Baten sasoia, bestearen nortasuna

Reala partidarik galdu gabe ailegatu da derbira; Athleticek, berriz, bat baino ez du irabazi. Dena den, Igor San Miguelek eta Eba Ferreirak uste dute «orekatua eta lehiatua» izango dela gaurko partida.

ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Taldeen boladak kontuan hartuta, Igor San Miguel Realeko Realeko entrenatzaile ohiak eta Eba Ferreira Athleticeko jokalari ohiak uste dute Reala hobeto iritsiko dela gaurko derbira. Baina biek nabarmendu dute Athleticek beti jakin izan duela derbietan lehiatzen. Beraz, derbi irekia espero dute. «Inoizko berdinduena, nire ustez», gaineratu duSan Miguelek.

Ferreirak onartu du ez diola nahi beste erreparatu ahal izan taldearen jardunari. «Ez dute denboraldia ondo hasi. Baina futbolari nintzen garaian bezala, ni baikor nago. Uste dut entrenatzaile berriaren ideiak eta jokatzeko era barneratu ahala ikusiko dela taldeak duen kalitatea».

Hasiera kaskar horretan multzoa gaztetzen aritzeak ere eragin izan dezakeela azaldu du.«Eskarmentua zuten jokalariak erretiroa hartuz joan dira pixkanaka. Gero eta gutxiago geratzen dira. Behetik datozenak lekua hartzen ari dira, eta pazientzia izan behar da, ez baitute eskarmenturik. Talde guztiek dute prozesu hori, eta ezin gara urduri jarri. Gazteei konfiantza eman behar diegu. Ezin dugu gure filosofia galdu, hori baita Athleticek duen gauzarik baliotsuena». Gazte horiek gora iristeko «dena» dutela berretsi du. «Nik 17 urte arte itxaron behar izan nuen futbolean baldintza duin batzuetan jokatzeko. Orain, gazteek erraztasun guztiak dituzte, eta, horrela, iritsi edo ez,errazagoa da bidea»

Uste du derbia «inflexio puntua» izan daitekeela zuri-gorrientzat. «Ez galtzeak gora egiteko konfiantza eman diezaieke». Reala momentu hobean ikusten du. «Talde ona osatu du, eta gehienek faborito dela diote. Hori ona izan daiteke Athleticentzat, haiek gehiegizko konfiantzarekin zelairatu daitezkeelako, eta Athleticek beti jakin izan duelako derbiak jokatzen eta lehiatzen». Uste du zuri-gorriek «bihotzarekin» jokatu behar dutela garaipena lortzeko. «Halako partidak barruarekin jokatu behar dira, zentzumen guztiekin, eta dena eman. Garbi izanda Athleticen daudela, egon daitezkeen talderik onenean. Duten nortasuna erakutsi behardute».

Ezaugarri horiek islatzen dituen jokalaria Erika Vazquez dela uste du.Baina gaur ez da izango Anoetako zelaian: «Pena da ezin jokatzea, neurketei beti eman baitie beste abiadura bat. Eskarmentu handia du, gainera, eta gutxi lehiatzen dira hura bezala. Derbietan, gainera, beti moldatu da ondo». Baina falta direnetan pentsatu gabe, Nekanek ere min handia egin dezakeela uste du. «Kili-kolo ibili da, baina ziur nago dena emango duela, eta jokatzeko irrikaz egongo dela».

Txuri-urdinen aldetik, gakoa orain arte erakutsi duten «sendotasun mentalari» eustean egongo da, San Miguelen aburuz. «Gainontzean, joko aldetik oso ondo ikusten dut taldea. Konfiantza handiz dago, eta, horri eusten badio, aukera izango du irabazteko. Aurrean kalitate handiko jokalariak ditu, eta azken denboraldian ere urrats nabarmena egin du defentsako lanean».

Baina zuhurtziaz ere mintzatu da. «Detaile txikietan erabaki daiteke lehia, eta Athletic hor ondo moldatzen da. Beraz, adi egon behar dute». Izan ere, txuri-urdinen teknikari ohiak argi du: «Athleticek gutxi behar izan du beti mina egiteko. Oso joko zuzena egiten du, eta geldikako jokaldietan aukera asko sortzen ditu. Ondo zaindu beharko dituzte jokaldi horiek».

Falta daitezkeenen eragina

San Miguelek bere aginduetara izan zuen Nahikari, eta hark ez jokatzeak Realaren jokoan eragina izango duen galdetuta, zera erantzun du. «Egia da Reala ez dagoela ohituta Nahikari gabe jokatzera, eta duen beste aurrelaria, Kiana [Palacios], aurrelari petoagoa dela. Baina lerro artean min asko egin dezaketen jokalariak ditu:[Marta] Cardona, Barbara Latorre... Beraz, uste dut horiekin ondo estal dezakeela Nahikariren falta. Ez dut uste horrek asko aldatuko duenik Realaren jokoa. Athleticeko atzelariei bizkarra hartzen ahalegindu behar dute, aurrelarien abiadura baliatuz».

Arkonadak atean izan dezake beste zalantza: izan ere, Mariasun Quiñones osatua da, eta agian haren alde egin dezake, Adriana Nanclares gaztea aulkian utziz. «Buruhauste handia izan daiteke hori. Baina ni Gonzalo banintz, lasai egongo nintzateke erabakia hartzeko garaian, Adrianak ere oso ondo jokatu baitu. Taldeari ziurtasun handia eman dio. Batak edo besteak jokatu, ondo egingo dute».

Ferreira ziur da Nekanek jokatuko egingo duela. Derbi batean berari gertaturiko pasadizo batekin argudiatu bere ustea. «Lesio batetik osatu berri nengoen. Ez nuen jokatzea espero, baina Iñigok[Juaristi entrenatzaileak] esan zidan hasieratik ariko nintzela. Berotzera atera, eta ziztada handi bat sentitu nuen koadrizepsean. Masaje emaileari deitu, eta esan nion nirekin aldagelara joateko. Iñigoriez genion ezer esan. Benda bat jarri, eta jokatu egin nuen. Ez naiz horretaz sekula damutu, eta orain ere egingo nuke. Aukera emango balidate, orain ere begiak itxita jokatuko nuke».

Lehen gola sartzen duenak asko izango du irabazia, Ferreiraren ustez. «Aurkariarentzat kolpea izango da».Ez dago guztiz ados horrekin San Miguel. «Ez du zertan. Realaren kasuan, gol oso gutxi jaso ditu, eta bat sartuta zaila izango da Athleticentzat buelta ematea. Baina derbi batean ezin da sekula hori esan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.