Errusiako Munduko Kopa. Suedia 0-2 Ingalaterra

Burukadak eta Pickford

Suedia kanporatu, eta finalerdietarako sailkatu da Ingalaterra, 28 urte geroago. Atezaina erabakigarria izan da berriro
Stones eta Pickford, garaipena ospatzen, atzo.
Stones eta Pickford, garaipena ospatzen, atzo. FELIPE TRUEBA / EFE

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko uztailak 8
Golak. 0-1: Maguirek (30. min). 0-2: Dele Allik (58. min). Epailea. Bjoern Kuipers (Herbehereak). Txartel horiak: Suediako Guidettiri; eta Ingalaterrako Maguireri. Bestelakoak. 39.991 ikusle Samara Arenan.

Urte asko zeramatzan Ingalaterrako selekzioak txapelketa nagusiei bizkarra emanda. Etsipena etsipenaren atzetik zen pilatua Eurokopako eta Munduko Kopako azken aldietan. Izan ditu maila eta esperientzia handiko jokalariz osatutako taldeak, baina 1996ko Eurokopatik zen nazioarteko lehiaketa batean final-laurdenak igaro gabea, eta Munduko Kopan orain 28 urte izan zen azkenekoz finalaurrekoetan, Italian. Aurreikuspenak ez ziren onegiak aurtengo Munduko Kopari begira, Errusiara zaildu gabeko belaunaldi batekin aurkeztu baitzen Gareth Southgatek zuzenduriko taldea. Bada, kalkulu eta madarikazio guztiak apurtu zituen atzo, finalerdietarako sailkatu baitzen, Suediari nagusitasunez irabazita. Kroazia izango du aurkari finalaren atarian.

Futbola, funtsean, oinekin jokatzen den kirol bat da, baina eskuek eta buruak ere badute zeresana. Galde diezaiotela bestela Ingalaterrari. Izan ere, Jordan Pickforden geldiketak eta goikako jokoa giltzarri ari dira izaten Southgaten taldearentzat. Pickfordek geldiketa erabakigarria egin zuen final-zortzirenetako penaltien txandan, eta atzo erakustaldi gogoangarria eman zuen. Arrisku gutxi sortu zuen Suediak, baina atera jaurtitzea lortu zuenetan atezain ingelesaren eskuekin egin zuen topo. Hura gabe, dezentez gehiago izerditu beharko zuen Ingalaterrak Suedia azpiratzeko. Hiru gelditu ikusgarri egin zituen bigarren zatian, eta, hala, ingelesek buruz lortutako errentari eutsi zioten. Aireko jokaldiak ezin hobeto ari da ustiatzen Ingalaterra, atzoko lehian ondo ikusi zenez. Buruz lortu zituen lehiako bi golak: lehena Maguirek, Youngek ateratako korner batean (30. min), eta bigarrena Dele Allik, kasik jauzi egin behar izan gabe, Lingarden erdiraketa neurtua profitatuz (61. min).

Southgatenek ez zuten partida ikusgarririk jokatu, baina beharrik ere ez zuten izan itxura oso eskasa eman zuen Suediaren kontra. Eskandinaviako taldeak meritu handiko bidea egin du final-laurdenetaraino, eta atzo aukera zuen 24 urte geroago Munduko Kopako finalerdietarako sailkatzeko. Haatik, alferrik galdu zuen abagunea, nehoiz ez baitzuen Ingalaterraren nagusitasuna kolokan jarri. Zilegi da defentsako jarduna lehenestea, baina nekez irits daiteke urrutira erasoan ezer proposatu gabe. Une askoan lau pase jarraian emateko kapaza ere ez zen izan Suedia, eta merezita hartu zuen etxerako bidea. Lehen zatian lerroak atzean paratu, eta baloikadak eman besterik ez zuen egin. Ingalaterrari ere nahikotxo kosta zitzaion jokaldiak harilkatzea. Horregatik, ez zen ikusleak laketzeko moduko norgehiagoka izan.

Maguire eta Alliren golak

Gola, iristekotan, geldikako jokaldiren batean irits zitekeen bakarrik, eta hala gertatu zen, lehen ordu erdia betetzean: Youngek kornerra atera, eta Maguirek burukada zehatz batekin gainditu zuen Olsen. Aurrez aukerarik sortu gabea zen Ingalaterra, Kanek areaz kanpotik egindako jaurtiketa gurutzatu bat salbu. Golak ez zuen Suedia kitzikatu, eta lanik ez zion eman Pickfordi, harik eta atsedenetik bueltan suspertu zen arte. Banakoa egiteko aukera paregabea izan zuen Bergek, baina haren burukadari luzatu ikusgarri batekin erantzun zion Pickfordek. Nolanahi ere, gutxi iraun zuen suediarren oldarraldiak, eta berandu gabe berreskuratu zuen aginte makila Ingalaterrak. Hala, Allik bigarrena sartu, eta partida itxi zuen. Aldea murriztear izan ziren Claesson eta Berg, baina Pickford ez zegoen txantxetarako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna