Urte politikoa. Hitzordu nagusiak

2019a, bozen erritmoan dantzan

Politikan, udal eta foru hauteskundeek baldintzatuko dute urtea. Estatutuak 40 urte beteko ditu, hura gaurkotzeko gogoeta betean. Gorenak Auzitegi Nazionalaren epaia zuzentzea nahi dute Altsasukoek

Unai Hualde (Geroa Bai), Maiorga Ramirez (EH Bildu), Ruben Velasco (Ahal Dugu - Orain Bai), Ainhoa Unzu (PSN) eta Jokin Castiella (Geroa Bai), abenduaren 20an, Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU.
jon olano
2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko biztanleek 2017ko udaberrian Frantziako presidentetzarako eta parlamenturako bozetan botoa eman zutenetik, ez da hauteskunderik izan Euskal Herrian. 2016ko urrian izan ziren azkenak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —Eusko Legebiltzarrerakoak—, eta urte horretako ekainean Nafarroan —Espainiako Gorteetarakoak—. Bi urte igarota, Hego Euskal Herriko udal eta foru hauteskundeek zehaztuko dute euskal politikaren erritmoa urte berrian; bozak ez dira urteko ekitaldi politiko bakarra izango, halere.

HAUTESKUNDEAK

Aldaketaren zenbakiak

Maiatzaren 26a da eguna; orduan egingo dira udal eta foru bozak eta Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Orduan aldatuko da Hego Euskal Herriko udalen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusien eta Nafarroako Legebiltzarraren ordezkari banaketa. Azken lau urteetan, eroso gobernatu dute EAJk eta PSE-EEk erakunde gehienetan; koalizio gobernuak osatuta, gehiengoan gobernatu dute Donostian, Gipuzkoan, Bilbon eta Bizkaian, baina, gutxiengoan, nekezago aritu dira Gasteizen eta Araban.

2015eko egoera bera baldin badago, kalkulagailuek Nafarroan izan dezakete lanik handiena. Duela lau urte, Ciudadanosi botoen %0,04 falta izan zitzaizkion parlamentuan sartzeko; 200 boto baino gutxiagoren aldeagatik, Geroa Bairentzat izan zen azken parlamentaria, eta horri esker lortu zuten gehiengoa aldaketaren aldeko indarrek, ozta-ozta: 26-24. Orain, ikusteko dago zenbait faktorek nola eragiten duten Nafarroako indar korrelazioetan: besteak beste, nola banatzen diren eskuin espainiarzalearen aldeko botoak,eta nor den Ahal Dugu-ren krisiaren onuradun nagusia.

Halaber, lehen aldiz, udal eta foru bozek bat egingo dute Europako Parlamenturakoekin. Europakoetara aurkeztuko duen zerrenda osatzeko lanetan ari da EAJ, eta Josu Juaristi izango da EH Bilduko zerrendaburua. Koalizio subiranistak iragarria du ERCrekin eta BNGrekin aurkeztuko dela bozetara.

Botopaper festa horri batu dakizkioke Espainiako Gorteetarako bozak ere. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak esana du bere asmoa dela legealdiak 2020 arte irautea, baina aldagai ugarik eragin dezakete hauteskundeen data ezartzeko ekuazioan; esaterako, aurrekontuak aurrera ateratzeko gai izango den, alderdi katalanek babestuko duten —eta, beraz, Kataluniako egoera politikoa zein den eta preso independentisten auzia zertan den— eta udal eta foru hauteskundeetan PSOEk beheranzko joerarekin jarraitzen duen edo azken urteotako emaitzak iraultzen hasten den.

ESTATUTUA ERDIGUNEAN

Eguneratzeko urteurrena

1979ko estatutuaren hari ugari ere mahai gainean izango dira 2019an. Batetik, urrian beteko direlako lau hamarkada hura onartu zenetik. Bestetik, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua negoziatzen ari direlako eskualdatzeko dauden eskumenen inguruan. Madril egutegi bat aurkeztekoa zaio Jaurlaritzari, estatutuaren arabera Jaurlaritzari dagozkion baina oraindik Espainiako Gobernuaren esku dauden eskumenak transferituz joateko, baina, egutegi hori 2018 amaierarako aurkeztu behar bazuen ere, ez du hala egin. Sanchezek ostiralean agindu zuen bere gobernuaren «bokazioa» dela datozen hilabeteetan gauzatzea eskualdaketa «gehienak». Izan ere, estatutuan agertu arren, Madrilek ez du asmorik Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoa Jaurlaritzaren esku uzteko.

Aldi berean, estatutua eguneratzeko eztabaidak segida izango du 2019an. Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak iaz estatus berriaren oinarriak ezarri eta gero, testu artikulatua idazteko eta estatutu proiektu hori oinarrien araberakoa izateko agindua dute bost adituk. Horretan ari dira azken asteetan, eta ekainera bitarteko denbora izango dute. Ondoren, testua lege proposamen gisa eztabaidatu beharko dute talde parlamentarioek, udazkenetik aurrera.

Oinarri horietan berariaz jasotzen da erabakitzeko eskubidea, eta aldarrikapen hori egia bihurtzeko lanetan aritu da Gure Esku Dago azken bost urteetan. Galdeketen zikloa bukatu berritan, Anjel Oiarbide bozeramaileak azpimarratu zuen Donostiako galdeketa (2018-11-18) «mugarria» izan zela «erreferendum lotesleari begira». Dinamikak martxoan emango du aurrera begira egingo dituen urratsen berri.

EUSKAL ELKARGOA

Bi urte igarota, handitzen

Urte berriarekin, bi urte bete ditu Euskal Elkargoak, eta Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako instituzio horrek izango du erronkarik 2019an ere. Eratu zenetik, erakundeak bi urte izan ditu hainbat eskumen bereganatzeko, eta beste 21 hartuko ditu bere gain hasi den urtean. Otsailaren 2an dute hurrengo hitzordua, egun horretan egitekoak diren bilkuran aurkeztu eta bozkatu beharko baitute lurralde antolaketari buruzko proiektua. Horrez gain, Euskal Elkargoaren jardueraren inguruko «ikuskaritza herritarra» eginez amaitu zuen urtea Batera plataformak, haren asmoa baita datozen hilabeteetan pausoak ematea erakundearen demokratizazioan eta herritarren parte hartzean.

BAKEGINTZA

Presoak, agendan

Euskal presoen auzia ere hizpide izango da hasi berri den urtean, eta gaiak aurki du urteroko ekitaldi nagusietako bat, Orain Presoak dinamikak manifestaziora deitu baitu urtarrilaren 12rako, Bilbon eta Baionan. Espainiako eta Frantziako gobernuetan eragitea da xedea, Pedro Sanchezen eta Emmanuel Macronen gobernuek pausoak eman ditzaten espetxe politikan. Frantziakoarekin harremana duen euskal ordezkaritzak 2018 amaieran egin zuen oharra: «etenda» daude elkarrizketak, nahiz eta badagoen oraindik zer jorratu: emakume presoen hurbilketa, kasurako. Espainiakoak, berriz, esana du «bakarkako» trataera emango diela euskal presoei, baina ari da horietako batzuk gerturatzen; ez, ordea, Euskal Herriratzen.

Alor politikoan hori. Auzibidean, berriz, data zehatzik gabe jarraitzen du presoen babes sarearen aurka Auzitegi Nazionalak zabaldutako auziak. Euskal herritarren aurka zabalik dagoen azken makrosumarioa da: abokatuak eta Herrira, Etxerat eta Jaiki Hadi elkartekoak dira auzipetuak. «Terrorismo» delituak leporatzen dizkiete 2012an, 2013an eta 2014an eginiko jarduerengatik. Fiskaltzak zortzi eta 21 urte bitarteko espetxe eskaerak galdegin ditu haientzat; 590 urte, denera. Gainera, 117.600 euro eskatu ditu isunetan. Eloy Velasco epaileak egin du auziaren instrukzioa, eta Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak bat egin du haren tesiarekin. Fiskalak eta defentsak beren ondorioak aurkeztuta, ahozko epaiketaren data ezartzea litzateke hurrengo pausoa, baina hilabeteak dira pauso hori emateko dagoela. Auziaren tamaina aintzat hartuta —48 auzipetu—, defentsako abokatuek ez dute espero epaiketa berehala izango denik.

AUZITEGIAK

De Miguel eta Altsasukoak

Presoen babes sarearen aurkako epaiketa baino lehen ere izango da berririk auzitegietan. Altsasuko auzian, orain Espainiako Auzitegi Gorenari dagokio auzipetuek aurkeztutako helegitea aztertzea. Auzitegi Nazionalak iazko maiatzean zigortu zituen zortzi gazte, eta espetxean dauzkate horietatik zazpi. Auzitegi Gorenak urtarrilaren 23an eta 24an egingo ditu errekurtsoak aztertzeko saioak.

Beste auzi batek, berriz, politika astindu dezake datozen hilabeteetan. 2018. urtea amaitzear zela, eta urtebeteko ahozko epaiketaren ondoren, epaiaren zain geratu zen De Miguel auzia, Euskal Autonomia Erkidegoan epaitu den ustelkeria kasurik handiena. 26 auzipetu; tartean, Alfredo de Miguel, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJko ABBko burukide ohiak. Kasu korapilatsua izanik, Jaime Tapia epaileak esana du epaimahaiak hilabeteak beharko dituela auzia ebazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.