Eneko Gurrutxaga

«Atzean zebiltzanak galdu ditugu»

KERMAN GARRALDA / GOIERRIKO HITZA.
Unai Ugartemendia.
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Zirkuituko kirolaririk ezagunenetako bat da Eneko Gurrutxaga (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1986). Azken urteetan lehen postuetan ibili da, eta aurten Euskal Herriko txapeldun izatea lortu du elite mailan.

Aurten bai, aurten txapeldun.

Elite mailako txapelduna naiz, nahiz eta hiru partaide sailkatu ziren nire aurretik: bi, 25 urtez azpikoak eta bestea, Master-40koa. Lasterketan indartsu sentitu nitzen, gehienbat bizikletan, baina ezin izan nuen aurreko postukoekin bat egin. Agian, ibilbidea errazegia zen lehen zatian. Indartsu sentitu nintzen.

Aspalditik pentsatua al zenuen txapelketan lehiatzea?

Bai, banekien aurtengo helburuetako bat izan zitekeela. Udan, ondo entrenatu ahal izan naiz, eta lehen lasterketatik aurrean ibili naiz. Iazko arantza kentzea zen helburu.

Ba al zenuen irabazteko itxaropenik?

Banekien elite mailako txapela eskuratzeko aukera asko edukiko nituela lasterketa txukun bat eginez gero. Hala ere, helburua Euskal Herriko lehen parte hartzailea izatea zen, eta hori ez nuen lortu. Hala ere, etxera txapel batekin itzultzeak poz handia ematen du beti.

Ibilbidea egokia al zen zure gaitasunak kontuan hartuta?

Korrikako lehen zatia polita iruditu zitzaidan, bai motza zelako, bai gorabehera batzuk zituelako eta bai entretenigarria zelako. Bizikletan, berriz, hasieran indar handia behar zen, aldapa luze samarrak zituen; amaieran, berriz, single-track zati bat zuen, eta gehienok gozatu ederra hartu genuen. Azken korrika saioan, indarrez justu antzean egoten garenez, sentsazioak kaskarrak izaten dira ibilbide bat edo bestea jarrita ere.

Denera, 70 kirolari inguru izan zineten txapelketan. Jende gehiago espero al zenuen?

Ez; egia esan, aurten zirkuituan jende gutxixeagorekin gabiltza, baina txapelketak badu zerbait berezia, eta bertara jende berria animatu zen. Nahiko pelotoi polita batu ginen irteeran

Badira urte batzuk lasterketek behera egin dutela. Zer falta zaio mendi duatloiko zirkuituari jende gehiago erakartzeko?

Galdera bera askotan egin diogu geure buruari, eta ez daukagu erantzun argirik. Lehen urteetan, parte hartzaile herrikoiak deiturikoak-edo gehiago etortzen ziren. Denborarekin, atzeko postuetan ibiltzen zen jendea galdu dugu.

Zergatik?

Alde batetik, lehenengoen maila oso handia delako eta, askotan,ibilbidea zirkuitu bati birak emanez osatzen denez, lehenak azkenari itzulia kentzen diolako. Hori ez da inoiz gustukoa izaten. Beste aldetik, lasterketa asko daude udazkenean, eta jendea errazago joaten da kirol bakarreko lasterketetara, bi kirol uztartzeak lanak ematen baititu.

Zirkuituak hamar proba izango ditu. Denak amaitzeko asmoa?

Bai. Azken lasterketan, Getarian, adibidez, bizikletako lehen itzulian, aurreko gurpila apurtu nuen, eta bigarren bira osoa egin nuen, lasterketa amaitu nahi nuelako.

Zer moduz daramazu mendiko bizikletako denboraldia?

Aurten lasterketa gutxi egin ditut. Uda entrenatzeko aprobetxatu dut, eta gero hasi naiz asteburuero lehiatzen. Irail hasieran proba berezi bat egin dut Lourdesen [Okzitania], Pirinioetan: bi eguneko lasterketa, desnibel positibo handia, 4.500 metro inguru, eta 9.000 metro inguruko desnibel negatiboa. Duela bi urtetik nuen begiz joa. Ondo prestatuta joan nintzen, lasterketa ona egin nuen, eta baita irabazi ere. Aurtengo helburuetako bat zen, Euskal Herriko Txapelketarekin eta Amasako mendi duatloiarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.