Elbira Zipitria, bide urratzailea

Beste era batean

Usu nabarmendu da pedagogikoki aurreratuak ziren metodoetan oinarrituta irakasten zuela Zipitriak. Hein handi batean, gerra aurrean izan ziren aireak hauspotu zituen diktaduran; urte ilun haietan. Hala ere, ez zuen deus ere idatzita utzi gaiaz, eta zer ikertua bada. Tratuan «zorrotz» oroitzen dute ikasle ohiek.
HEZKUNTZA MUSEOA-EHU

Arantxa Iraola -

2018ko abenduak 9
Nar´ats ber´iz; Lana polikiago egin bear´ da; Argi asko esan nun ba. Beste guztiek entzun zuten; Txikiak baino gaizkiago; Au naskeria! Polita or´ia!...». Horiek guztiak Resu Abasolok, Juana Lopez de Munianek eta Arantxa Urbek Ilunetik argira. Elbira Zipitria libururako haren ikasleen lan koadernoak aztertuta ateratako esaldiak dira: andereñoak berak haien lanak zuzentzean idatzitako hitzak, zorrotzak horietako asko. Garrantzitsuak dira oso koaderno horiek; izan ere, Zipitriaren pedagogia berritzaileez asko hitz egin izan da, baina haren metodoen gainean ez zuen utzi deus ere idatzita berak. Trebatu zituen zenbait andereñoren bidez zabaldu dira haren lan egiteko erari buruzko jakintzak, eta orduan ume ziren ikasleen oroitzapenen bitartez. Miresmenez aztertu izan dute askok haren lan egiteko modua. Garai haren iluntasuna aintzat hartuta, goraipatu egin behar dela dio, adibidez, Arantxa Urbek. Ikasleekin, esaterako, Urgull mendira egiten zituen txango ugariak nabarmentzekoak iruditzen zaizkio. «Urgulletik, han goitik, azaltzen zien zer den ibai bat, zer den itsasoratzea». Ikasgela barruan ere, garai hartako eskolan ohikoak ez ziren metodoak zerabiltzan sarri askotan: «Gauza asko orain berrikuntza baten moduan aurkezten ditugunak, berak bere garaian egiten zituen. Esate baterako, manipulazioaren bidez irakasten zuen: txotxak erabiltzen zituen matematika irakasteko, eta kanikak». Ia ikasmaterialik ez zegoen aldi hartan, euskarazko irakaskuntzarako —Xabiertxo liburua zerabilen; gerra aurreko ekoizpena zen, 1925ekoa—, baina «inguruak» eskaintzen zizkion «baliabideak» bikain baliatzen zekien Zipitriak egunerokoan.



Arantxa Garaialde Donostian 1951n sortua da; haren ikaslea izan zen: «Kalean asko ibiltzen ginen. Gaztelua [Urgull mendian] guretzat zen zoragarria. Hostoak zirela, itsasoa zela.... Bidaiak ere gogoan ditut geografia —lutelestia esaten zion hark— ikasteko. Esaten zigun: 'Gaur joan gara halako tokitara'. Eta gero guk mapa bat egin behar genuen». Feli Barrenetxea 1960an sortua da; justu Orixe ikastola sortu aurreko urteetan egon zen Zipitriaren etxe-eskolan. Onartzen dio haren lanari meritua: «Egia da guk metodologia aldetik bizi izan genuen hori guztia ez duela beste inork bizi izan». Elbira Zipitria zenaren ikasleen 70 koaderno inguru dituzte gordeta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza Museoan, Donostian. Koaderno igualak erabiltzen zituzten ikasle guztiek, paper lodidunak, marrarik gabeak; arkatz urdin-gorriz aritzen ziren horietan gehienetan. Ale aski interesgarriak dira ikerketarako.

«Museoak duen altxorretako bat dira», onartu du museoko zuzendari Pauli Davilak. «Horiek ikusita ikusten dugu zer gertatu zen ikasgelan». Hezkuntza berri baterako oinarriak ipini zituzten pedagogoen itzala argi ikusten du Davilak material horietan. Dudarik ez du: gerra aurreko irakasle jardunean egin zuen jardunetik edan zuen Zipitriak. Eskola berria deituriko joera pedagogikoak hauspotutako urteak izan ziren, eta, hein batean, horien arrastoan jarraitu zuen ondoren bere etxeko martxan ere. Bat dator museoko koordinazio batzordeko kide Luis Mari Naya. «Ezartzen ditu mugimendu horrek bere garaian proposatutako gauzak: ikasleekin mendira joatea, mendian hostoak hartzea...».

Aire berriak

Pedagogia berriak zedarritzeko erreferentzia ziren autore aitzindari askoren berri bazuela ere segurua da. «Errepublika garaian, esaterako, Maria Montessori egon zen Bartzelonan, eta oso ezaguna zen...». Frantsesez ondo moldatzen zen, gainera, Zipitria eta hortik ere edan zuen; hainbat autoreren liburuak zituen etxean. Deus idatzita utzi ez zuenez, ordea, eragin horiek zenbaterainokoak izan ziren esatera ez dira ausartzen ikertzaileak. «Izan ere, pedagogo berritzaileek zera egiten dute: metodo bat asmatu, hori idatzi, argitaratu, beste batzuekin eztabaidatu... Zipitriak ez zuen horrelakorik egin», azaldu du Davilak. Dudatan ezin da ipini, hala ere, beste era batean irakasten zuela Elbira andereñoak: garaiko eskola gehienetan egiten zen oso bestelako era batean. «50eko hamarkadako eskolatzea zen oso tradizionala, eta, kasu honetan, haren eredu pedagogikoak ez du zerikusi handirik horrekin; ikuspegi horretatik, berritzailea da», onartu du Nayak. Gauza askotan, gainera: neska eta mutilak elkarrekin aritzen ziren, mahairik gabeko ikasgela batean jarduten zuten —sarri, lurrean eserita egoten ziren haurrak, biribilean—, txangoak ere maiz egiten zituzten, eta ikasketa prozesurako arrunt erabilgarriak ziren... Gutxienean, ezohikoa zen hori dena.


Zipitriaren eskolan nagusitzen zen gaitegiari begira, garaiaren erakusgarri argia da dena; gerra aurretik abertzaletasunaren loraldian andereñoak bizi izan zuen aldiarena ere bai. Davila: «Esaterako, oso katolikoa zen». Nabarmena, da horren eragina ikasleen lan koadernoetan: otoitzak eta Jesusen bizitzari buruzko marrazkiak edonon ageri dira. Otoitza ere presente zegoen ikasgelako eguneroko martxan. Gogoan du Barrenetxeak. «12:00etan dena geratzen zen angelusa errezatzeko». Aberria ere presente dago. Diktadurako urteak zirela aintzat hartuta, erresistentzia eremu bat zen Zipitriaren eskola. Koadernoetan badira, esaterako, Aberri Egunei buruzko marrazkiak, abertzale ezagunei —Sabino Arana, adibidez— eskainitako orriak eta Euskal Herria zazpi probintziekin marraztuta erakusten duten mapak.

Davilak eta Nayak aztertua dute zer-nola irakasten zuen andereñoak abertzaletasuna. «Nazionalismoa, nolabait ere, bihurtzen da lokalismo. Ezin du esan: 'Abertzaleak gara'. Ikurrinak eta horrelakoak ezin ditu erakutsi, eta errekuperatzen du Donostia, bertako gauzak... Horrek irakurketa bat dauka: maite behar duzu zure herria». Anton Mendizabal Donostian 1945ean sortua da. Irakasle izan zuen Zipitria. «Erlijioari» andereñoak ematen zion pisua ongi gogoan du: «Abertzaletasunari baino gehiago». Hezkuntza Museoko ikertzaileekin bat dator: sentimenduen bidetik mintzatzen zitzaien aberriaz. «Behin gogoan dut nola eraman gintuen Aquariumaren atzeko aldera». Mendi hegal batean behera ura nola erortzen zen ikus zitekeen; begiratzeko esan zien. «Elbirak azaldu zigun zapalduta zegoela gure herria, eta mendiak horrexegatik egiten zuela negar». Iltzatua du irudia. Nayak nabarmendu du era poetiko horretan abertzaletasuna irakasteaz gain, bizi egiten zela haren eskolan Euskal Herria: egunerokoan. «Erakusten duen mundua da mundu abertzale bat», azaldu du «Harentzat, ez dago beste biderik: euskalduna bazara, abertzalea izan behar duzu». Mundura begira ere jarduten zuen ikasleekin. Koadernoetako batean, esate baterako, Martin Luther King hil zela adierazteko hilberri bat ageri da, hilarri batekin. «Eta horrek esan nahi du gai hori ere jorratu zuela ikasleekin, 7-8-9 urteko neska-mutilekin».

Kantuak eta olerkiak

Euskarazko kantu eta olerkiak eguneroko ogia ziren Zipitriarenean. Harekin jaso zuten «altxorra» nabarmentzen dute ikasle askok. Mikel Mendizabal dago horien artean, Anton Mendizabalen anaia da, 1952an sortua. «Abestien bidez ere kontzeptuak transmititzea bere ikasbidea izan zen; gero ikastoletan oinarrizko ekintza bat izan da, ikastolei nortasuna eman diena». Euskal zuztarrak eman zizkien ikasleei horren bidez: errokoak. «Euskal literatura eta poesia ere transmititu zigun oso gazte ginelarik: Lizardi, Orixe, Agirre,Elisanburu eta abar». Ekarpen oparoa jaso zutela oroitzen du Barrenetxeak ere: «Buruz zer ez genuen ikasi! Ni memoria txarrekoa izan naiz, baina nire ahizpek eta? Primeran. Testu zail askoak, eta buruz». Garaiko euskal kulturako izen ezagunak ere eramaten zituen maiz ikasgelara. Harritu egiten da Urbe bisita haiek irudikatzen, miretsita. «Ikusten duzu emakume bat hain txikia, hain bakartia, eta gero ikusten duzu haren inguruan zeukan sarea: Telesforo Monzon, Manuel Lekuona, Orixe, Nemesio Etxaniz... Eramaten zituen bere etxera: hori ere eskaintzen zien bere ikasleei».

Umeek 9-10 urte bete eta eskolatze arrunta hasten zutenean ere, haren eskolan ehundutako sarea iraunarazten saiatzen zen Zipitria. Eta koxkortuta ere, Gipuzkoako herrietara nola eramaten zituen gogoan du Anton Mendizabalek: herriko plazan jarri, eta euskal dantzak aurkezten zituzten, kantuak. Zorrotza zen halakoetan. «Esaterako, ikasleak lotsatiak izatea ez zuen onartzen». Alde hori ere bazuen andereñoak; hainbat ikaslek dituzte oroitzapen gordinak: zailak. Mendizabal bera, piper egiten oroitzen da, auzoan gurasoek zuten gozotegian, gezur txikitan. «Ez daukazu eskolarik? 'Ez, andereñoa gaixo dago'». Bat dator anaia: «Berak bazituen bere merezimenduak pedagogia aldetik, eta hori nabarmentzekoa da. Baina irakasle gisa ez zen horrelakoa». Eta ihes egin beharra sentitzen zuen: «Berandu joaten nintzen bere etxera propio, atea ixten zuelako eta eskaileretan geratzen nintzen ez nuelako sartu nahi». Hainbat ikasleren testigantzak entzunak dira Hezkuntza Museoan. Ez zaie arrotza ikuskera hori. Naya: «Ikasleekin hitz egiten baduzu, oso zorrotza zela esaten dute. Baina, hala ere, horietako askok errekonozimendu bat badute harekiko».

Feli Barrenetxeak, esaterako, urteekin aldatu egin du ikuskera: ulerberagoa da orain. «Gogorra zen gurekin, baina bere buruarekin ere bai: oso zorrotza. Langilea, arduratsua: hori dena ezin zaio ukatu. Bizitza osoa eman egin zuen. Esaten dute mojek egiten dutena? Honena oraindik ere areago zihoan; bere bizitza osoa zegoen horren inguruan». Denborarekin, onberago oroitu du Garaialdek ere, eta haren alde onak nabarmendu behar direla uste du. «Zer garrantzi ematen dion gizalegeari, indarkeriaren aurka burua erabiltzeari, adimenari... Justizia bera; hori dena asko lantzen zuen. Edo berdintasuna». Gaitegian, hain justu, berdin hazten zituen neskak eta mutikoak; miretsita oroitzen dituzte orain horrelakoak. Baina Garaialdek ere baditu iltzatuak andereñoak ikasleei egindako «burla txikiak» eta halakoak. «Ninikeria zen hitz bat asko erabiltzen zuena. Horrelako gauzak bazituen».

Horiek horrela izanda ere, garai ilun haietan andre hark izan zuen garrantzia nabarmendu egin behar dela dio Davilak. Motibo askorengatik. «Batetik, emakumea zelako, eta neskek ikusi zuten, hura ikusita, zerbait egin zezaketela. Nazionalismoa eta emakumearen funtzioa azaltzeko gida bat izan zen: erreferentzia bat. Jendeak ikusi zuen: 'Ni ere hel naiteke horra'», adierazi du. «Pedagogo moduan, ez nuke jarriko lehen-lehen lerroan. Julene Azpeitia-eta adibidez, hor daude: progresistagoak». Baina egindako lana goraipatu egin behar dela pentsatzen du. «Ez sinistekoa da; adineko emakume bat, zer, eta Donostiara etorri, eta burgesiako seme-alabak hezten jarri zen... Erabateko apustu pertsonala izan zen; bere bizitza izan zen erlijioa eta inguru hori guztia».



Ondo prestatzen zituen, gainera, ikasleak, baliabide oso gutxirekin eta sasoi hartarako guztiz berria zen era hartan aritu arren. Arazorik gabe hasten ziren ikasleak, behin Zipitriaren eskola utzita, ohiko eskolatzean. Hala oroitzen du Barrenetxeak. «Ni ez naiz izan inoiz ikasle distiratsua, baina normalean arazorik gabe moldatzen ginen: inolako problemarik gabe». Zenbait ikastetxetan ordurako haien jatorriaren berri izaten zutela gogoan du: «Gu izaten ginen las vascas». Gogotik saiatzen zen andereñoa ikasleak prestatzen: era osoan. «Aintzat hartzen zituen ikasleen beharrizanak, eta gaztelania ere, esaterako, lantzen zuten», azaldu du Nayak. Ikasleen lan koadernoetan badira gaztelaniazko testuak. «Eta frantsesez ere ikasten zuten ikasleek, beraz, hiru eleko eredu bati buruz ari gara; alde horretatik ere, aintzat hartzekoa da modernitatea», onartu du Davilak.

Downen sindromea

Arantxa Urbek ere nabarmendu nahi du Zipitriaren modernotasunaren beste etsenplu bat; gogorarazi nahi du zein izan zen 40ko hamarraldian Donostian izan zuen lehenbiziko ikaslea: Migel Mari Egia, Downen sindromea zuen gazte bat zen. Urte asko egin zituen Zipitriak haren andereño: etxera joaten zitzaion eskolak ematera. Era berritzailean aritu zen harekin ere. «Hain zuzen ere, aztertzekoa da nola sinetsi zuen harengan; nola egin zuen lan, zer baliabide erabili zituen harekin. Adibidez, futbola gustatzen zitzaion hari, eta Espainiako probintziak futbol taldeen bidez irakatsi zizkion»

Garai berrietara moldatzeko, ordea, zailtasunak izan zituen Zipitriak. Halako argitasuna izan zuen andrea izan zela aintzat hartuta, paradoxa dirudi. Baina bat datoz solaskide guztiak: apurka-apurka bakartzera egin zuen. Davila: «Beharbada, zeukan iraganaren nostalgia, eta ulergarria da. Bera ia bakarrik egon zen urte askoan, guztiz atxikia egon zen mundu jakin batera...». Oro ilun zenean ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna