Dekadentziaren errepideetan

'Twentysix (Abandoned) Gasoline Stations' obra aurkeztu du Iñaki Bergera argazkilariak Iruñean

Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Gasolina hornigailuak, neonezko ikur handiak, pneumatikoak, asfaltoa. 1963. urtean, AEB Ameriketako Estatu Batuak alderik alde zeharkatzen dituen Route 66 errepideko gasolindegien irudi bilduma egin zuen Ed Ruscha pop artistak, Twentysix Gasoline Stations argazki liburuan. Automobilaren kultura bere gorenean zegoen AEBetan, eta Mendebaldeko modernitateari nahiz aurrerabide industrialari lotutako gizartea islatu zuen Ruschak. 55 urte geroago, lan horri segida eman dio Iñaki Bergera arkitekto eta argazkilari iruindarrak. Gaur egun, baina, AEBetako bigarren mailako errepide sareko gasolindegi gehienak abandonatuta daude; belarra eta goroldioa hazi da zementuzko pareten inguruan, aspaldi erori ziren neonezko logotipoak, eta herdoilak janda daude gasolina hornigailuak. Bukatu da amets amerikarra.

Ruscharen lana erreferentzia gisa hartuta, Twentysix (Abandoned) Gasoline Stations argazki bilduma aurkeztu du Bergerak Iruñean. Erakusketa urriaren 14ra arte egonen da ikusgai, Nafarroako Unibertsitateko museoko dorrean. Han, 2012. urteko udan AEBetako mendebaldeko errepideetan eginiko 26 argazki eta Oil Derrick izeneko bideo bat bildu ditu artista iruindarrak.

«Ez dut ni¡eure burua Ruscharen gisako artista handi baten pare kokatu nahi izan, ezta pentsatu ere, baina gogoa nuen haren lana berrikusi eta gaur egungo gizartera ekartzeko», azaldu zuen Bergerak atzo, erakusketaren aurkezpenean. Argazkilariaren irudiko, irudietan errepideak eta gasolindegiak bakarrik agertu arren, elementu ugari uztartzen ditu bildumak: «Agerikoena AEBetako kultura da, kontsumoan oinarritutako kultura, automobilean, alde batetik bestera iragate horretan... Mendebaldeko kultura horri miresmena izan diot betidanik. Bestalde, elementu horien gainbehera ere islatzen da argazkiotan, eta, horregatik, denborari eta memoriari buruzko hausnarketa gisa ere uler daiteke erakusketa hau».

Hain zuzen, fordismoan eta petrolioan oinarritutako americana kulturarekiko «ikuspegi kritikoa» ere antzeman daiteke argazkilari iruindarraren lanetan, baina Bergeraren esanetan, ez du irakurketa politiko espliziturik egin nahi izan: «Gasolindegi txiki horien dekadentzia ikusita, batek baino gehiagok esan dezake nire argazkiek Trumpen Amerika islatzen dutela, baina gogoeta horietatik apur bat aldenduta, nirea lan dokumentala dela esanen nuke, duela mende erdiko parajeak eta gaur egungoak alderatu baititut, nahiko modu aseptiko eta objektiboan».

Ruschak 1962an ezarritako estiloari jarraikiz, Bergerak ez die argazkiei «gehiegizko iragazkirik edo tratamendurik» ezarri nahi izan. «Bat-batekotasuna bilatzen nuen. Ed Ruscharen lanek bazuten espontaneotasun berezi bat, eta argi dago hori ezin dela errepikatu, baina saiatu naiz ahalik eta begirada objektiboena mantentzen», azaldu du. Horregatik, argazkiak egiteko ez zuen tripoderik erabili, eta irudietan islatzen den argitasuna «naturala» dela nabarmendu du: «Argazkietan ikus daitekeen argi saturazio hori berezkoa dute Texas, Arizona, Kalifornia edo Mexiko Berriko paisaiek. Erakusketari uniformetasuna emateaz gain, argi zuri horrek indartu egiten du irudien onirikotasuna».

Twentysix (Abandoned) Gasoline Stations bildumaren eta Ruschak 55 urte lehenago eginiko jatorrizkoaren artean, ordea, alde nabarmenak ere badaude. Batetik, 1962an, gasolindegi horiek guztiak zabalik ziren, eta horrek aukera eman zion artista estatubatuarrari estandarizazioaz eta modernitateaz gogoeta kritikoa egiteko. Horregatik, Ruschak gasolindegien marka eta datu guztiak aipatu zituen argazki oinetan; Bergerak, aldiz, kokapenari buruzko datu geografikoak besterik ez: «Nirea diskurtso historiografikoa da, kronologikoa. Gasolindegi hauek 1990eko hamarkadan itxi zituzten multinazionalen eraginez, hortaz, fosilen antzekoak dira, herdoiltzen utzitako arkeologia pieza erraldoiak».

Arkitektoa eta irakaslea

Iñaki Bergerak ibilbide luzea du argazkilaritza artistikoaren esparruan, baina arkitektoa eta unibertsitateko irakaslea ere bada. Arkitekturan doktoretza egin zuen Nafarroako Unibertsitatean, eta diseinu ikasketetako masterrean graduatu zen Harvard unibertsitatean (Cambridge, Massachussetts, AEBak). Gaur egun, eskolak ematen ditu Zaragozako Unibertsitatean (Espainia).

Azken hamarkadan, bere lannak ikusgai izan dira hamaika argazki erakusketa propio nahiz kolektibotan; besteak beste, América, paisaje urbano (Amerika hiri paisaia, 2006), A Tale of Two Cities (Bi hiriren istorioa, 2008), En el paisaje (Paisaian, 2010) edota Cambio de rumbo (Norabide aldaketa, 2017) erakusketetan erakutsi ditu bere lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.