Mario Draghi Euroaren salbatzailea

Zor subiranoen krisi betean iritsi zen Mario Draghi Europako Banku Zentraleko buruzagitzara. Kritikak kritika, garai zailetan neurria eman zuen bankari gisa geldituko da euroaren historian, esan beharrekoa eta egin beharrekoa egiteagatik.

Irune Lasa.
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Mario DraghikEBZko presidente kargua hartu zuen garaian, 2011. urteko azaroan, bazirudien euroarenak egin behar zuela; bankuen hondoratzeei eta haren ondorioei aurre egiteko gaitasunik gabe, kinka larrian, kiebra jotzear zen Grezia, eta 2012ak aurrera egin ahala, areagotuz zihoazen zalantzak Espainiaren, Italiaren eta Portugalen egoeraz. Hilabeteak igaro ziren baten eta bestearen arrisku sariei so. Eta arriskua ez zen herrialde haietara mugatzen, haien patuak erabat baldintzatzen zuelako euroaren beraren etorkizuna.

Ez zen baztertzen ere euroak bere bidea Europa hegoaldeko herrialde horiek gabe egiteko aukera. Euroguneko beste kideak, behintzat, ez zituzten oso lagungarri; Alemaniak berak ez zuen erruki handirik agertu estutasunean zebiltzan bazkideekiko—nola ahaztu Wolfgang Schaueble finantza ministro zorrotza—.

Dibisa merkatuetan, berriz, euroaren truke balioak behera egingo zuela aurreikusten, inbertsiogile espekulatzaileak abagune egokienaren zain zeuden, diru bakarraren kontra apustu egiteko.

Beharbada egoera muturrera iristen ari zela pentsatuko zuen Mario Draghik, 2012. urteko uztailean Londresen eman beharreko mintzaldia prestatzerakoan. Banku zentraletako buruek arreta berezia jarri ohi dute euren adierazpenetan, merkatu buruarinak askorik ez aztoratzeko.

Denborak erakutsiko zuen, orduko hartan behintzat, Draghik asmatu zuela hitzak aukeratzeko orduan: «Bere aginduen barruan, EBZ prest dago beharrezkoa den guztia egiteko euroa babesteko, eta, sinets iezadazue, asko egin daiteke». Hitz haiek espekulazioari bidea moztu zioten, eta nolabaiteko mugarri izan ziren zor subiranoen krisia gainditzen hasteko.

Esan eta egin. Ordura arte EBZren diru politikan ikusi gabekoei ekin zien Draghik, diru emaria handituz, beharrean zeuden banku eta herrialdeak lagundu nahian. Draghi dagoeneko hasia zen aurreko presidenteak egindako hanka sartzeak konpontzen —finantza krisi betean, Jean Claude Trichetek birritan igo zituen interes tasak—, eta pixkanaka erreferentziazko interes tasak jaisten jarraitu zuen. Zortzi urteko agintaldi osoan ez du tasarik igo.

2014ko ekainean bere dirua hartu eta maileguak emateagatik EBZ praktikan bankuei ordaintzen ari zen; aldi berean, jada negatiboak ziren gordailuentzako interesekin, aktibo erabilgarriak banku zentralean gordeta izateagatik bankuak zigortzen ari zen. Eta 2015eko urtarrilean, diru gehiago jaulki eta gobernuen zor publikoa erosten hasi zen. EBZk dirutza —2,6 bilioi euro— erabili du, besteak beste, gobernuek ordaindu beharreko interesak arintzeko.

Neurri horiek inflazioa eragingo zutela eta ahots kritiko asko izan zituen kontra Draghik, baina haiei muzin egin zien eta bereari eutsi. Oraingoz, kontsumo gaien prezioek arrazoia eman diote, eta inflazio handirik ez dago eurogunearen ikusmiran. Kontrara, ekonomia ondo bidean izateko teorian ideala den %2ko inflazio tasarik ez du ikusi EBZk aspaldian. Draghiren agintaldia osoa tasa beti egon da helburu horren azpitik. Edonola ere, Draghiren ostean, EBZ inflazioa kontrolatzeko erakundea baino zerbait gehiago da.

Oraintsu arte ere, ez dira gutxi izan interes tasak igotzeko iradoki diotenak. Batetik, interes tasa txikiekin edo negatiboekin euren negozioa murriztuta urteak daramatzaten bankuak daude, eta, bestetik, tasak hutsean edo negatiboan izanda, EBZk ekonomiaren motelaldi berri bati aurre egiteko tresnarik gabe dagoela dioten ahotsak, alemaniarrak batez ere.

Draghik, badu ordea, EBZko buruzagitzan bete ez duen gurari nagusi bat: atzeraldiei edo shock-ei aurre egiteko zailtasun gehien izan ditzaketen euroaren eremuko herrialde ahulenei laguntzeko eta sendotasuna emateko euroguneko aurrekontu bateratu bat. Ez zegoen haren menpe, politikarien eskuetan baizik. Eta Alemania eta austeritatearen aldeko beste herrialdeak ez daude prest beren dirua horretan jartzeko, eta lehiakortasuna bultzatzeko azpiegitura eta erreformetarako funts deskafeinatu bat soilik onartu diote.

Horregatik, agian, egin beharreko guztia baino gehiago, ahal duen guztia egin duela pentsa lezake ekonomista italiarrak.Horrekin, nolanahi ere, irabazi du euroaren salbatzaile izendapena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.