Roberto Torres. Osasunako jokalaria

«Jokalari langilea naiz; hala diote zenbakiek»

Gaur hasiko du Osasunak sasoia, Sadarren, Espanyolen aurka (22:00, Movistar La Liga). Lagunartekoetan bezain ondo aritzea da helburua. COVID-19a gainditu ostean, Torresek uste du «kosta» egingo zaiola bere maila onena «berreskuratzea».

MIKEL SAIZ / OSASUNA.
Iñaki Berastegi.
2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Jagoba Arrasateren Osasunaren hirugarren denboraldia izango da jarraian Lehenengo Mailan, eta helburua, azken urteetan bezala, mailari eustea dute. Roberto Torresek (Arre, Nafarroa, 1989) uste du ezen, taldea gauzak «ondo» egiten ari den arren, «hanka sartze galanta» litzatekeela erlaxatzea.

Denboraldi-aurrea amaituta, nola dago taldea?

Sentsazioak onak dira. Azken urteotan, taldea denboraldi batetik bestera ez da asko aldatu. Fitxaketa batzuk egin dira, eta udako sasoia aprobetxatu dugu elkar ezagutzeko eta denboraldi berrirako oinarri sendoak jartzeko. Gaur-gaurkoz, ikusi dugunak itxura ona dauka. Talde oso lehiakorra daukagula iruditzen zait, baina denboraldiak baieztatuko digu, edo ez, pentsatzen dugun hori.

Liverpoolen aurkakoa ez beste lagunarteko guztiak irabazi dituzue. Partida ofizialak ez badira ere, beti da ona irabaztea, ezta?

Prestaketarako partidak izanagatik ere, beti da ona irabaztea, bai. Dena den, argi geneukan emaitza txarrek ezin zutela estali lan ona, eta, aldi berean, emaitza onak izateak ez duela esan nahi ez dagoela ezer hobetzeko. Zaleengan ilusioa sortzeko balio dezakete garaipen horiek, baina denboraldi-aurrean garaipenak ez dira garrantzitsuena.

Oraingoz, datorren denboraldirako bost jokalari fitxatu ditu klubak, nahiz eta horietako bi aurreko denboraldian taldekide izan zenituen. Taldea gutxi aldatzea seinale ona da?

Bai, aukera ematen duelako berriak direnek moduaren oinarriak azkar barneratu ditzaten. Alde horretatik, beste hainbat talden aldean, abantaila txiki bat izan dezakegu. Kontratu berritzeekin eta fitxaketekin egonkortasuna eman zaio proiektuari.

Ante Budimir fitxatzeko, zortzi milioi euro ordaindu ditu klubak, eta Jon Moncayola hamar urterako berritu du, besteak beste. Kasu esanguratsuak dira?

Taldea mantentzea garrantzitsua da. Moncayolaren kasua oso adierazgarria da, ez baita ohikoa hamar urterako kontratua berritzea. Klubak erakutsi du konfiantza baduela harengan, eta luzerako apustua dela. Beti pentsatu izan dut zenbat eta etxeko jokalari gehiago izan orduan eta hobe dela, nahiz eta azken urteetan kanpotik etorri diren jokalari asko izan ditugun etxekoen konpromiso berberarekin. Budimirri dagokionez, ordaindutako kantitateagatik gehienbat, ez da ohikoa Osasuna bezalako klub txikibatek horrelako fitxaketa bat egitea. Ondo aritu zen, eta gol asko sartu zituen. Ea datorren denboraldiaren atarikoan esan dezakegun fitxaketa arrakastatsua izan dela.

Chimy Avila, Kike Garcia, Budimir eta Barbero dira taldeko aurrelariak. Azken urteetako aurreko lerrorik indartsuena du taldeak orain?

Ez dakit taldean nagoenetik horren aurreko lerro indartsua izan ote dugun: ez dut uste. Gauzak oso ondo egin dira. Budimirrekin batera, Kike Garcia fitxatuz bete-betean asmatu dela uste dut. Jokatzeko modua oso ondo datorkio, eta aldagelan ere oso ondo sartu da: oso langilea eta umila da. Chimyri dagokionez, espero izan dezagun berriz ere haren onena ikustea. Ez da erraza, egoera zaila bizitzea egokitu baitzaio bi lotailu gurutzatuak apurtu eta gero.

Lagunartekoak ikusita, pentsa daiteke Budimirrek jokatzen duenean taldeak aurrelari bakarrarekin jokatuko duela, eta, bestela, Chimy Avila eta Kike Garcia batera ariko direla?

Denboraldi-aurrea probak egiteko baliatzen da. Ez dut uste Jagobak taldea erabat itxia duenik oraindik, oso maila onean ari garelako guztiok lanean. Seguru nago lehenengo deialdia eta hamaikakoa egiteko buelta asko eman dizkiola buruari: albiste oso ona da hori.

Hirugarren denboraldia jarraian du taldeak Lehen Mailan. Egonkortuta ikusten duzu? Helburua mailari eustea da, edo anbizio handiagoa izan behar du taldeak?

Helburua mailari eustea da, zalantzarik gabe. Gauzak ondo egin ditugu azken bi denboraldietan, baina erlaxatzea hanka sartze galanta litzateke: mailari eustea baino helburu handiago bat jartzea hanka sartzea da. Egun, liga hasi gabe dela, helburu handiagoez hitz egitea absurdoa da. Nondik gatozen eta nor garen jakitea oso garrantzitsua da.

Beraz, hobe ez galdetzea Europako lehiaketetarako sailkatzeko aukerei buruz.

Inork ezin digu amets egitea galarazi, baina... Pixkanaka joan behar dugu, eta denboraldia aurrera joan ahala ikusiko dugu noraino hel gaitezkeen, baina garrantzitsuena mailari eustea da. Osasunaren elastikoarekin Europako partidak jokatzearekin amesten duen lehendabizikoa naizen arren, ez da horri buruz hitz egiteko garaia.

Udako lansaioekin hasi eta berehala, COVID-19arekin kutsatu zinen. Erabat osatu zara?

Zaila izaten ari da. Hirugarren egunean positibo emateak hankaz gora jarri zidan dena. Sintoma asko izan nituen, eta nahiko izorratuta egon nintzen: hamabi egun eman nituen batere kirolik egin gabe. Orain, geldialdi hori nabaritzen ari naiz. Kostako zait nire sasoirik onena berreskuratzea. Orain urruti nago, baina lasai egon behar dut. Badakit nolakoa naizen, eta seguru nago nire onena emateko gai izango naizela laster.

Atsedena, elikadura eta bakarkako entrenamenduak asko zaintzen dituzu?

Oso barneratua dudan zerbait da, goi mailako kirolari izateko funtsezkoa baita. Badakit fisikoa ez dela nire bertuterik onena, eta, sasoiko ez banago, beste gabeziak are gehiago ikusten zaizkidala. Oso profesionala eta zorrotza naiz atsedenari, elikadurari eta entrenamenduari dagokienez. Denoi gustatzen zaigu gure lanean dena ematea eta disfrutatzea. Ez bazaude sasoiko, ez duzu gozatzen.

Lehenengo taldearekin jokatuko duzun bederatzigarren denboraldia izango da, eta, guztietan, 30 partidatik gora jokatu dituzu, gutxienez. Zaila da ia beti jokatzeko prest egotea?

Zaila ez: oso zaila da. Jokatzeko prest egotea da gure lana, eta gero entrenatzaileak erabaki behar du. Hori betidanik oso argi izan dut, eta entrenatzaile izan dudan edozeinek esango dizu hori. Enrique Martin Monrealek esan ohi zigun jokalarioi entrenatzeagatik ordaintzen digutela, eta ondoren entrenatzaileek erabakitzen duela nork jokatzen duen eta nork ez.

Azken bi denboraldietan hamalau gol sartu dituzu, eta bederatzi asistentzia eman. Nola ikusten dituzu zure bi azken sasoi horiek?

Oso pozik nago, eta ez bakarrik estatistikek diotenagatik. Erasoko jokalarien betebeharretako bat da golak sartzea eta asistentziak ematea. Halere, taldeari defentsan eta presioan ematen diodan lanarekin are harroago nago. Askotan leporatu didate jokalari mota bat izatea, baina ni oso lasai nago alde horretatik, zenbakiek nire alde egiten dutelako. Jokalari langilea naiz, eta hala diote zenbakiek; taktikoki ere azkarra naizela uste dut.

Hari horri tira eginez, Oier Sanjurjori eta zuri kritikak egin dizkizuete askotan. Pertsona, jokalari eta kapitain gisa maitatua eta errespetatua sentitzen zara?

Jendeak erantzun beharko luke hori. Denetarik entzun behar izaten dugu. Zelaian gaudenean, giroa edo zalaparta egonagatik ere, gauza asko entzuten dira. Beti ahal dudan guztia eman dut, eta, hobeto edo okerrago jokatu dena ematen baduzu, uste dut ezin dizutela ezer aurpegiratu. Beti esan izan dut entrenatzaile guztiekin jokatu dudala, eta gutxi-asko, titular izan naiz gehienekin. Osasunaren elastikoarekin partida gehien jokatu dituzten hamar jokalarien artean nago: hori ez da kasualitateari edo zorteari esker lortzen.

Iaz 2023ra arte berritu zenuen kontratua. Europan aritzeaz gain, beste zer amets bete nahiko zenuke elastiko gorritxoa soinean duzula?

Pausoz pauso joan nahi dut, urte bakoitza oso desberdina delako. Baina ez naiz tontoa, eta, estatistikak errepasatzen hasten naizenean, ikusten dut denboraldi honetan bertan marka pare bat ondu ditzakedala. Azken urteetako zenbakiak mantenduz gero, Patxi Puñalen atzetik, Osasunarekin partida gehien jokatu dituen bigarren jokalaria izan naiteke. Horrez gain, golei dagokienez, goiko postuetan amaitu dezaket. Baina helburu nagusia, berriro diot, Lehen Mailan jarraitzea dela, maila horretan disfrutatzen baita futbolaz gehien. Klubarentzat, zaleentzat, hiriarentzat eta guretzat hori da garrantzitsuena.

Espanyolen aurka hasiko duzue gaur denboraldia. Nolako partida espero duzu?

Bigarren Mailako txapeldunak dira, eta, guk bere garaian egin bezala, joera positibo hori baliatu nahiko dute. Futbolean oso ongi jokatzen dakien talde bat da, baina guk ere oso argi dauzkagu gure jokatzeko ideia eta modua. Partida zaila izango da.

Gaurtik aurrera, zaleak Sadarrera itzuliko dira. Denboraldiari begira, garrantzitsua izango da?

Bai, dudarik gabe. Gainontzekoen aldean, gure zaleak oso desberdinak dira: oso zale leialak ditugu, eta babesa ematen digute egoera txarretan zein onetan. Anfielden zale askoren aurrean jokatzea apur bat arraroa izan zen, eta, Sadarrera oraingoz horrenbeste jende sartuko ez den arren, giroa izango dugu, ziur. Oso garrantzitsua izango da guretzat harmailetan jendea ikustea.

Zein postutan bukatuko duzue Liga?

Gustatuko litzaidake hamargarren eta hamabigarren postu artean amaitzea. Ondo baino hobeto legoke hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.