Hamabosgarrenean agidanez

Nazioarteko laguntzarekin Gazan berreraikitako etxera bueltatu da Atef el-Zazaren familia. Lehena da horrela itzultzen. Berreraikuntza lanak aurreikusi baino askoz atzeratuago daude.

Langile palestinar bat, duela urtebete, Jerusalemgo Har Homa auzoan kolonoentzako etxeak eraikitzen. ABIR SULTAN / EFE.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2015eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Berreraikuntza. Gazan 700 tona bonba bota ostean. 2.200 palestinar baino gehiago hil, 11.000 fisikoki zaurituta eta 300.000 adingabetik gora laguntza psikologikoa hartu beharrean utzi dituztenean. 18.000 etxebizitza txikituta eta 108.000 pertsona —erdiak adingabeak— etxegabetuta suertatu direnean. 2014ko uztailaren 8tik abuztuaren 26ra bitartean Israelgo armadak jotako erasoaren kalteen arrastoa ez da ia batere ezabatu Gazan. Hamabost hilabete joan dira ordutik.

Atef el-Zazaren familia bihurtu da lehena nazioarteko laguntzaren bitartez Gazan berreraikitako etxera bueltatzen. Eta hamabost hilabete joan dira Xayaia auzoko etxea aire-lur misilez txiki-txiki egin ziotenetik. «Gerra bukatu zenean, bueltan etorri ginen, eta hondakin txondor bat besterik ez zen», adierazi die berri agentziei 52 urteko palestinarrak. «Etxerik gabe geratzeak sustrairik gabe utzi du nire familia». Bueltan dira orain. Beste batzuek lehenago lortu dute itzultzea, berreraikuntzari beren kabuz ekinda. Milaka daude nazioarteko sosekin berriz altxatutako etxera noiz bueltatuko zain. Iragarri baino motelago doaz lanok, ordea. «Israelen blokeoa arintzea eta eraikuntza materialei sarbidea ematea beharrezkoa da», nabarmendu zuen Munduko Bankuak irailean, eta dirua agindu zuten herrialdeetako asko hitza bete gabe zegoela erantsi.

Materiala sartzeko blokeoa

«Ez da benetako berreraikuntza prozesurik hasi», adierazi du Gazako Merkataritza Ganberatik Maher Tabaak. Israelen blokeoa jo du horren eragiletzat. «Gazarako 234.000 tona porlan baimendu dituzte, eta horrekin 30 egunerako besterik ez daukagu. Benetako berreraikuntza prozesu baterako, gutxienez, 10.000 tona behar ditugu egunero».

Ildo beretik jo du Gazako Etxebizitza eta Herri Lan ministrorde Najy Serhanek: «Berreraikuntza behar bezala egiteko, lehenik eta behin, nahikoa eraikuntza material bermatu behar da. Eta bigarrenik, dirua». Horiekin guztiekin, hiru urtean Gazan 9.000 etxe eraikitzea da asmoa. «Horrek esan nahi du urtean 3.000 egin behar ditugula, eta lehenengo honetan 1.200 egin ditugu».

Atef el-Zazaren hamalau kideko familiak hartu du 1.200 etxeotako bat. Hamabost hilabete joanak direnean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.