Reala 1-3 Vila-real

Triste amaituko du urtea

Realak laugarren partida galdu du segidan ligan, Vila-realen aurka. Epaileak Oiartzabal kanporatu du 49. minutuan, eta horrek zeharo baldintzatu du partida

Alexander Isak, burumakur, partidaren amaieran, atzo, Anoetan. JON URBE / FOKU.
jon eskudero
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Isakek (32. min.). 1-1: Gerard Morenok (38. min.). 1-2: Gerard Morenok (68. min.).1-3: Chukwuezek (95. min.). Epailea. Iglesias Villanueva. Txartel horiak: Realeko Merinori eta Zalduari; eta Vila-realeko EstupiƱani, Pau Torresi eta Parejori. Txartel gorria: Oiartzabali (49. min.). Bestelakoak. 29.679 ikusle Anoetan.

Ezinbestean, burumakur amaituko du urtea Realak. Urte ahaztezina izan du aurtengoa, besteak beste, Espainiako Kopako tituluarekin 34 urteko lehortea amaitu baitu. Ordea, bolada oso txarrean agurtuko du 2021a. Ligako azken hiru partidak jarraian galdu ondotik, onbidean sartzeko itxaropenez ziren atzo txuri-urdinak, baina berriz ere kale egin zuten, Vila-realen aurka, Anoetan. Distira berreskuratu eta irabazteko osagai guztiak zituen Imanol Alguacilen taldeak, harmailetan aparteko giroa ezarri baitzuten jarraitzaileek, eguzkia lagun. Partidak berak ere sortu zuen baikortasunerako arrazoirik lehen minutuetan, are gehiago Isakek lehen gola sartu zuenean. Hots, batez ere geldikako jokaldietan jasotako bi golek kondenatu zuten etxeko taldea. Eta, nola ez, Oiartzabalek bigarren zati hasieran ikusitako txartel gorriak. Hortaz, laugarren porrota jarraian jaso zuten.

Neurketak lehen zati distiratsua izan zuen. Akaso, zer hobetua sumatuko zuten bi entrenatzaileek, baina ikuslearentzat gustagarri joan zen jokoa. Erritmo bizian aritu ziren bi taldeak, eta erraz topatu zuten aurkariaren atea: Realak lau erremate egin zituen atera, eta Vila-realek, zortzi. Bada, berriz garaipenera itzultzeko helburuarekin aldaketak egin zituen Imanolek. Lesioak gaindituta, Merinok eta Silvak hasieratik jokatu zuten, eta nabarmentzekoa izan zen atepean Ryanen alde egindako apustua. Hasieratik izan zituzten golak sartzeko aukerak bi taldeek, baina bisitarienak nabarmenagoak izan ziren. Yeremi Pinok birritan kale egin zuen, eta Diak ere zeruetara bidali zuen baloia Ryanen aurrean. Realak ere izan zuen aukerarik, baina Oiartzabal eta Isak ez ziren fin aritu. Erasoko jokoa nagusitu zitzaion defentsakoari.

Dinamika horretan, Isak izan zen ate aurrean asmatzen lehena. Babak eltzetik ederki atera zituen suediarrak, 32. minutuan. Ezker hegalean baloia hartu, aurkariari iskin egin eta zutoinaren ondoan maisuki jarri zuen baloia, areaz kanpotik. Aukerarik zailenean aurkitu zuen eraginkortasuna. Gol horrekin, lasaitasuna irabazi zuen Realak, eta kontrola ezarri zion ordura arteko nolabaiteko eromenari. Ordea, lehen zatiko minuturik onenetan jaso zuen banakoa, geldikako jokaldi batean. Vila-realeko jokalariek mugitu ezinik utzi zuten Zubeldia, eta Gerard Morenok sareetara bidali zuen baloia, buruz, 38. minutuan.Unai Emeryren taldeak ongi ikasia eraman zuen Realak kornerrak gelditzeko erabili ohi duen taktika. Lehen zatia amaitzerako beste aukera garbi bat ere izan zuen, baina Zalduak atepetik atera zuen baloia.

Kornerretan, kale

Bigarren zatiaren hastapenean gidoi berari eutsi zion norgehiagokak, erritmo bizian eta intentsitate handiz zelairatu baitziren bi taldeak. Ahalik eta Oiartzabalen txartel gorria iritsi zen arte, 49. minutuan. Eibartarrak falta gogorra egin zion aurkari bati, atzetik gogor astindu baitzion hanka, eta epaileak ez zuen zalantzarik izan. Zaleen txalo artean hartu zuen aldageletarako bidea kapitainak, egindako hutsaren jakitun. Jokaldi horrek erabat baldintzatu zuen partida. Indarrak berdintzeko asmoz, Imanolek Barrenetxea eta Portu zelairatu zituen, Silva eta Januzajen ordez, baina Vila-real nagusi izan zen. Parejoren gidaritzapean, nahierara mugitu zuen baloia, eta Reala aurkariaren atetik oso urrun egon zen une oro. Bazirudien bisitarien gola denbora kontua besterik ez zela izango, eta berriz korner batean iritsi zen, 69. minutuan. Txuri-urdinak ez ziren fin aritu defentsa lanean, eta Gerard Morenok ez zuen barkatu.

Azken hogei minutuetan bihotzarekin gehiago jokatu zuen Realak ahalarekin baino. Joko zuzena egiteko asmoz, Sorloth zelairatu zen, eta hura eta Isaken artean saiatu ziren baloiei etekina ateratzen. Luzapenean gola egiteko zorian izan zen norvegiarra, baina ez zuen asmatu. Asmatu zuena Vila-real izan zen, 1-3koa sartu baitzuen kontraerasoan Chukwuezek. 95.ean beste kolpe bat hartu zuen Realak, baina animoa altxatu beharra du urte berriari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.