Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Saio bat, tuperrean

2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
El Club del Tupper umorezko sukaldaritza saioaren bigarren atala eskaini zuen astelehenean ETB2k. Bai, sukaldaritza eta umorea nahasten ditu saioak, eta tuper batean sartu. Uste dut metafora horretan topatu dezakezuela saioaren izaera osoa ederki laburbilduta.

Saioan hiru pertsona ezagunedo, Javi Sierra aurkezleak dioen moduan, hiru celebrity elkartzen dituzte. Bakoitzak plater bat prestatu beharko du, tuper batean sartu, eta gainontzeko parte hartzaileei bidali. Horietako bakoitzak baten aldeko botoa emango du, eta, amaieran, Javik berak ere azken botoa bat emango du. Juego de cartas saioan ezagutu genuen askok Javi Sierra sukaldaria. Hitz egin nizuen bere garaian saio horretaz ere, eta onartuko dizuet gehiago gustatu zitzaidala El Club del Tupper hau baino.

Lehen saioan, Juanito Oiartzabal, Julian Iantzi eta Manu Maritxalar elkartu zituzten. Ulertzen dut lehen saiorako telebistan agertzera ohituta dagoen jendea aukeratzea, baina lehen atala bilakatzen den testosterona festa saihestu zitekeelakoan nago. Iantzi ArgiƱano imitatzen, Maritxalar salsa dantzatzen, edo Oiartzabali gauzak gaizki ateratzen zaizkionean, ahotsa nola aldatzen zaion ikusteaz gain, ez zidan askoz gehiago eskaini saioak. Horrez gain, besteren batean ere aipatu izan dizuet ez dudala reality-en tonu lehiakor eta erasokorra atsegin. Partaideak zeintzuk ziren ikusita, bistakoa da ez zela niretzako atalik egokiena. Azpimarratzekoa: Manu Maritxalar iruditu zitzaidan zintzoena eta kirol legez jokatzeko gai izan zen bakarra.

Bigarren saioan tonua erabat ezberdina izan da. Joseba Beloki, Gurutze Beitia eta Carmen Esperanza izan dira gonbidatuak eta uste dut umore mota atseginagoa izan dela, amaiera iritsi arte, behintzat. Partaideak elkartzean, horiek ere bata bestearekin sartzean bilatu dute umorerako bidea. Errepikatzen dizuet agian nire arazoa dela, baina ez dut umorerik ikusten halakoetan.

Niretzat, saioaren grazia bakarra, nahiz eta beraietako batzuk kontrakoa esan, normalean sukaldean ibiltzen ez den jendea lan horretan ikustea da. Bereziki gustatu ez zaidana, aldiz, beste behin, euskaraz erosoagoa arituko zen jendea gaztelaniaz hizketan entzutea da. Bitartean, ETB1en, saio berrien zain jarraitzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.