LEKU-LEKUTAN

Armistiziotik autodeterminaziora

Urtzi Urrutikoetxea -

2018ko azaroak 11
XX. mendeko egunik garrantzitsuenetako baten mendeurrenean gaude, Lapurditik Zuberoara ondo dakizuen bezala, eta Hegoaldeko hispanitatean hain gutxi ezagutzen den legez. Gaur Parisen izango dira munduko buruzagi boteretsuenak. Angela Merkel eta Emmanuel Macron Rhin ibaiaren ertzean elkartu ziren duela astebete, Estrasburgon. Alsaziako hiriburuak laburbiltzen du 1914an Sarajevoko atentatuak piztu zuen hilkintza, eta berriz halakorik ez gertatzeko Europa batuaren konpromisoa. Inperioak erori eta haien uztarrian ziren nazioek estatu berriak sortu zituzten Europan.

Leninek lehendabizi eta Woodrow Wilson AEBetako presidenteak gero azpimarratu zuten autodeterminazio eskubidea, eta hura gauzatzeko lehen unea izan zen I. Mundu Gerraren amaiera. Kontraesanez beteta egon den eskubidea, hasieratik, potentzia galtzaileetako nazioek lortu zuten askatasuna, hala nola eslaviarrek edo arabiarrek, baina ez eskubide bera eskatzen zuten beste hainbat herrik.

Nazio Batuen gutunean ageri da autodeterminazioa, eta bere tratatuetan hitzez hitz dio: «Herri guztiek dute autodeterminazio-eskubidea». «Herri» kontzeptua (people, ingelesez) oso malgua da, horratik, akademian behin eta berriz nabarmendu den legez. 1945ean 50 kiderekin ekin zion Nazio Batuen Erakundeak, egun 193 estatuk daukate aulkia. Kaledonia Berria 194.a izan zitekeen, baina ezetz esan zuten uharteko boto-emaileek duela astebete.

Kaledonia Berriko erreferendumak eztabaida txiki bat piztu du, txiogintzan behinik behin. Deskolonizazio prozesua izateaz gain, metropolitik berariaz populatutako lurraldea ere bai baita Kanaky, kanak indigenak herritarren gutxiengoa bihurtu arte. Horregatik, errolda berezia egin dute erreferendum honetarako. Ohiko sufragio unibertsala mugatzea zalantzan jarri dute batzuek, eta izan da areago mugatu nahiko lukeenik, bestela Frantziak 165 urtez ekarritako demografia koloniala bermatzea delakoan.

Eskubideak ez dira absolutuak, noski, baina sarritan horiek mugatzeko dagoen joerari barne-barnean dirauen katolikotasun dogmatikoaren zantzua hartzen diot. Gaia muturrera eraman eta emakumeen edo beltzen botoa ea bozkagarri den galdetzen dizutenean, funtsean, gehiengoak gutxiengoari —edo norbanakoari— zein neurritan inposa diezaiokeen bere borondatea diote. Tradizio demokratiko handirik gabeko Hego Euskal Herrian irizpide mugatzaileak hartu ordez komeniko litzateke herritarrak ahalduntzera, bozkatzera eta parte hartzera bultzatzea, herriko auzietatik bere herriaren estatusa hautatzeraino. Independentzia ez dela bozkagarri argudiatzea, gezurra izateaz gain, independentzia ez baizik norberak arrazoi izatea hobesten duenaren arrazoibidea ez da.

Pragmatismo liberala izango da, baina Hegoafrikan erreferendum arrazista batek amaitu zuen apartheid-arekin. Zuriek baino ez zuten bozkatu, baina ANCk baietzaren aldeko botoa eskatu zuen, eta Mandelak poza agertu zuen garaipenarekin. Dogmatismoan goxo geratzeak galdeketaren izaera arrazista salatzen gelditzea ekarriko zuen, egoera aldatu gabe arrazoia izatearekin konformatzea, alegia.

Bigarren argumentua are kezkagarriagoa da. Kaledonia Berrian gertatu bezala, badira oso kasu zehatzetan kolonialismoak eta beste elementu batzuek eragindako aldaketa demografikoak: Daytongo akordioen ostean Bosnia-Herzegovinan sortu ziren bi eremu federalek debekatuta daukate sezesioa; Srpska errepublika Srebrenicako eta Bosnia ekialdean egindako sarraskien ondorio da, eta haren sezesioa garbiketa etnikoa bermatzea litzateke. Marokok Sahararen kolonizazioa bultzatu du, eta Israelek palestinar lurraldeena. Orain eta hemen, ez dirudi zilegi aldaketa demografiko horien bidez helburu politikoak lortzea. Baina historian gehiagotan gertatu da: Polonia 200 kilometro mendebaldera mugitu zen 1945ean, eta Silesian ziren ia bost milioi alemanek Oder-Neisse ibaiaren mendebaldera joan behar izan zuten. AEB zein Argentina kolonoek eratutako estatuak dira, Irlandan kolonizazio britainiar protestantea sustatu zuten, eta Turkiako errepublika greziarren garbiketa etnikotik sortua da. Afrikako mugak banaketa kolonialen ondorio dira. Gizateriaren aurkako krimenak denak ere, baina egungo errealitate direnak halaber, eta aldatuko ez direnak.

Kolonialismoa krimena izan zen, baina haren ondorio guztietan ezin da atzera jo, egungo herritarrak zigortzea delako, eta nahi ere nahi ez dutelako. Lakota siouxak ez dira lautada zabalen jabe izango, eta lakotera indartuko bada, egungo siouxek hala nahi dutelako izango da, euskaldunak erresumak eta foruak galdu zirenean erabat independenteak ziren arren. Edozein errepublikanok aitortuko dizu Belfasteko protestante britainiarrak abertzale katolikoak beste eskubide duela Ipar Irlandako etorkizuna bozkatzeko. Erreferenduma zein sufragio-eskubidea zalantzan jartzea arinkeria handiz entzun daitekeen argumentua da. Eta ahaztu egiten du hamar urte ere ez direla Euskal Herrian milaka lagunek hauteskundeetara aurkezterik ez zutela.

Erakusleihoa itsustu zaio

Mende bat Gerla Handia amaitu zela

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna