Automobilgintza sektorea. Ander Aranburu. AEGAko salmenta arloko arduraduna eta Gorla Auto Groupeko zuzendari nagusia

«Azken bi asteetan ziztu bizian igo dira salmentak»

Stock jakin bat arindu beharra zuten fabrikatzaileek baldintza onak eskaini dizkiete, eta kontzesionarioek aukera ondo baliatu dute, AEGA Gipuzkoako Automozio Enpresen Elkarteko arduradunaren arabera.
JUNE PRIETO / @FOKU

Irune Lasa -

2018ko irailak 4
«Jendea nahastuta ibili da», esan du auto salmentez pixkatxo bat dakien Ander Aranburuk, lehengo moduan edo modu berrian neurtu autoak berdinak direla azpimarratu nahian. Argi utzi nahi du hori; izan ere, oraindik urtebetez egongo da neurketa zaharra izan duen autorik salmentan, oraingo horiek bezala, «prezio interesgarrian».

Eskaintza bereziko auto hauekin batzuk nahastuta dabiltzala diozu.

Hau da gertatu dena; urtarriletik hona autoen igorpenen neurketarako irizpideak homogeneizatu egin dira. Horrek esan nahi du igorpen horiek modu berean neurtzen direla mundu guztian. Urtarrilean ezarri zen indarrean neurketa berri hori. Zer gertatzen da? Europan, irail honetatik aurrera, auto fabrikatzaileek dauzkaten auto berrien stock horietan %10tik azpira egon behar du aurreko metodoarekin neurtutako autoen kopuruak. Baina horrek nahastea sortu du. Batzuek uste dute auto hauek merkeago erosten direla autoa okerragoa delako. Ez, kontua ez da hori. Stocka likidatzeko helburuarekin baldintza bereziak ezarri zaizkien autoak dira. Autoa berdina da. Abenduan fabrikatu zen autoaren gasak modu batera neurtu ziren, eta urtarrilean egindakoarenak, beste modu batera. Baina autoa berdina da.

Asko dira baldintza horietan merkaturatu eta saldu diren autoak?

Bazeuden stockean modu zaharrean neurtutako auto gutxi zituzten fabrikatzaileak, eta bazeuden asko zituztenak, baina guztiek gainditzen zuten %10eko kopurua stockean. Hortik datoz ahalegin bereziak eta baldintza hobeagoak. Eta ahalegin hori handiagoa izan da abuztuan, irailean %10 horretatik gora egoteak isunak ekarriko zituelako. Horregatik igo dira salmentak hainbeste. Uztailean hasi zen gorakada, eta abuztuan %40 hazi dira salmentak iazko abuztuarekin alderatuta. Lehen hamabostaldian ez da hainbesteko jauzia izan; hazkundea %10 zen. Baina azken bi asteetan ziztu bizian igo dira salmentak. Asko matrikulatzen ibili gara, espektatiba handia sortu delako eta jendea etorri delako mauka hauen bila. Urtean, gutxi gorabehera, hazkundea %14 izan da. Eta fabrikatzaile gehienek lortu dute %10eko kopuru horretatik azpira gelditzea.

Zein kanaletan egin dira salmenta gehienak? Enpresetan, norbanakoetan, automatrikulazioetan?

Gehienak partikularrei saldu zaizkie, eta, gero, automatrikulazioak ere bai.

Asko izan dira orduan automatrikulazioak, hots, gero zero kilometroko gisan salduko diren autoen matrikulazioak?

Hemen, Gipuzkoan, ez hainbeste. Madrilen-eta bai. Azkenean, kontzesionariook gure stockekoak saldu ditugu. Baina stockaren pisu handiena fabrikatzaileek badute eta auto horiek Madrilen baldin badaude... Madrilen automatrikulazio oso potenteak izan dira. Adibidez, orain, abuztuan, sailkapenean lehenengo zihoan fabrikatzaileak 8.000 auto zeramatzan salduak, eta horietatik 5.000 automatrikulazioak ziren. Gipuzkoan automatrikulazioak egin dira, baina eragina txikiagoa izan da.

Eta zenbatekoak izan dira mauka horiek?

Auto modeloaren araberakoak izan dira, baina esan daiteke %20tik %30erako deskontuak izan direla.

Zenbat deskontu zeuden lotuta finantzaketari?

Denak.

Izan da %10 horretara jaisteko larri ibili denik?

Ez. Kontzesionarioek ez dugu presio edo larritasun berezirik izan. Ez da problema izan. Aukera ona izan da, fabrikatzaileek oso baldintza onak ipini dituztelako, eta horrek autoen prezioak ondo kokatzea ekarri du, eta ondo saltzea.

Eta hemendik aurrera...

Irailetik aurrera zer gertatuko da? Gaurtik [atzotik] jarraituko dugula aurreko modu hartara neurtutako autoak stockean izaten. %10 hori oraindik hor dago, eta horiek saltzeko epe muga 2019eko abuztuaren 31 da. Beraz, urtebete daukagu auto horiek saltzeko, ziurrenez prezio interesgarrietan eta orain arte bezala, kontuan izanda ez direla auto okerragoak, soilik neurketa desberdina egin zaiela.

Gainera, auto horiek badute beste abantaila bat ere. Lehenago matrikulazio zergarik ordaindu behar ez zuen autoren bat badago orain, neurketa era berriekin zerga hori pagatzera behartuta egongo dena. Auto berriak, berdin diesel edo gasolina, lehen zergarik ez eta orain pagatu beharko dutenak. Edo %4,75eko zerga pagatzen zutenak, eta orain %9koa izango dutenak. Aldiz, aurreko moduan neurtutako autoak, auto modelo berdinak, likidatzeko xedez fabrikatzaileak jarritako baldintza hobeak izateaz gain, ez du ordainduko zerga hori.

Eta orain zero kilometroko auto mordoa egongo da?

Egongo dira, bai. Aukera egongo da. Gipuzkoan ere bai, azkenean, guk matrikulatu ditugulako batzuk, eta fabrikatzaileek Madrilen automatrikulatutakoak ere banatu egiten dira. Aukera oso onak izango dira.

Zero kilometroko horietako asko izango dira dieselak?

Bai, denetarik egongo da, baina, berriz diot: kontua ez da dieselak direlako gehiago kutsatzen dutela eta horregatik automatrikulatu direla. Ez, ez. Aurreko araudiaren arabera neurtu zirela, hori bakarrik da arrazoia.

Dena den, zero kilometroko horiekin, neurri batean, ez diozue zeuen buruari kalte egiten?

Autoa saltzen baldin badugu eta tailerrera etorriko diren bezeroak lortu...

Urte bukaerara bitartean ez duzue uste salmenten beherakada handia izango denik?

Nik uste dut urtea oso ondo bukatuko dugula, hemendik urte bukaerara salmentak egonkortu egingo direla. Abuztuaren aurretik %13ra igotzen ari ginen, eta uste dut %13-%15 horretan mugituko garela urte amaieran. Iraila iazkoa baino apalagoa izango dela? Izan daiteke, baina nik uste dut ezetz, oraindik erosleentzako aukera onak izango ditugulako.

Matrikulazio zergak mugatu dezake neurketa berria duten autoen salmenta?

Ez dut uste. Auto gehienek ez dute matrikulazio zergarik ordaintzen. Pagatzen dutenak gama altuko edo zilindroen edukiera handiko autoak izaten dira.

Oraindik ere diesel gutxiago eta gasolina gehiago saltzen dira?

Bai, azken urtean hori asko aldatu da. Baina lehen ere ez zen normala %90 dieselak saltzea, eta orain hori aldatu egin da. Baina orain kontrara joan da gauza. %40 bakarrik gabiltza saltzen diesela. Edo gutxiago hilabete honetan. Abuztuan %70 inguruan ibiliko da gasolina. Urtean pilatua txikiagoa da, ez da heltzen %60ra.

Eta espero duzue joera hori areagotzea?

Ez. Nik uste dut ez dela gehiagora joango. Beste arau bat ere badago, 2020ko amaieran ezarriko dena: fabrikatzaile bakoitzak urtean zehar ekoitzitako auto guztien igorpenen batezbestekoa ezingo da 0,95 gramotik gora egon. Eta, horregatik, fabrikatzaileak gai horretan buru-belarri jarri dira, eta orain egiten diren dieselek, Euro 6 motorrekin, gasolina askok baino partikula gutxiago igortzen dituzte ia: 0,6-0,7 gramo, eta batzuek, 0,5 baino pixkatxo bat gehiago bakarrik. Beraz, diesel auto berriek ez daukate arazorik saltzeko. Beste gauza bat da komenigarria izango litzatekeela errepidean dabiltzan hamabost urteko diesel zaharrak kentzea. Eta gu, jakina, horrekin gustura, auto zaharrak kendu eta berriak saldu...

Abuztuan, azken urteetako hazkunde handiena izan da autoen salerosketan

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna