Inbestidura saioa mantendu egin du Torrent presidenteak

Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Jordi Turull Generalitaterako presidentegaia kartzelatu arren, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak inbestidura saioari eustea erabaki zuen bart. Herenegun egin zuten aurreneko bozketa, baina Turullek ezin izan zuen beharrezko gehiengo osoa lortu —68 boto—, CUPek abstenitzea erabaki baitzuen, iritzita JxC Junts Per Catalunyaren eta ERCren gobernu plana autonomista dela. Gaurko saioa 11:30ean hasiko da, eta ezingo dute bozketarik egin, presidentegaiak ezingo duelako bertan egon, baina azkeneko gertakarien inguruan alderdiek beren iritzia emateko baliatuko dute. Saioa bukatuta, adierazpen instituzional bat irakurriko duela iragarri du Torrentek.

Kartzelan egongo dira gaurko osoko bilkuran parte hartu beharko luketen diputatu batzuk. Edozein moduz ere, Turull hemizikloan egonda gaur bozketa egin izan balitz ere, presidentegaiak ez zukeen beharrezko gehiengo sinplea lortuko. Izan ere, Carles Puigdemont (JxC) eta Antoni Comin (ERC) erbesteratutako diputatuek ezin dute botoa delegatu, eta, hortaz, gehienez 64 boto bilduko lituzke Turullek, eta kontrako botoak 65 dira.

Bestalde,oraindik argitzeko dago zer gertatuko den atzo kartzelatutako diputatuen botoekin. Izan ere, Espainiako Prozedura Kriminalerako Legearen 384 bis artikuluak dio pertsona bat matxinada delituagatik auzipetzen eta kartzelatzen badute kargu publikoa etengo diotela. Horretarako, baina, auzipetze autoak irmoak izan beharra dauka, eta ez da. Defentsak kartzelatze aginduari helegitea aurkezteko aukera du. Oriol Junquerasekin eta Jordi Sanchezekin erabilitako irizpideari eusten badio magistratuak —kartzelan egonda ere, botoa delegatzen utzi izan die—, helegiteaz ebatzi arte botoa delegatzen utzi beharko lieke atzo kartzelatuei.

JxCk eta ERCk ezin izan zuten Turull inbestitu. Hemendik aurrera, auzipetuta daudenek diputatu aktari uko egingo baliote, presidente bat inbestitu ahal izango lukete bi indar subiranista nagusiek bigarren bozketan, 66 boto batuko lituzketelako. JxCk 34 boto atera zituen azkeneko hauteskundeetan, eta ERCk 32.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.