Etxekoa ikusgai bihurtu zutenekoa

1905ean, etxeko altzariak kalera atera zituzten Barakaldon. Etxebizitzen egoeraren kontrako greba «berezia» izan zen hura, Aloña Intxaurrandieta Ormazabal historialariarentzat, protesta egiteko moduagatik, batetik, baina baita andreek bultzatua izanagatik ere. Ordea, ez zuen lorpenik izan.

Soldaduak Barakaldon sartzen 1911ko greban. CIHMA.
amaia igartua aristondo
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Etxegabetze batekin abiatu zen 1905ean Barakaldon (Bizkaia) izandako greba. Industrializazioaren ondorioz, 1900. urtean, biztanleak 1857an halako zazpi ziren, baina ez zen beste horrenbeste gertatu etxebizitzekin. Behar baino gutxiago zeuden, eta, gainera, jabeek alokairu oso garestiak eskatzen zizkieten. Horiek horrela, alokairua ordaintzeari utziko ziotela deliberatu zuten maizterrek, protesta gisa. 1905eko maiatzaren 16an, erabaki hori hartu zuen Policarpo Barrio etxegabetzera joan zen Polizia, baina emakumeen harresi batekin egin zuten topo.

Lehen saiakera hori egin eta zazpi egunera, militarrak sartu ziren Barakaldon, gerra egoeraren abaroan. Hasieran, ordea, «gutxietsi» egin zuten oro har emakumeek hasitako protesta, Aloña Intxaurrandieta Ormazabal historialariak dioenez: «Hori ikusita, agintariek pentsatuko zuten pasatuko zitzaiela, hurrengo egunean joanda konponduko zutela, kapritxo bat izango balitz bezala». Ez zen hala izan, ordea, hurrengo egunean agertu zirenean ere bertan baitzeuden andreak, eta orduak igaro ahala joan zitzaizkien batzen labe garaietako langileak aurrena, eta itsasadarreko gainontzeko fabriketakoak ondoren.

Esparru publikoaren eta pribatuaren arteko murru zurruna arrakalatu zuen protesta bat izan zen Barakaldokoa. Ez zen lehenengo aldia emakume bizkaitarrek ahotsa goratzen zutena, Bilboko Santutxuko zigarro fabriketako langileek egina baitzuten hori 1889an. Baina honako hau, nagusiki emakumeek bultzatua izanagatik ere, «berezia» izan zen, Intxaurrandietaren ustez. Izan ere, zigarro fabrikakoen aldarrikapena esparru produktiboari zegokion, eta barakaldarrenak, aldiz, esparru pribatua zuen hizpide. Etxea «emakumeen esparrua» izanik, «oso lotuta dago emakumeek halako presentzia eta protagonismoa izatea protestaren izaerarekin berarekin», historialariaren hitzetan. Hala, etxeetan gordetzen zena ikusgarri egin zuten andreek, literalki gainera, etxeko altzariak kalera ateratzea izan baitzen grebako ekintzetako bat.

Protestaren formak egiten du, besteak beste, «deigarri» Barakaldoko maizterren egitasmoa. «Oso esanguratsua da sinbolikoki, beraien altzariak eta ahotsak publiko bihurtu zituztelako. Ikur bezala, oso indartsua da». Grebetako eredu ohikoekin «kontrastatu» egiten duela azaldu du historialariak, ohiko irudi «serioen» kontrakarrean «jai giroa» izan baitzen nagusi Barakaldoko kaleetan: «Iruditzen zait badela bereziki interesgarria formaren aldetik ere. Honek ironiatik asko izan zuen».

Oharkabeko oihartzuna

Lanuzteak trumilka izatera heldu ziren, eta andreek trenbideak ere oztopatu zituzten, altzariekin hasieran, eta, horiek erretiratu zituztenean, euren gorputzekin. Horiek horrela, agintea gobernadore zibilari esleitu, eta hark gerra egoera ezarri zuen, eta militarrak bidali, erresistentziarik txikiena ere tiroz baretuko zuten mehatxuarekin. Hori ikusita, Alderdi Sozialistak protesta bertan behera uzteko deia egin zien langileei, maizterren eskakizunak, «bidezkoak» izanik ere, ez baitziren, haien ustez, «eskualde osoko langile klasea arriskuan jartzeko bezain garrantzitsuak». Deiari «esanguratsua» deritzo Intxaurrandietak: «Langileak etxeetan bizi ziren, beraien egunerokoarekin lotutako protesta zen, baina, halere, sozialistek esan zuten etxebizitzak ez lukeela langileen protesten ardatz izan behar».

Langileen babesik gabe geratzeak eta militarrek eragindako ikarak greba ahuldu zuten, eta lehengo egoerara itzuli ziren maizterrak. Grebara atxiki ziren langileetako batzuk lanetik bota zituzten, eta dozenaka atxilotu zituzten, gizon zein emakume. Prentsak, ordea, azken horiengan jarri zuen arreta, bereziki: «Ordura arte kritikoak izandako egunkariek errukia erakutsi zuten, baina gehiago zetorren kristau karitatetik justizia eskaera batetik baino». Atxilotuta, ezin zitzaketen bete ama gisa zituzten ardurak: «Amatasuna izan zen askapena eskatzeko argudio nagusia. Gainera, umetu egin zituzten, askotan halako erabaki txarrak hartzen direla esanez, baina egoera aldatu nahi izanaren asmorik aitortu gabe».

Zazpi eguneko olatua baretu, eta ahaztu egin zen gertatua. Mendea pasata, haren oihartzuna apenas entzuten den. Ondorioz, Intxaurrandietak «arratsalde bateko protesta oso lokal» gisa definitzen zuen monografiko bati esker izan zuen gertakariaren berri, baina, sakonago ikertzean, «atentzioa eman» zion jakiteak benetan nolakoa izan zen afera: «Emakumeek egin izanak eta lorpenik ez eskuratzeak eragin du agian gertakari anekdotiko bezala geratzea. Baina iruditzen zait normalean iruditegi maskulinoarekin lotutako industrializazioaren beste ikuspegi bat ematen duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.