Alaves estutasunei ihes egin nahian itzuliko da lehiara

Arabarrek gaur ekingo diote berriro sasoiari, Espanyol azken sailkatuaren zelaian. Zazpi puntura dute jaitsiera. Joselu zigortuta dago

enaut agirrebengoa
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Bukatu da atzerako kontua Alavesentzat. Iritsi zaio zelaietara bueltatzeko tenorea, koronabirusaren pandemiak eragindako hiru hilabete luzeko etenaldiaren ondoren. Espanyolen zelaian hasiko du azken txanpa zorabiagarria, jomugan helburu bakarra daukala: mailari albait lasterren eustea. Asier Garitano entrenatzaileak esan bezala, «11 jardunaldiko denboraldi zaila» izango da, eta arabarrak martxora arte egindako lan txukuna borobiltzen saiatuko dira hurrengo bost asteetan. Jaitsiera postuak zazpi puntura dituzte; nahikoa konfiantza izateko, baina ez, ordea, bertan goxo gelditzeko. Etxeko lanak ahalik eta azkarrena egitea komeni zaio Garitanoren taldeari.

Gaurkoa irabazi beharra du Alavesek. Batetik, Espanyol ligako talderik ahulena izan delako orain arte. Hori dio, behintzat, sailkapenak: azkena dago, hogei puntu eskasekin. Abelardok Gasteizen eginiko miraria errepikatzeko ardura dauka, baina oso zail izango du. Are gehiago, gaur gasteiztarren aurkako norgehiagokan kale egiten badu.

Alavesek gaurko puntuen premia dauka, aurrerantzean egutegia estuak gogor estutuko baitu. 2002az geroztik ez du kataluniarren zelaian irabazi, baina dena da posible koronabirusak futbola hankaz gora jarri duen garai honetan.

Printzipioz, Joselu ez gainontzeko jokalari guztiak izango ditu eskuragarri Garitanok. Aurrelaria zigortuta dago txartelengatik. Bestalde, Pina osatuta dago jada, iazko abenduan peronea apurtu eta gero. Geldialdiari etekina atera dioten jokalarietako bat da erdilaria.

ESPANYOL-ALAVES
Espanyol. Andres; Javi Lopez, Bernardo, Cabrera, Didac; Melendo; David Lopez, Roca, Darder; Callerieta Raul de Tomas.
Alaves. Pacheco; Ximo, Laguardia, Magallan, Duarte; Manu Garcia, Fejsa; Vidal, Camarasa, Burke eta Lucas Perez.
Epailea. Gonzalez Fuertes.
Lekua. RCDE Stadium (40.000 ikusle).
Ordua. 14:00 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.