Jon Alonso.
HIRUDIA

Idazpostua?

2018ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
(Paradoxa Chestertoniano-zumaiarraren soluzioa: hango arrantzaleak marearen arabera aritzen baitziren, marea beherarekin iristen baziren barrara ezin ziren herrira sartu, nahiko dzingo ez zegoelako —ura balego ardoa edango herriko tabernetan—; eta itxaron behar izaten zuten nahiko dzingo, nahiko ur-sakonera egon arte —urik ez herrira sartzeko eta ura edan behar itsasontzian—).

Rikardo Arregirena irakurrita konturatu naiz Borges ez zitzaidala etorri ere egin burura Maialen Berasategik bestetarren afera atera zuenean. Seinale, benetan on-onak direnen kasuan, obra berori ekoitzi duen gizakiaren lur gaineko inguruabarretik dagoelakoa, ekoizlearen nortasuna ahanztarazteraino; baina, oro har, ez dira hainbeste ekoizlearen miseria ezkutatzen duten obrak, eta aldiz eta oro har esanda, hau ere, batzuk hain dira miserableak ze beren miseriaren tamainak obra erabat ezkutatzea lortzen baitu; irakurle azkarrari aise etorriko zaizkio burura dozenerdi bat adibide.

Bestalde, beti interpretatu dut paradoxa ironiko bat bezala —autoironiko, haren kasuan—, T.S. Eliot, nolabait esan, Bartzelonako Txinoan jaiotako txarnego batengan berraragiztatu izana —edo hala obratzea bere berraragiztapenetako bat; Vazquez Montalbani buruz ari naiz, jakina—. Korrelato objektiboarena ikasi nuen haiengandik—Eliotengandik, Montalban mediante—, eta ongi geratzeko bizpahiru esaldi —apirila, hil ankerrena, eta hortik—, handik aurrera ez daukat zeresan handirik; tira, bai, inbidiagarria iruditzen zaidala Rikardok gorde omen duen epifaniarako gaitasuna.

Ahotsa izatearena aski erlatiboa iruditzen zait. «Ahotsa izatea» da hizkuntza diglosiko bateko egunkari bakarreko bazterreko orrietan —kultura, literatura— hiru astean behin folio bat idaztea? Bai. Zehatz, inurri ahotsa izatea da hori. Trumoi edo elefante ahotsa beste batzuek daukate; hala ere, hizkuntza diglosikoko trumoi edo elefante ahotsak ere inurri-ahotsak dira hizkuntza nagusien bozgorailuetatik hitz egiten dutenen ahotsen ondoan. Eta jakina, nork duen ahotsa da inporta duena; baina are inportanteagoa da, oraindik, zertarako duen. Jaka-aldaketa gogoangarrien historia luze batek aski garbi erakutsi baitu batzuek beti daukatela ahotsa, mezu kontrajarriak barreiatzeko bada ere, aldian-aldian komeni denaren arabera: ikazkinarekin beltz, eiherazainarekin zuri.

Hemen ere adibideak sobra daude. Izatea edo ez izatea, edo inurri ahotsa edo trumoi ahotsa izatea jakaren kolorean erabakitzen da, edo norberaren hitzen musikak une jakin batean Belarri Handiaren mintzetan jotzen duen moduan, ez gutxitan (ia beti ez esategatik). Baina zuek hori nik bezain ongi dakizue: ukiezina ukitzeagatik idazpostua galdu duenik badagoela gogorarazi du Rikardok, eta ukitu behar dena ukitu ez duelako idazpostua lortu ez duenik badagoela Maialenek. Edo izenpetu behar zena izenpetu ez zuelako zerrenda beltza luzeagotu zuena, gaineratuko nuke nik.

Horrek ematen dit niri heldulekua eta helmuga, estupendoa paratzeko parada: Idazpostua? Zer da hori? Ez dut kontzeptu hori ezagutzen, nire hiztegiak ez dakar halako hitzik. «Ez daukat ezer, ez dut ezer espero, beraz libroa naiz». Nork esan zuen? Kazantzakisek? Baiezkoan nago; jakina, hark ere 1956an Nobel Saria galdu Juan Ramón Jimenezen aurkako bozketan, boz bakar batengatik, omen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.