Reala 1-0 Celta

Bakarra, eta nahikoa

Realak Celtari irabazi dio, eta bolada txarra eten du. Oiartzabalek sartu du gola, lehen zatian. Rafaelek debuta egin du txuri-urdinekin, eta Isakek min hartu du

Atzean, Isak, Oiartzabal eta Gebara, eibartarraren gola ospatzen. Lehen planoan, Rafael; brasildarra atzo estreinatu zen Realarekin. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Oiartzabalek (13. min.). Epailea. Cuadra Fernandez. Txartel horiak: Realeko Porturi, Aritzi, eta Merinori; eta Celtako Minari, Aspasi, eta Thiagori. Bestelakoak. 27.938 ikusle Anoetan.

Zazpigarrenean, bai. Realak irabazi egin du ligan, azaroaz geroztik estreinako aldiz. Txuri-urdinek Celta menderatuta lortu dute bolada eskasa etetea. Gol batnahikoa izan zuten donostiarrek, hiru puntuak batu eta mamuak uxatzeko. Mikel Oiartzabal kapitainak sartu zuen, partida hasi eta gutxira. Lehen zatian norgehiagoka bideratuta, bigarrenean sendo jokatu, eta garaipena lortu zuten donostiarrek. Merezita irabazi zuen Realak.

Ezusteko batek zipriztindu zuen neurketaren atarikoa. Partidaren aurretik, antigeno probak egin zizkieten jokalariei, eta David Silvak positibo eman zuen koronabirusean. Erdilaria deialditik kanpo geratu zen. Kontuak horrela, Imanol Alguacil teknikariak asmoak moldatu egin behar izan zituen, eta Rafael Alcantarari hasieratik jokatzeko aukera eman zion. Brasildarrak lehen aldiz jantzi zuen elastiko txuri-urdina, eta sarri parte hartu zuen jokoan. Bere balioa erakusteko baliatu zuen.

Imanolek hura eta Ander Gebara hautatu zituen berritasun gisa. Gasteiztarrarekin zelai erdiko lehia irabaztea zuen xede, eta eremu horretan gailenduta heldu zen garaipenaren gola. Mikel Merinokpase luzea eman zion Oiartzabali, eta eibartarra, baloia oinei itsatsita, areara gerturatu zen. Haren lehen jaurtiketa Dituro atezainak geratu zuen, baina alderatzea sareetara bota zuen kapitainak. Neurketako 13. minutuan aurreratu zen Reala.

Behin abantaila hartuta, jokoa moteldu egin zen. Celtak baloi jabetza handiagoa zuen, baina eroso ari ziren etxekoak. Are, kontrarioaren atera jaurti zuen talde bakarra izan zen Imanolena.

Hala igaro zen lehen zatiko zatirik handiena. Arrisku gehiegi gabe. Saiatu ziren txuri-urdinak, bai hegaletatik, bai zelai erditik. Jokaldi haietako batean min hartu zuen Alexander Isakek. Eskuin hegalean baloi bat lehiatzen ari zela lurrera jausi zen. Handik minutu gutxira aldatu egin behar izan zuten. Cristian Portuk ordeztu zuen. Hortik eta atsedenaldira artean, ez zen deus aldatu partidan. Reala ondo kokatuta egon zen zelaian, eta Merinok aldea handitzeko aukera izan zuen etenaren atarian, baina haren errematea kanpora joan zen.

Sendo, baina tentuz

Bigarren zatiari ere ondo ekin zion Realak. Txuri-urdinek kontrolpean izan zuten Celta, eta galiziarrek gutxitan egin zuten erasora. Alex Remiro lasai antzean aritu zen neurketaren zati handi batean. Aldiz, donostiarrek aldez edo moldez egin zituzten saialdiak, eta errenta handitzear izan ziren. Aritz Elustondok gola sartu zuen 60. minutuan. Beasaindarrak sareetara errematatu zuen Adnan Januzajek egindako erdiraketa, baina epaileak jokoz kanpokoa adierazi zuen. Aritz apur bat aurreratuta zegoen.

Sendo ari zen Reala. Celtak ez zuen estutu, eta gertuago zegoen etxekoen bigarrena, berdinketa baino. Rafaelek eduki zuen bere lehen gola sartzeko abagunea, 66.ean, baina ez zuen lortu. Hortik aurrera ere Imanolenak nagusi izan ziren, baina abantaila murritza zen, eta bisitarien eraso bakoitzak sufriarazi egin zion, nahiz arriskua tantaka sortu.

Azken minutuetan, Celtakapur bat estutu zuen, baina txuri-urdinek eutsi zioten. Remiro ere ondo aritu zen atepean. Azkenerako, Oiartzabalen golak balio izan zuen, eta Realak irabazi egin zuen. Zazpi partidaren ostean, garaipenaren bidera itzuli zen.

Clemente, Realera

Partidako atsedenaldian, Realak fitxaketa baten berri eman zuen. Enrique Clemente Donostian ariko da sasoia amaitu artean, Zaragozak utzita. Klubak erdiko atzelaria erosteko ahalmena izango du ekainean. Hasieran, Reala B-n ariko da Clemente, nahiz eta lehen taldearekin ere aritu daitekeen. 22 urteko futbolaria da, eta, erdiko atzelari gisa aritzeaz gain, ezker hegalean jokatu dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.