Getafe 1-1 Eibar

Sari bera, aho zapore hobea

Eibarrek berdindu egin du Getafen. Etebok sartu du lehenbiziko gola etxekoentzat, eta Charlesek ezerezean utzi du aldea. VARak gol bat baliogabetu dio Bigasi 86. minutuan

Charles Dias, Eibarren gola sartu berritan, atzo, Getafen. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Etebok (30. min.). 1-1: Charlesek(51. min.). Epailea. Alberola Rojas. Txartel horiak: Getafeko Djeneri, Etxeitari eta Nyomi. Bestelakoak. Koronabirusaren pandemia dela eta, ikuslerik ez zen izan Alfonso Perez koliseoan.

Irabazi ezinik segitzen du Eibarrek. Jada lau jardunaldi daramatza garaipenik lortu gabe. Berdindu egin du azken bietan: bina Athleticekin joan den asteazkenean; eta, bana Getaferekin, atzo. Baina bada aldea baten eta bestearen artean. Derbian, nagusi izan zen, eta aho zapore txarrarekin amaitu zuen partida. Halaxe aitortu zuten taldeko kide guztiek. Sari txikitzat jo zuten etxean berdindu izana. Atzo, ordea, sari bera lortu izanagatik ere, aho zapore onarekin amaitu zuten neurketa. Batetik, nor baino nor gehiago aritu baitziren Txapeldunen Ligarako sailkatzeko lehian dagoen talde baten zelaian; eta, bestetik, gai izan baitziren lehen gola sartu zietenetik aurrera burua altxatu eta neurketa berdintzeko.

Baina bakarra jar dakioke atzoko emaitzari, puntuak banaka batuta, askoz gehiago kostako zaiola Eibarri jaitsiera postuetatik aldentzea. Gaur-gaurkoz, hiru puntura du Mallorca, hemezortzigarren sailkatua. Oraindik zortzi jardunaldi jokatzeko eta 24 puntu banakatzeko falta direla kontuan hartuta, alde oso txikia da hori. Eibartarrek lehenbailehen hasi behar dute puntuak hirunaka biltzen. Datorren ostegunean dute hurrengo aukera, Ipuruan, Valentziaren aurka.

Derbiko hasierako hamaikako erdia baino gehiago aldatu zuen Jose Luis Mendilibarrek: Bigas, Burgos, Inui, Diop, Cristoforo eta Charles izan ziren berritasunak. Aldaketek on zioten taldeari, Eibar gogotsu zelairatu baitzen, eta lehen ordu erdian, gehiago jokatu zen Getaferen eremuan Eibarrenean baino. Nagusitasun antzua zen, halere, bisitariek ez baitzuten arriskurik sortu. Gutxiago sortu zuten etxekoek, baina izan zuten lehen aukeran gola sartu zuten. Cucurellak ezkerretik erdiratu zuen, Angelek baloia ukitu zuen area erdirantz, eta han azaldu zen Etebo, baloia saretara bidaltzeko. Ezer gutxi eginda, aurretik jarri zen Getafe. Eta horrek min handia egin zion Eibarri, eta behera egin zuen. Etxekoek hartu zuten partidaren lema, eta arriskua sortzen hasi ziren.

Baina lehen zatiaren luzapenean, eta euren burua larri ikusten zutenean, altxorra topatu zuten eibartarrek. Cotek areara erdiratu zuen baloia, Enrichek buruz ukitu zuen, Angeli goiko lehia irabaziz, eta Charlesek buruz errematatu zuen, eta gola sartu, banakoa. 51. minutua zen. Min asko egiten duten gol horietako bat zen, baina baita justua ere, bi taldeak nor baino nor gehiago arituak baitziren. Bietako bakar bat ere ez zen izan bestea baino gehiago.

Joko gutxi

Bigarren zatiaren hasierak ez zuen desorekarik eragin. Hasieratik geratu zen argi ez batek ez besteak ez zituela beharrezkoak baino arrisku gehiago hartuko. Baten batek hartzekotan, Getafek hartu beharko zuen, etxeko taldea izanik, baina Jose Bordalas aulkian izanda, arriskua oso neurtua izango zen; inoiz ez zen joango itsu-itsuan aurkariaren atearen bila. Eta Eibarri ondo zetorkion arerioaren zuhurtasun hori. Eroso ikusten zuen bere burua, arriskutik salbu une oro.

Hala, golen bat egotekotan, jokaldi bakarturen baten ondorio izango zen. Eta halaxe izan zen. Bigasek sartu zuen, 86. minutuan, Diopen erdiraketa bat buruz errematatuta. Baina minutu eskas iraun zuen pozak, VARak baliogabetu egin baitzuen, Bigas jokoz kanpo zegoelakoan. Ez zen ezer gehiago pasatu, eta banakoarekin amaitu zen norgehiagoka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.