Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kultura «Ikusi ere egin gabe zentsuratu zuten obretako bat»

Publizitatea

Kultura

Dario Malventi. 'Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak' erakusketaren zuzendaria

«Ikusi ere egin gabe zentsuratu zuten obretako bat»

Bi euskal presori obra bana zentsuratu die Donostia 2016k bere ibilia itxiko duen erakusketan. «Esku sartze politikoa» agerikoa izan dela salatu du egitasmoaren zuzendariak. Hala ere, aurrera egitea deliberatu dute antolatzaileek.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2016-11-22 / Gorka Erostarbe

Azken bi asteetako jazoerek aztoratu egin dute Dario Malventiren jarduera eta animoa (Livorno, Italia, 1975). Hamasei urte daramatza Donostian bizitzen. Filosofia ikasketak egin zituen Italian, eta Antropologiako lizentzia lortu zuen Bartzelonan. Antropologo gisa espetxeetako errealitatea aztertzen egindako lanagatik jarri zen Malventirekin harremanetan Santi Eraso, 2009an. Donostia 2016ko hautagaitza koadernoa prestatzen ari zen orduan Eraso. «Hiriaren eta espetxearen arteko harremana lantzeko proposamena egin zidan. Onartu egin nuen, jakinik ere zaila izango zela lana ondo egitea. Ondoren, Santi joan egin zen, edo bota egin zuten. Hura irten ondotik proiektua stand by egoeran izan zen bi urtez, eta, 2012an, Inesa Ariztimuño Bakearen Itsasargiko arduraduna berriro nirekin harremanetan jarri zen esateko programazioan lekua zuela proiektuak». Lau urteko lana izan da Koldo Mitxelena Kulturuneko aretoan ikusgai dagoen Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak erakusketa prestatzea, nahiz eta azken urtean egin behar izan dituen kudeaketa lan handienak Donostia 2016ko zuzendaritzarekin. Erakusketaren helburua molde bateko edo besteko ?espetxe, zentro psikiatriko, adingabeentzako zentro...? giltzapeko egoeran egon diren pertsonen sorkuntza lanak erakustea da. Gorputz nagusia (Lekurik gabe, denborarik gabe) Sensibili Alle Foglie Italiako kooperatibak ekoitzi du, eta 70 bat egile italiarren lanak biltzen ditu. Giltzapekoak izenburupean, berriz, Euskal Herrian eta Espainian egindako lanak batu dituzte; besteak beste, euskal preso zenbaitenak. Horietako bi lan zentsuratu egin dizkietela salatu zuten iragan ostegunean Aitor Izagirre, Marion Cruza eta Pablo Marte komisarioek, Donostia 2016ko zuzendaritzako kideekin batera emandako prentsaurrekoan.

Zein obra zentsuratu dituzte?

Bideo bat da zentsuratu zuten aurrena. Bideo horretan azaltzen da emakumeek Frantziako espetxe batean bizi duten egoera. Duela hogei urteko bideo bat da, eta lan handia egin dute komisarioek lortu ahal izateko. Bideo hori zentsuratu zuten, ikusi ere egin gabe. Donostia 2016koen esan ziguten bideoaren egilearen nortasunagatik, hots, euskal preso politikoa izateagatik, ezin zela erakutsi. Bigarren obra marrazki batzuk osatzen dute, eta espetxeko egunerokotasuna islatzen dute. Marrazki horiek egin dituen presoak 200 obra inguru eginak ditu. Lan asko aukera genitzakeen, baina zehaztasun handiz egindakoa izan da aukeraketa. Espetxeko esperientzia erreklusiozkoa bizi izan duenaren egunerokotasuna islatzen dute: ziega, ataria, dutxa... Detaileetan arreta handia jartzen du egileak obra horietan, eta komisarioei asko interesatu zitzaien. Espetxeetako arkitekturari zegokion erakusketaren atalean jarri nahi zituzten marrazkiak. Lan horietan, ez dago inolako erreferentziarik preso politikoen inguruan.

Noiz jakinarazi zizueten bigarren lan hori ere ezingo zenutela erakutsi?

Erakutsi behar genituen obra guztien artean bi obra horiek «marra gorri» modura izendatuak zituzten Donostia 2016ko zuzendaritzako zenbait arduradunek hilabete lehenago ere, nahiz eta komisarioek eta nik neuk, proiektuaren zuzendari gisa, garbi genuen erakutsi beharrekoak zirela, erreklusioaren diskurtsoari buruzko adierazpen modura egiten zuten ekarpenagatik. Bi obra horien inguruan, edo hobeki esan, bi pertsona horien inguruan, duela hilabete jada alarma piztua zuten.

Eta noiz jakin zenuten ezingo zenituztela erakutsi?

Lehenik jaso genuen debekua bideoarena izan zen, azaroaren 9an. Lan hori zentsuratu zuten ikusi ere egin gabe, oraindik erakusketa aretoan instalatu gabe baitzegoen. Ondoren, azaroaren 10ean, Italiako kooperatibako kideak erakusketaren beren partea muntatzen ari ziren Koldo Mitxelenan, eta hiru komisarioak beren zatia, Giltzapekoak, muntatzen ari ziren; Itziar Imaz erakusketaren produkzio arduraduna ere han zen, eta telefonoz aipatu zidan Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua aretoan izan zela. Bagenekien lehenago edo geroago Itxasok jakingo zuela erakusketan berri, Koldo Mitxelenako aretoko arduradun nagusi modura, baina ez komisarioek eta ez nik ez genekien erakusketa aretoan bertan sartuko zela Donostia 2016ko beste kide batekin batera muntaketa egiten ari zirenean. Itxasok bisita egin zuenean, marrazkiak paretan zintzilikatuta zeuden. Eta, gutxienez, ironikoki diot, harreman zuzena dago ikusitakoaren eta zentsuratutakoaren artean. Beste kasuan a priori izan baitzen debekua. Bisita horren hurrengo egunean jakinarazi ziguten bigarren zentsuraren berri. Ez daukat ziurtasunik esateko Denis Itxaso izan dela erabakiaren erantzule nagusia, baina erakusketaren muntaketara egindako bisitaren ondotik etorri zen bigarren zentsura.

Esku hartze politikoa egon da?

Bai, dudarik gabe. Donostia 2016 Bulegoak gurekin lan egin du errespetu sakonez, proiektuaren planteamendua errespetatuz. Beti egon da elkarrizketa bat, eta beti hitz egin ahal izan dugu edukiez. Kontziente ziren erakusketa honek arazoak sor zitzakeela tratatzen duen problematika dela-eta. Proiektu polemikoa izan zitekeela bagenekien, ikuspegi abolizionista batetik abiatzen baita, eta erreklusio erakundeen ezgaitasuna planteatzen baitu osotasunean. Giltzapeko egonlekuak babesten dituzten erakundeen kritika zorrotz bat planteatzen du egitasmoak. Ez genuen uste, ordea, Donostia 2016 Bulegoak utziko zuenik beren buruari zentsura ezar ziezaioten, zentsura ezarri duenak duen boterea izanagatik ere.

Pablo Berastegi 2016ko zuzendariak esan zuen komisarioen «lanari eta profesionaltasunari erabateko errespetua» diotela. Horrela da?

Nik uste dut 2016ko zuzendaritza atzeratuta ibili dela erakutsi behar genuen proposamenaz jabetzeko, erakusketak duen eduki indartsuaz jabetzeko. Kontuan izan urtebeteko lan sakona egin dugula, eta harremanetan izan garela gizarteratze lanetan aritzen diren elkarteekin eta abarrekin. Nik zuzendaritzari eta Berastegiri berari ez diot asmo txarrik ikusi; hori ere hala da. Egin duten beste huts bat izan da Denis Itxasok bisita egin zuenean aretora ez deitu izana komisarioei edo niri; gu joan izan bagina, gutxienez, proiektua osotasunean azaldu ahal izango genuen. Donostia 2016k jakin bazekien Itxaso erakusketara joanez gero zer egin zezakeen.

Esan dute, halaber, «biktimen sentsibilitatea lehenetsi» dela adierazpen eskubidearen aurretik, baina Itxasok berak azaldu zuen obrek ez dutela sentsibilitateak mintzeko edukirik.

Bitxiena da, lehen lana ikusi ere egin gabe zentsuratu zutela. Bigarrena ikusi zuten, eta aitortu ere bai eduki kaltegarririk ez duela, baina...

Ez da obra zentsuratu, beraz, baizik eta egileak.

Bai, oso argi dago. Lehen obra zentsuratu bazuten horman zintzilik ez zegoela... Orain, beste arazo bat dago: oihartzun mediatiko handia hartu duela kontuak, baina jakin nahi da zein diren zentsuratutako pertsona horien izenak, eta ez, aldiz, zein izan den zentsorea.

Zein lekutan geratzen dira Donostia 2016ko zuzendaritzak hainbestetan errepikatu dituen bizikidetza, bakegintza eta zubigintza lanak?

Bizikidetzaren kontua falazia handi bat da, edukiei erreparatuz gero. Bizikidetza ahotan hainbeste darabiltenek irakurri izan balute Ivan Illichen Tools for Conviviality (1973), akaso beste debate mota batean geundeke. Horiek elkarbizitza aipatzen dutenean aipatzen dute betiko boterea aztoratuko ez duen elementu modura; elkarbizitza modu horretan planteatzea oso erraza da, ez dakar inolako aldaketarik. Botere horien baldintzak aldatu nahi dituzunean sortzen dira elkarbizitza kontzeptuarekin arazoak.

Egitasmoa herren geratzen da?

Ez, ez dut uste. Egitasmoak bere indarra dauka. Erakusketak eduki mordoa dauka, sorkuntza erreklusio egoeratan nola lan litekeen azaltzen duena. Euskal Herrian dagoen espetxeekiko eta giltzapeko egoerekiko ikuspegiak eduki berriak ere behar ditu, baita formula berriak ere. Giltzapeko erakunde horiek beren bidea egiten ari dira ?nire ustez, eskasa, eta eragin gutxikoa?, baina erakunde horiekiko kritika nahikoa geldirik dago egun. Bi obra zentsuratu dizkigute, baina beste hogei bat gai badaude, eta oraindik gaiak leherketa bat izango duela iruditzen zait; are gehiago, gertatutakoa gertatu ondoren. Ezin izan dugu nahi bezala lan egin, erakusketaren inauguraziora iritsi nahi genuen prozesu kolektibo bat eginez, eta ez digute utzi. Eragile sozialekin, elkarteekin eta abarrekin batera lan egin nahi genuen, oihartzun bat sor zedin eta debatea sor zedin jakiteko erakunde horiek balio duten edo ez duten balio.

Zentsura kasuak balio dezake bozgorailu lana egiteko?

Hiriburutzaren prozesu honetan, zentsura kasu bat baino gehiago egon da, batzuk modu agerikoan, gurea bezala, eta besteak zeharkakoan; nire ustez, Donostia 2016ko jendea ez dago gustura kasu horiekin eta esku hartze politikoekin. Gure erakusketa hiriburutza urteko azkena da, 2017ko urtarrilaren 19 arte luzatuko da, eta agian balioko du, behin egitasmoa amaitzen denean eta kargudun jendeak karguak uzten dituenean, lasaiago hitz egin dezaten.

Beste aukerarik planteatu zenuten zuon artean. Dimititu eta egitasmoa bertan behar uztea, adibidez?

Dimiti genezakeen, baina lehentasuna eman diogu erakusketak biltzen duen edukien osotasunari, eta jendaurrean salatzeari. «Obra horiek kentzen dituzue edo ez da erakusketa zabalduko». Hori da jaso genuen abisua. Guk erabaki dugu Italiako kooperatibak egindako lana babestea, lehenik; eta komisarioek izan zezatela aukera bizi izandakoa azaltzeko eta beren iritzia agertzeko, bigarrenik; komunikatua irakurtzen utzi izan ez baliete, beste erabaki bat hartuko genukeen. Obra horien egileen izenik ez ematea adostu genuen D2016ko zuzendaritzarekin, defendatzeko aukerarik ez bailukete izango. Irekitzeari eman diogu lehentasuna, pentsatuz a posteriori izango direla baldintzak debatea sortzeko. Ea proiektu honek ere balio duen Donostia 2016 bezalako erakunde batek bere baitan dituen elementu erreklusiozkoak agerian jartzeko; are gehiago, gertatu dena gertatu ondoren.

Politikak, politika molde batek, kultura azpiratu eta bezatu egin du, beste behin?

Kultura ofiziala botere politikoaren tresna bat gehiago da; ez gara ari kontrakulturaz. Kulturaren espektakularizazioak botere politikoen alde jokatzen du. Donostia 2016k sortutako espektakulua zentsura batekin amaitzeak islatzen du botere politikoaren ezintasuna. Zentsurak desbideratu du prestatua geneukan narrazio guztia, baina beren lana ere ez dute ondo egin, ez baitute lortu publikoaren arreta desbideratzea.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak