Osasuna 2-1 Leganes

Ia eginda dauzka etxeko lanak

Osasunak Leganesi irabazi dio Sadarren, eta aurrerapauso handia eman du mailari eusteko. Hamabost punturen aldea du jaitsierarekiko. Enric Gallegok sartu ditu bi golak

Osasunako jokalariak, Enric Gallegok sartutako aurreneko gola ospatzen, atzo, Sadarren. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Gallegok (9. min.). 1-1: Avilesek (50. min.). 2-1: Gallegok (96. min.). Epailea. Alberola Rojas. Txartel horiak: Osasunako Brasanaci; eta Leganeseko Awaziemi.

Osasunak Espainiako Lehen Mailan jokatuko du datorren denboraldian. Deskalabruren bat gertatu beharko litzateke Iruñeko taldea beste urtebetez onenekin aritu ez dadin. Zenbakiek diote oso bideratua duela sasoiko helburu nagusia lortzea: hamabost punturen aldea du jaitsiera postuekiko, sei jardunaldiren faltan. Ondo bidean, datorren astean bertan izan ditzake eginak etxeko lanak.

Baten bat urduri jarri zen joan den astean Osasunak Valentziaren eta Atletico Madrilen kontra galdu zuenean. Baina gorritxoek buelta eman diote egoerari astebete eskasean. Irabazteak lasaitasuna ematen du, eta horixe egin dute, bi neurketa jarraian irabazi: joan den asteazkenean, Alavesen zelaian (0-1), eta atzo, Sadarren, Leganesen aurka (2-1). Atzoko garaipenak, gainera, balio handia du, mailari eusteko lehian kontrario zuzena baita Leganes.

Sufritutako garaipena

Iruñeko taldeak bikain ekin zion lehiari, bederatzigarren minutuan jada lehen gola sartu baitzuen. Talde osoak egindako jokaldi ederrari amaiera are ederragoa eman zion Enric Gallegok, txilena ikusgarriaz. Neurketa hasi besterik ez zen egin, eta Osasunak bideratua zuen garaipena.

Golak aurrera egitera behartu zuen Leganes. Hala egin zuen, eta estu hartu zituen etxekoak. Bryan Gilek gertu izan zuen berdinketa 38. minutuan: bakarrik geratu zen Sergio Herreraren aurrean, baina atezainak haren ahalegina zapuztu zuen. Gogotsu ari ziren bisitariak, eta larri etxekoak. Eskertu egin zuten atsedenaldia.

Baina ezer ez zen aldatu aldageletatik bueltan. Leganesek indarrez segitu zuen. Guerrerok eman zuen lehen abisua, buruz, eta, segidan etorri zen Avilesen gola, banakoa, zartako ikusgarriaz. Berdinketa lortu izanagatik ere, egurrean jarraitu zuten bisitariek, eta ia hurrengo jokaldian bigarrena sartzear izan ziren, baina Sergio Herrerak geldiketa bikaina egin zion Kevini.

Aginte makila berreskuratzeko asmoz, Jagoba Arrasatek Moncayola eta Iñigo Perez zelairatu zituen, Fran Meridaren eta Brasanacen ordez. Hasieran, lortu zuen nahi zuena, baina berriz ere hasi zen estutzen Leganes. Argi zegoen nork zuen behar handiena. Osasunak ontzat eman zuen puntua, baina azken unean, Enric Gallegok garaipena eman zion, buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.