Francisco Castro. Idazlea eta editorea

«Melengakerietatik ihes egin nahi nuen»

Ama alzheimerraren lehen sintomak agertzen hasi zenean, haur literaturako lehen liburua idazteari ekin zion. Arrakasta itzela lortu du lanak. 'Sinbad deitzen zidan' euskaraz plazaratu berri du Alberdaniak.
GORKA RUBIO / FOKU

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2018ko urriak 7
Francisco Castro (Vigo, Galizia, 1966) Euskal Herrian izan da Alberdaniak plazaratu berri dion Sinbad deitzen zidan (Chamádeme Simbad, 2009) liburua aurkezten. Ibilbide berezia egin du liburu horrek plazaratu zuenetik. Berezitasun horren norainokoa ondo ezagutzen du Castrok, Galaxia argitaletxeko zuzendaria ere badelako, idazle izateaz gain.

Zure Sinbad deitzen zidan-en trama alzheimerrak jotako aitona bat ardatz hartuta matazatzen da. Irakurle gaztetxoentzako liburua da, baina ez diozu muzin egiten gaitzari buruz argi hitz egiteari.

Jakina. Umeak txikiak dira, ez idiotak. Azken 15-20 urteotan, melengakeria bolada batek jota gaude, haurrentzako testuetatik minarekin, heriotzarekin eta desoroso sentiarazten gaituzten bizitzako beste hainbat arlorekin zerikusia daukan guztia ezabatzeraino. Fina Casalderrey idazleak eta biok O neno can [Mutiko-zakurra, 2013] narrazio liburua argitaratu genuenean, haur prostituzioari buruz eta 40 urteko gizonekin ezkontzera behartzen dituzten neskatilei buruz hitz egiten genuen, besteak beste. Hainbat irakaslerekin kontrastatu genuen gure asmoa, eta denek esan ziguten ezetz, ezin genuela halakoetaz hitz egin. Bada, zazpigarren edizioarekin dago oraintxe, eta IBBY zerrendan sartu zen 2013an, urritasuna duten umeentzako atalean. Melengakerietatik eta jatorrismotik ihes egin nahi nuen Sinbadekin ere.

Duela hilabete eskas argitaratu duzu gazteentzako nobela bat, Iridium, eta hor ere urritasun fisikoaz mintzo zara, eta nerabezaroaz, eta sexuaz.

Gurpil aulkian dagoen batek guk ditugun desioak ez dituela sinetsi ohi dugu, eta ez da egia. Edozertaz hitz egin daiteke nerabe zein haurrekin. Ikuspustuan eta kontaeran dago gakoa.

Sinbad deitzen zidan-en, bada, 10 urteko haur baten ikuspegia aukeratu zenuen. Zer esango zenuke kontaerari buruz?

Liburu samurra da, pasarte oso komikoak dituena. Liburuko une komikoenak eta absurdoenak, baina, ez dira sortzen alzheimerrak jotako aitonarekin, ustez arrazionalena den protagonistaren aitarekin baizik.

Sokratesen garaitik gaurdaino, pertsonak animalia arrazionalak garela sinetsarazi digute, baina animalia emozionalak gara. Alzheimerrarekin erabat ikusten da hori: pertsona gisa, memoria kentzen dizu, eta, guztia galtzen duzunean, musu baten eta besarkada baten emozioa geratzen zaizu. Halaxe gertatu zitzaion gure amari ere.

Zuen ama alzheimerrak jo zuen, eta zuk gaitz horri buruz idatzi zenuen. Helduentzako idazten aritua zinen ordura arte, eta irakurle gaztetxoentzako lehen lana sortu zenuen.

Bai. Hau idatzi nuenean, 11 urte zituen gure seme zaharrenak, eta nire ama alzheimerraren lehen sintomak agertzen hasia zen. Uste dut liburu honen bertute nagusia dela 10-11 urteko haur baten ikuspegitik begiratzea gaiari. Helduok, nik neuk, gaitzak sortuko dituen arazoak eta lanak ikusten ditugu. Umeek ez dute hori ikusten. Ikusten dutena da beraiek maite duten horrek ez dituela jada ezagutzen.

Haur protagonistak kontatzen duena maitasun istorio bat da, gauza guztien gainetik.

Baldintzarik gabeko maitasun istorio bat da, bai. Uste dut nire liburu denak direla maitasun istorioak. Liburu hau idazten hasi nintzenean, nekien gauza bakarra zen haur bat izango zela narratzailea, helduok ez bezala gaitasuna daukatelako mutur-joka ibili diren horrekin lagun ibiltzeko. Araztasun hori behar nuen. Paulok bakarrik ikusten baitu benetan inportantea den gauza bakarra: aitona zaindu behar dela. Haurra da heldu bakarra, finean. 10 urteko umeak eramaten ditu ustezko helduak behar den tokira.

Zenbateraino izan zen liburu hau terapeurikoa zuretzat?

Erabat. Idatzi ditudan lan guztien ideia piztu duten mementoak gogoan dauzkat. Liburu hau da salbuespen bakarra. Ez zen txinparta batetik sortu, neure zauri batetik baizik, eta zauri hori kauterizatzeko balio izan dit. Hiru hilabetean idatzi nuen. Barru-barrutik atera zitzaidan, pentsatu ere egin gabe ia. Poz gehien eman didan lana da. Jende askorenganaino heldu da.

Ia hamar urte dira argitaratu zenuela, eta oraindik ari da bidea egiten.

Bai. Hamazazpi liburu argitaratu ditut jada, eta [Espainiako] Estatuko hizkuntza guztietara itzuli didaten lehena da. Ilusio handia egiten dit. Euskaraz oraintxe hasi du bere bidea, eta Galizian urtero saltzen da ondo. Brasileraino ere heldu da. Luzerako dauka.

Ale asko saldu dituzu. Ohikoa al da galegozko liburu baten ia 45.000 ale saltzea?

Ez, baina kopuru hori ulertezina da konplize sare bat aipatu gabe. Irakasleak dira konplize horiek. Liburuari kalitatezko deritzote, eta baita erabilgarri ere, haur askok baitauka alzheimerrak jotako norbait inguruan.

Idazlea izateaz gain, Galaxia argitaletxeko zuzendaria ere bazara. Nola uztartzen dituzu bi lanak?

Mahaiaren bi aldeetan nago, eta bitasun horretan bizitzea lortzen dut. Hala ere, larritu egiten naiz oraindik ere norbaiti esan behar diodanean bere lana ez dugula argitaratuko. Eta, nire kalkuluen arabera, jasotzen ditugun lanen %85 ez ditugu argitaratzen.

Hamar urte daramatzat editore lanetan. Ordura arte irakaslea eta idazlea nintzen. Orain, editorea eta idazlea naiz. Editore lana onartu nuenean, neure buruari agindu nion idazten segitzea.

Eta nola dago gaur egun letra galegoen sistema?

Oso osasuntsu, indartsu. Idazle oso onak ditugu, genero eta adin guztietan. Nazioarteko onespena ere badugu. Ez daukagu, baina, maila bereko herri sarea eta administrazioa. Galizian, biztanleen %98k ulertzen dute galegoa, baina, duela bi urtetik hona, galego hiztunak ez gara populazioaren erdira iristen. Nola egiten ote dute lo lasai Xuntako arduradunek? Irakurketaren aldeko laguntzak ezerezean utzi dituzte, besteak beste. Eta gure ofizioak ez dauka zentzurik irakurlerik gabe.

Administrazioak galegoak babesteko itxurak egiten ditu, baina XV. mendetik abian dagoen desprestigioaren sokatik tiraka ari dira. Garai batean, galego hiztuna herrixkakoa izatearekin lotzen zen, herrixketan eutsi zitzaiolako hizkuntzari Francoren urteetan. Orain, galego hiztuna izatea eta norbere umeak galegoz heztea irakasle izatearekin edota BNGkoa izatearekin lotzen dute. Ez dute lotzen pertsona arrunt izatearekin. Administrazio konplize bat behar dugu hori iraultzeko. Gure hizkuntza eta kultura sustatzea besterik ez diogu eskatzen.

Galaxia argitaletxea ere osasuntsu al dago? Erraldoia da Galiziako gainerakoen ondoan.

Aurten 103 nobedade argitaratuko ditugu guztira, genero eta estilo guztietan. Hizkuntza handiek daukatena galegoz ere behar dugu. Galegoz dena da beharrezko. Guk guri dagokiguna egingo dugu: liburu onak idatzi eta argitaratu. Administrazioek ere egin dezatela dagokiena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna