten ari baita.

Beste gai batzuk azaleratzeko ere balio izan dute Olinpiar Joko hauek: besteak beste, kirolarien buruko osasunarena. Zuk sentitu duzu presio eta zama hori?

Goi mailako kirolean zaudenean, badakizu presio egoerak biziko dituzula. Guk, Realean, psikologoarekin egiten dugu lan horretarako. Alde horretatik, uste dut aurrerapausoak ematen ari direla kirolean. Baina halakoak gehiago ikusaraztea falta da. Orkatilan edo belaunean lesio bat dugunean, adibidez, esan egiten da. Baina buru osasuneko kontuekin, ezkutatzea izan da joera. Bada garaia hori aldatzeko.

Presio edo zama hori batzuetan zuek jartzen diozue zeuen buruari; beste batzuetan, berriz, zaleek edo hedabideek jartzen dizuete presioa. Errazegi epaitzen zaituztete?

Onerako eta txarrerako, baietz uste dut. Gainera, sare sozialek areagotu egin dute joera hori. Edozer esan eta idatz daiteke hor. Bada garaia horri neurria hartzeko. Jendeak gure lekuan jarri behar du. Ez gure lekuan bakarrik, baita gure senide eta lagunenean ere. Haiek ere asko sufritzen dute, eta guk ere bai, haiek sufritzen ikusita. Biles oso ausarta izan da.

Sufrituta, baina finalerdietara iritsi zarete, eta, gaur Japoniari irabaziz gero, ziurtatua izango duzue domina bat.

Hala da. Hasieratik ikusi da zein txapelketa gogorra eta parekatua izan den. Aurkariek maila ona dute, eta, jokotik harago, sekulako eragina duen beste faktore bat ere nabarmendu nahiko nuke: beroa. 30 gradutik gora egiten du, eta %80ko hezetasuna. Zelaian, sentsazio termikoa 40 gradu ingurukoa da. Oso gogorra da baldintza horietan ondo eta bizi jokatzea, guri gustatzen zaigun moduan. Gorputzak sekulako tratua hartzen du, eta kosta egiten da ahalegin horretatik indarberritzea. Horrek berdindu egiten ditu gauzak. Arlo tekniko-taktikotik harago, freskoen dagoen taldeak azken txanpa honetan asko izango du irabazia. Japoniak ez dizkigu gauzak erraz jarriko. Etxeko selekzioa izanda, ohituago dago baldintza hauetan jokatzera, eta erakutsi du talde ausarta eta teknikoki ona dela. Gu gure jokoa egiten ahaleginduko gara, jokoaren ekimena izaten.

Eurokopan eta Olinpiar Jokoetan utzi duzu penaltiak botatzeko duzun trebeziaren arrastoa. Zein da gakoa?

Gauzak garbi izatea da garrantzitsuena, zeure buruan konfiantza izatea, eta ingurukoen babesa izatea. Normalean baloia modu berean jartzen dut, eta lasterketa ere berdin egiten dut. Gero, unean bertan hartzen dut erabakia.

Ikusi duzu Realaren denboraldi-aurreko partidaren bat?

Bai. Lehen biak, Alavesen eta Monakoren aurkakoak. Ordutegi aldetik zaila da. Baina justu egun horietan partida genuen guk. Halako egunetan gehiago kostatzen da lokartzea, eta aprobetxatu egin nuen ikusteko. Oso goiz da, baina taldea ondo ikusi nuen. Irabazi egin zuen, eta lan txukuna egin. Konfiantzaz ikusi nituen taldekideak. Lagunartekoak dira, baina beti da ona irabazteko ohitura hartzea.

Aurreko denboraldi ahaztezinaren ondoren, non jarri behar da muga?

Guk urtetik urtera hobetu egin nahi dugu. Ez diogu geure buruari mugarik jarri nahi, hobetzeko tartea dugula uste baitugu. Horrretarako egiten dugu lan, eta anbiziotsuak gara. 34 urteren ostean, titulu bat lortu genuen, eta denek nahi dugu halako zerbait bizi. Baina kontziente izan behar dugu ez dela erraza. Hortik harago, erasora jokatzea da gure filosofiaren oinarria, eta horri eutsi nahi diogu. Gustatuko litzaiguke Europan aurrerapauso bat egitea ere. Ligaxkako partida batzuetan, eta batez ere final-zortzirenetako joanekoan, ez genuen partida ona egin. Baina itzulikoan gai izan ginen Manchester Uniteden aurka ondo lehiatzeko. Gainera, zaleak Anoetara itzuliko dira, eta hori motibazio handia da.

Hilabeteak pasatu dira Kopa irabazi zenutenetik. Asko pentsatzen duzu oraindik horretan?

Ordutik ez dut atseden hartu, eta egunerokoan horren sartuta gaude, ez baitut tarterik izan hori guztia barneratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.