Amaia Amantegi. Mendi korrikalaria

«Inoiz ez nuen amestu ere egingo halako zerbait lor nezakeenik»

Unai Ugartemendia.
Tolosa
2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Lasterketa ondo ezagutzen zuen Amaia Amantegik. Aurretik ere podiuma egitea zer zen ederki zekien berangarrak, azken bi urteetan hirugarren postuak lortu baitzituen. Denboraldi bikaina egiten ari da korrikalari bizkaitarra. Lehen aldiz irabazi du Euskal Herriko Txapelketa, eta marka ezarri du Tolosaldeko Hiru Tontorretan (4.48.36). Nabarmentzekoak dira, alde batetik, hamazazpigarren izan dela sailkapen nagusian eta, bestetik, Erroizpeko jaitsieran egindako denbora.

Hirugarren aldia izan duzu Tolosan. Nola joan da aurtengo lasterketa?

Hasieran bigarren postuan joan naiz, Irurako jaitsieran Natalia Gomez harrapatu dudan arte. Handik aurrera, nire lasterketarekin jarraitu dut. Oso sentsazio onekin joan naiz une oro, eta oso pozik amaitu dut. Helburu nagusia hori zen, sentsazio onekin amaitzea, azkeneko bi urteetan azkeneko zatian oso gaizki sentitu izan naizelako. Aurten ez dut inolako arazorik izan ibilbide guztian.

Natalia Gomezek lau minuturen aldea atera dizu lehen igoeran. Zu, hala ere, ez zara itsutu.

Banekien Gomez oso indartsu zegoela eta nire aurretik joango zela, baina, era berean, banekien oso lasterketa luzea dela eta edozer gauza gerta zitekeela.

Zein asmorekin atera zara?

Nik, hasiera batean, bost ordu eta erdi edo bost ordu eta laurden inguruan ibili nahi nuen, eta helburu horrekin atera naiz. Ondo sentitzen ari naiz lasterketetan; urtea biribila izaten ari da: Nafarroa Xtremen eta Tozal de Guaran irabazi eta gero, garaipen hau ederra izan da.

Aurreko bi urteetan hirugarren amaitzea lortu zenuen. Lasterketa ezagutzeak asko lagundu al dizu?

Bai, asko. Jaisten oso ondo sentitu naiz, eta igotzen ere iaz baino askoz ere hobeto ibili naiz.

Zer izan da zuretzat txapela?

Izugarrizko poza izan da niretzat. Inoiz ez nuen amestu ere egingo nik horrelako zerbait lor nezakeenik.

Sorpresa izan al da zuretzat irabaztea?

Bai, egia esan, bai. Ez nuen irabaztea espero, eta are gutxiago marka jartzea. Erroizpe igo dudanean ikusi dut posible zela marka jartzea, azken jaitsiera azkar eginez gero agian sar nintekeela. Halaxe izan da.

Ederki erakutsi duzu distantzia luzeetan ondo moldatzen zarela. Ultra distantzian ikusiko al zaitugu etorkizunean?

Aurten behintzat ez [barrezka]. Ikusi egin beharko da, baina badut zerbait probatzeko asmoa. Datorren urterako ez dut ezer baztertzen.

Nori eskaintzen diozu txapel hau?

Mutil-lagunari gehienbat. Garai txar asko izan ditut, eta bera beti izan dut alboan, animoak ematen. Berari eskaintzen diot txapel hau, zalantzarik gabe.

Non ikusiko zaitugu hurrengo hilabeteetan?

Hurrengo erronka Chamonixko [Frantzia]maratoia izango da, hemendik bi astera. Izugarrizko parajeak dira hangoak, eta gozatu egin nahi nuke. Aurrerago Tenako maratoia [Panticosa, Espainia] egiteko asmoa dut. Tartean agian beste lasterketaren bat ere egingo dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.