Baionako ez-bestak

Baiona: diru iturri agorra

Baionako bestak, bertzeak bertze, ELBren eta Baionako eta Miarritzeko ikastolen diru iturri nagusiak dira. Aurtengo besten gabeziak egokitzapenak egitera behartu ditu.

Artxiboko irudi batean, ELB sindikatuko kideak eta laguntzaileak Laborarien Xokoan bilduak, tokiko kalitatezko mozkinak zerbitzatzeko antolatzen. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ainize Madariaga
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Baionako besten jendetza bada iraupen zutabea elkarteendako ere: bortz egunek ekartzen baitiete urte guziko zer jana. Hartara, COVID-19ak ekonomikoki zigortu ditu, eta egokitzeko bide berrien bila dabiltza.

«Urteko diru sartze nagusia da Baionako bestetakoa, dudarik gabe», erran du Maritxu Lopepe ELB laborarien sindikatuko liberatuak. Badira zazpi urte karpa handia muntatzen dutela Xaho kaian: Laborarien xokoa. Bertan, sindikatuko laborariek eta laguntzaileek tokiko kalitatezko ekoizpenak proposatzen dituzte jan eta edateko. Erreferentzia bilakatua da gune hori honezkero: bortz egunez 20.000 apairu baino haboro ematen baitituzte 300 boluntariok. «Orain, tokiko mozkinak ostatuetako mahaietan dira, baina hastapenean ez zen baitezpada begi onez ikusia», oroitarazi du Lopepek.

Bortz egun horietan 100.000 euroz goitiko negozio zenbatekoa kausitzen dute; ez da gutiestekoa: «Irabaziekin lanpostu oso bat diruztatzen dugu; gainera, sindikatuko laguntzaileen bide gastuakordaintzeko ere ematen digu». Horrekin aski ez balitz, laborantza sareko bertze egitura batzuk laguntzeko ere iristen zaie; bertzeak bertze, Lurzaindia edo zailtasunetan diren laborariak.

Hala, aurtengo diru iturri horren faltan, joan diren urteetako erreserbetatik «tiratuko» dutela zehaztu du Lopepek, eta orain arte banatutako laguntza horiek «murriztu» beharko dituztela. Albo kalte gehiago ere eragin ditu birusak: lehengaia ekoizten dutenengan. 30 etxalde, sei kooperatiba ttipi, sei bixkotx egile eta bi edari hornitzaile. «2.000 eta 10.000 euro arteko manatzeak egiten dizkiegu; haiek ere kaltetuak dira».

Galtzea soziala ere badela errepikatu du Lopepek: «Laguntzaile eta militanteak elkar gurutzatzeko topaketa inportantea izaten da laborarien xokoa, sindikatuaren barne biziarentzat. Gainera, promozio tresna ere bada». ELBren kasuan bezala, Baionako eta Miarritzeko (Lapurdi) ikastolen kutxentzat ere pandemiak ez dakar berri onik.

Ikastolen kutxa hutsak

Oihana ikastolaren aurrekontuaren %10-15 dakarte Baionako bestek: «Bestarik ez izatea arazo bat da Baionako ikastolentzat, diru sartzea apalduko baitzaigu», xehatu du Lucile Darrigrand Oihana ikastolako besta batzordeko kideak. Gainera, iazko bestetako egunik «azkarrenean» euria jauts ahala aritu zuen; beraz, espero baino diru sartze apalagoa ukan zuten. Horregatik, errugbi partidetan talo saltzen hasi ziren. «Familiek haurka ordaindu beharreko kotizazioak emendatzen ditugu diru askirik biltzen ez badugu. Baina ez da hori helburua, nahi baitugu herri eskola izan dadila, eta ez daitezela izan kotizazioak oztopo», gehitu du Darrigrandek. Egoera ber tsuan da Miarritzeko ikastola ere; hala azaldu du Bertrand Forestier lehendakarietako batek: «Antolatzen ditugun hamabost ekitaldietatik, Baionako bestena da garrantzitsuena, ikastolako besta taldearen aurrekontuaren %50-60 ekartzen baitigu, eta urteko etekinen %10. Arazoa zinez larria zaigu».

Aterabide gisa, bertze diru iturriak xerkatu beharretan dira; gertakari gehiago antolatu beharko dituzte. Hasiak dira jada lanean Baionako bi ikastolak: irailaren 5ean Herrixka euskarazko lehen elkarte foroa egitekoa baitute Baionako Etxepare lizeoan: aktibitateak euskaraz eskaintzen dituzten guziak bildu nahi dituzte, norberak bere mahaitxoa ukanez: zirku, musika, antzerki, arte... «Besta giroan izan dadin nahi dugu, gisa horretan dirua bildu eta, aldi berean, erakutsi euskara dela guretzat garrantzitsua, eta ikastolatik kanpo ere euskaraz bizi nahi dugula; badela galdea euskaraz, kontuan har dezaten». Miarritzeko ikastola biltzar nagusiaren beha da ideien bilatzeko, baina, momentuz, «elkartasunari esker» aurreztu dutenarekin segituko du aitzina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.