Koronabirusa

Kontsumobidek abisua eman du maskaren etiketetan dauden okerrez

Esan du saltoki fisikoetan salgai dauden maskaren %69k etiketa desegokiak dituztela. Interneten arazoa orokorra da: denak daude gaizki

Andre bat, maskara soinean duela, Blboko metroan sartzen. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
arantxa iraola
2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Kontsumobidek aztertu ditu merkatuan dauden hainbat maskara, eta haietan jarritako etiketetan ez-betetze ugari aurkitu ditu: azalpen okerrak. Saltoki fisikoetan eskuratutako maskaren %69tan aurkitu dituzte etiketa desegokiak, eta Internet erabiliz erositakoetan, berriz, arazoa guztiz zabalduta dagoela esan dute: guztietan atzeman dituzte ez-betetzeak. Kontsumobideko zuzendari Olga Santamariak eman zituen atzo datu horiek, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtado ondoan zuela.

Uztail eta azaro bitartean egin zuen Kontsumobidek maskaren etiketen azterketa; FFP2maskarak eta higienikoak aztertuta. 53 saltokitan hartu zituzten maskarak, eta 37tan aurkitu zituzten etiketa desegokiak; akatsak zituztelako zenbaitetan, edo behar zen informazio guztia ez zutelako jartzen besteetan. Arau hauste arinen kasuan, horiek konpontzeko eskatu dute. Larriekin, maskarak merkatutik erretiratzera egin dute, eta orotara 10.914 maskararekin jokatu dute horrela; zehaztu dute 2.429 FFP2 motakoak zirela, lau modelo ezberdinetakoak. Gainerakoak, higienikoak egiten dituzten bederatzi markatakoak. Online salmentan 25 saltokiri erreparatu zieten. Akatsik ohikoenen artean honako hauek aipatu dituzte, besteak beste: maskararen egilearen gaineko datuen falta, eta garbiketari buruzko zehaztapen desegokiak.

Hurtadok «kezka» azaldu zuen atzo datuen harira, eta, bereziki, online saltzen diren produktu guztietan arau hausteak egotea jo zuen larritzat. Nabarmendu zuen, hala ere, akats horiek ez dutela inolako eraginik pertsonen osasunean, eta produktuen egokitasuna ere ez dela auzitan jarri behar sarri askotan: «Baina informazio argi eta egiazkoa jasotzeko eskubidea urratzen dute». Espainiako Kontsumo ministro Alberto Garzonekin bilera duela jakinarazi zuen, eta ikerketa honetan atzemandako arazoen berri emango diola.

OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak, bere aldetik, atzo hizpide izan zituen maskarak; FFP2 motakoak toki itxietan derrigor egiteko eskeak badira, eta erabaki horren kontra leudekeela esan zuten elkarteko arduradunek. Halakoak osasun langile eta antzekoentzat direla esan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.