Alaves 1-0 Rayo

Argi izpi bat ikusten da

Alavesek Rayori irabazi dio Mendizorrotzan, Joseluk sartutako gol bati esker. Arabarrek lau puntura dute Mallorca, eta haren zelaian jokatuko dute etzi

Alaveseko jokalariak, Joselu Mato aurrelariak sartutako gola ospatzen, atzo, Mendizorrotzan. L. RICO / EFE.
Julen Etxeberria.
2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Joseluk (64. min.). Epailea. Martinez Munuera. Txartel horiak: Alaveseko Escalanteri eta Duarteri; eta Rayoko Ntekari, Marasi eta Isiri. Txartel gorriak: Rayoko Balliuri (88. min.). Bestelakoak. 10.165 ikusle Mendizorrotzan.

Argi izpi bat ikusten da Gasteiz aldean. Alavesek 1-0 irabazi zion atzo Rayo Vallecanori Mendizorrotzan, eta, horri esker, bete-betean jarraituko du mailari eusteko lehian. Kinka larrian dago oraindik ere, liga amaitzeko sei jardunaldiren faltan lau puntura baitu jaitsieratik salbu dagoen azken taldea: Mallorca —3-0 galdu zuen atzo Elxen aurka—. Baina ezinezkoa da suspertzea eta gora egitea irabazi gabe, eta Arabako taldeak bi hilabete luze zeramatzan garaipenik lortu gabe. Lortu du bolada txarra etetea, Julio Velazquez aulkian eseri den bigarren partidan. Lehen pausoa da, baina asko falta zaizkio emateko. Bide luze eta oso malkartsua du aurrean. Behetik gora egin beharko du helburua lortzeko: beste urtebetez Espainiako Lehen Mailan jokatzea.

Hain zuzen, behetik gora eginda irabazi zuen atzo. Behetik gora, lehen minutuetan Andoni Iraolak zuzendutako taldea goitik behera nagusitu baitzitzaion etxekoari. Indartsu zelairatu ziren bisitariak, presio itogarria eginez. Bikain atera zitzaien apustua: batetik, erraz iristen ziren Alavesen area ingurura; eta, bestetik, etxekoak nekez ailegatzen ziren kontrarioaren zelaira: hamar minutu behar izan zituzten zelai erdia gainditzeko.

Lotuta zeuden Velazquezek zuzendutako jokalariak, presioak lotuta. Rayok zuen baloia, eta, horri esker, baita neurketaren aginte makila ere. Etxekoen zorionerako, ez zuten nagusitasun hori gol bat sartuta indartu. Gertu izan zuten, aurreneko zatia amaitzear zela, baina Fernando Pachecok geldiketa bikaina egin zion Sergi Guardiolari. Ikusgarri aritu zen Stole Dimitriveski ere, hurrengo jokaldian zutoinaren laguntzaz Joselu Matosen ahalegina zapuztuz. Hala, golik gabe amaitu zen lehen zatia. Indartsu ekin zion Rayok lehiari, baina nagusitasun hori jada ez zen horren agerikoa.

Velazquezek Manu Garcia zelairatu zuen atsedenalditik bueltan, Jason Remeseiroren ordez. Baloia izan nahi zuen entrenatzaileak. Nahi eta lortu, eta pixkanaka gora egin zuen Alavesek, eta arriskua sortzen hasi zen. Joseluk bigarren abisua eman zuen 53. minutuan, baina Rayoko atezainak berriro gelditu zuen aurrelariak eskuin boleaz egindako jaurtiketa. Hirugarren ahaleginean lortu zuen helburua. Urrutitik jaurti zuen, eta ezustean hartu zuen Dimitrievski. 1-0. 64. minutua zen. Bolada txarrean zebilen aurrelaria, baina taldeak gehien behar zuenean azaldu zen. Hamahirugarren gola du ligan; taldeak sartutakoen erdiak baino gehiago.

Gola sartuta, aldeari eustea izan zuten helburu etxekoek. Lortu zuten. Azken minutuetan ezer gutxi jokatu zen. Gogortu egin zen jokoa. Horrela, epaileak Ivan Balliu kanporatu zuen, Ruben Duarte zapaltzeagatik.

Amaieran, poza nagusitu zen zelaian eta harmailan. Argi izpi bat ikusten da. Askoz gehiago ikusiko dira asteartean Mallorcaren zelaian irabaziz gero. Garaipenak konfiantza handia emango dio. Halaxe uste du Velazquezek ere: «Hiru puntu hauek bete-betean sartzen gaituzte lehian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.