CELTA 0 ATHLETIC 1

Defentsan eraikitako garaipena

Iñaki Williamsek sartutako golari esker lortu du Athleticek denboraldiko lehen garaipena. Zuri-gorriak erosoago aritu dira bigarren zatian, arlo fisikoan indartsu daudela erakutsiz

Javi Galan Celtako atzelaria baloia babesten, Nico Williams Athleticeko aurrelariaren presioaren aurrean. SALVADOR SAS / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2021eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Williamsek(34. min.). Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horia Celtako Braisi eta Beltrani eta Athleticeko Simoni. Bestelakoak. 5.492 ikusle Balaidos Vigoko estadioan.

Eraginkortasuna da Athleticen gabezia nagusietako bat. Neurketa gehienetan lan handia egin eta aukera asko sortu behar izaten ditu puntuak eskuratzeko. Baina salbuespenak ere badaude noizean behin. Gutxi erein eta uzta handia jasotzen duen partidak ere jokatzen ditu. Balaidosekoa izan zen horietako bat. Athleticek lehen zati eskasa egin zuen. Celta baino gutxiago izan zen arlo gehienetan. Etxeko taldeak kontrolpean izan zuen neurketaren lehen erdia. Baloia denbora gehiagoz izango zuela jakinekoa zen, eta jabetza horri esker sakontasun handiagoa izan zuen. Hortaz, Coudetek zuzendutako taldea askoz gehiagotan iritsi zen arrisku eremuetara. Baina Celtak Athleticek sarri erakusten duen gabezia bat azaleratu zuen atzo Unai Simonen area inguruan, atezaina hamaikakora itzuli zen egunean. Azken metroetan asmatzea falta izan zitzaion. Ez zen gai izan aukera garbirik sortzeko. Eta horrela ezin da partidarik irabazi.

Athleticek, berriz, jokoan asmatu ez arren, bi aukera garbi izan zituen. Aurrenekoa ordu erdia bete aurretik. Jokaldi nahasi baten ostean, Iñaki Williamsek aukerakoa utzi zion buruz Sanceti, baina nafarrak area ertzetik egindako ezkerkada txarra izan zen. Indar bako errematea inolako arazorik gabe gelditu zuen Dituro atezainak. Baina bigarrenean lehoiek ez zuten barkatu (34. min.). Sancetek estutu egin zuen Aidoo hura baloia jokatzera zihoanean. Nafarrak baloia eremu arriskutsuan berreskuratu zuen, eta goleko pasea eman zion Williamsi. Anaietan nagusienak bikain baliatu zuen oparia, eskuinkada indartsu bati esker. Gutxi egin eta asko eskuratu. Finean, jokaldi horretan iritsi zelako Athleticen garaipenaren gola. Eta, gainera, ate aurrean dituen gabeziengatik kritiken jomugan dagoen jokalariak sartutako gola izan zen. Bere onena erakusteko konfiantza emango dion gola izan daiteke.

Athleticek gola sartu aurretik eta ondoren ahalegindu zen Celta. Aspas ezkerrez saiatu zen area ertzetik neurketa hasi berritan. Jaurtiketa txarra izan zen. Nolitok area txikian izan zuen etxekoen bigarren abagunea, baina ezker hegalekoa motel aritu zen Iñigo Martinezen aurrean. Brais Mendezen burukada ere indar gutxikoa izan zen lehen zatia amaitzear zegoenean.

Athleticek zailena egina zuen. Partidan aurrea hartuta Marcelinok gustuko duen jokoa plazaratzeko aukera ona zeukan. Eta baliatu egin zuen. Bigarren erdian lehen zatian baino askoz erosoago aritu baitzen Bilboko taldea. Celta ezerezean uzteaz gain, aukera garbiak izan zituen aldea handitzeko. Williams izan zen erasoko jokaldi garbi guztien protagonista. Bigarren zatiko bosgarren minutuan gola sartu zuen, baina Mateu Lahozek Berenguerren falta adierazi zuen telebistako irudiak aztertu ondoren. Nafarrak falta egin zion Denis Suarezi jokaldiaren hasieran.

Erdiko atzelariak, bikain

Lehia amaitzeko ordu laurden falta zenean beste aukera on bat izan zuen Williamsek. Erdiko aurrelariak zeruetara jaurtiki zuen eskuin hegaletik Raul Garciak egin zion erdiraketa aparta. Eta neurketa amaitzear zegoenean Villalibre izan zen bigarrena sartzeko aukera aparta izan zuena. Baina gernikarrak ezin izan zuen galiziarren atezaina gainditu buruz-buruko jokaldian. Asmatu izan balu, jokoz kanpo zegoen edo ez aztertu beharko litzateke.

Zazpi minutuko luzapen amaigabearen ondoren, garaipenarekin amaitu zen zuri-gorrien ahalegina. Williamsen golak zeresana emango du, baina atzokoan aipamen berezia merezi dute defentsa lanean aritu zirenek. Iñigo Martinez eta Vivian izan ziren taldearen zutabe nagusiak. Eta inguruko denek bikain erantzun zuten. Bestalde, taldea arlo fisikoan oso indartsu dagoela berretsi zen. Athletic hasi da taldea indartzeko oinarria sendotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.