VILA-REAL 1 REALA 2

Opariak baliatu ditu

Asier Garitanoren aroa irabaziz abiatu du Realak. Vila-realek sartu du lehen gola, baina Willian Josek eta Juanmik emaitza irauli dute

Realeko jokalariak, Willian Josek sartutako gola ospatzen, partidako lehena. DOMENECH CASTELLO / EFE.
jon eskudero
2018ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Gerard Morenok (16. min). 1-1: Willian Josek (40. min). 1-2: Juanmik (71. min).Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Vila-realeko Morlanesi eta Caseresi; eta Realeko Theori, Juanmiri eta Zalduari. Bestelakoak. 16.250 ikusle Zeramikaren estadioan.

Erarik onenean abiatu du Realak denboraldia. Sasoi-aurreko sentipenek baikortasun mezu handirik zabaldu ez arren, Asier Garitano entrenatzaileak esana zuen pozik zegoela eginiko lanarekin.Eta emaitzak lagun ditu, oraingoz, behintzat. Izan ere, talde txuri-urdinak urrezko hiru puntu batu zituen atzo, Vila-realen (Herrialde Katalanak). Jokoa apartekoa izan ez arren, lehiakor izan eta aurpegia eman zuen Realak, eta emaitzari buelta emanda, irabazteko modua topatu zuen. Gerard Morenoren gol goiztiarrari Willian Josek eman zion lehen erantzuna, eta Juanmik bigarrena; horri esker, hiru puntu batu zituen Donostiako taldeak. Garaipen garrantzitsua da atzokoa, proiektu aldaketari hasiera ona eman baitio Garitanok, eta lehen hiru partidak Anoetatik urrun izango direla jakinda, beharrezkoa zen liga ongi hastea, ahal izanez gero garaipena lortuta.

Hasierako hamaikakoan lau erdilari zelairatu zituen entrenatzaile bergararrak: Zubeldia, Illarramendi, Pardo eta Mikel Merino. Nonbait, jokoa bere oinetan izatea izango zuen helburu, baina Vila-real askoz gehiago izan zen neurketaren hasieran. Bizi abiatu zuen partida etxeko taldeak, eta berehala jaso zuen saria, Gerard Morenok 1-0ekoa egin baitzuen hamalaugarren minutuan. Nahi eta ezin aritu zen ordura arte Reala, eta gerora ere ez zuen susperraldirik izan. Nagi aritu zen zelai erdia. Freskotasunik gabe jokatu zuten txuri-urdinek, sasoi-aurreko ajeak atzean utzi gabe, eta eroso sentitu ziren etxekoak. Hori bai, haiek ere ez zeuden suziriak jaurtitzeko moduan, eta opariak egin zituzten. Bada, horietako opari bat baliatuta egin zuen banakoa Willian Josek, 40. minutuan. Brasildarrak garbi azaldu zuen lehengo lepotik duela burua.

Gol psikologikoa izan zitekeen hori bigarren zatiari begira, baina, berriro ere, Vila-real nagusi izan zen lehenengo minutuetan. Ordu laurdena bete arte, Realaren zelaian egon zen partidako jokoa, eta nola jokatu ezinda sentitu ziren txuri-urdinak. Dena den, ez zuten pazientziarik eta bururik galdu, eta denborak aurrera egin ahala, jokoa aldatuz joan zen. Garitanok bete-betean asmatu zuen aldaketak egitean: Merino eta Pardoren ordez, Juanmi eta Zurutuza zelairatu zituen, eta ongi atera zitzaion apustua.

Gutxinaka, gora begira hasi zen Reala, eta Vila-realek berak ere ez zuen aparteko jokorik azaldu. Horiek hala, gol sena baliatu eta sekulako gola sartu zuen Juanmik, 71. minutuan. Berriro ere erabakigarri suertatu zen Vila-realen defentsak eginiko akatsa, baina aipagarria da aurrelariak azaldutako kalitatea. Azken txanpan, sufritu egin zuten txuri-urdinek, eta Rullik geldiketa ederrak egin zituen, bere mailaren berri emanda. Latz sufritu arren, Realak garaipen ederra lortu zuen Vila-realen zelaian, eta dudarik ez da sendotasun handia daukala Garitanoren proiektuak. Distirarik gabe izan arren, hirunaka batzen hasi da Donostiako taldea, eta, oraingoz, badago baikor izateko motiborik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.