Reala 3-0 Valentzia

Mozorrorik onenarekin

Realak bikain jokatuta irabazi dio Valentziari, eta Txapeldunen Ligako postuetan dago behin-behinean. Merinok, Monrealek eta Januzajek sartu dituzte golak

Realeko jokalariak atzo, Anoetan, Adnan Januzajek sartutako gola ospatzen, partidako hirugarrena. JON URBE / FOKU.
jon eskudero
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Merinok (12. min.). 2-0: Monrealek (45. min.). 3-0: Januzajek (48. min.). Epailea. Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak Realeko Merinori; eta Valentziako Jaume Costari. Bestelakoak. 31.381 ikusle Anoetan. Partida hasieran, omenaldia egin diote Markel Bergara Realeko jokalari ohiari.

Inauteri giroa baliatuta, inork baino mozorro hobea hautatu zuen atzo Realak, Pep Guardiolak zuzentzen zuen Bartzelona erraldoi haren itxura hartu baitzuen bete-betean. Hasi eta buka, distiratsu eta gustagarri jokatu zuten txuri-urdinek, eta hankapean ibili zuten Valentzia. Astebete pasako atsedenaldiak mesede handia egin zion Imanol Alguacilen taldeari, eta lehen zatia aski izan zuen partida bideratzeko. Kalitatea lagun, Merinok eta Monrealek egin zituzten golak, eta bigarren zatia hasi eta berehala Januzaj batu zen golegileen zerrendara. Denboraldia une erabakigarrian sartzen hasi den honetan, Realak baikor izateko motiboak eman zituen, eta zenbakiek ez diote bestelakorik. Sevillak eta Atletico Madrilek gaur egingo dutenaren zain, Txapeldunen Ligako postuetan dira txuri-urdinak. Gainera, kontuan hartu behar da neurketa bat falta dutela jokatzeko, Eibarren aurkako derbia.

Erabat plan ezberdinarekin zelairatu ziren bi taldeak. Realak atseden luzea izan zuen partida prestatzeko, eta ez zen hori Valentziaren kasua. Izan ere, joan den asteazkenean kolpe gogorra jaso zuen Txapeldunen Ligan, Atalantaren aurka 4-1 galduta. Ordezko jokalari askorekin jokatu zuten bisitariek, eta etxekoek ederki baliatu zuten aukera. Bizi jokatu zuten hasieratik, baloiaren kontrola bereganatuta, eta Valentziaren asmoa kontraerasoan irtetea izan zen. Horretara mugatu zuen bere jokoa, Gameiro eta Ferran Torresen abiadura baliatu nahirik. Realak ezin hobeto deuseztatu zituen haien planak. Defentsako lerroa bikain aritu zen goian presio egiten, eta erasoko jokalariak distiratsu aritu ziren. Ordu laurdena bete aurretik heldu zen 1-0ekoa. Zalduaren erdiraketan ez ziren fin egon Valentziako atzelariak, eta Merinok bakarrik bidali zuen baloia sareetara, buruz.

Golak lasaitasuna eman zion Realari, eta atsedenaldira bitarteko jokoa oso gustagarria izan zen. Isakek izan zituen pare bat aukera bigarren gola egiteko, baina ez zuen asmatu. Valentziak, ordea, ia usaindu ere ez zuen egin Remiroren atea. Gauzak hala, bazirudien 1-0eko emaitzarekin helduko zirela bi taldeak atsedenaldira, baina 47. minutuan Monrealek egin zuen gola. Odeegardek kornerra atera, Aritzek baloia orraztu eta nafarrak ez zuen barkatu. Gol sena duela erakutsi zuen berriro.

Atsedenalditik bueltan, bere planak aldatu beharrean zen Valentzia, eta aldaketa bat ere egin zuen. Ordea, plan horiei erantzuteko modurik onena hautatu zuen Realak: hirugarren gola egitea. Januzajek sekulako ezkerkada bidali zuen sareetara 48. minutuan. Hirugarren gol horrek guztiz erabakita utzi zuen lehia. Gehiagorako aukerak ere sortu zituzten txuri-urdinek, baina ez zuten golik egin. Bada, Imanolen taldeak bolada onari jarraipena emateko aukera izango du datorren ostiralean, Valladolid hartuko baitu etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.