Koronabirusa

Adostasunik ez Janssen txertoarekin hartu behar diren erabakien inguruan

Frantziako Gobernuak txertoa jartzen jarraitzea erabaki du. Espainiako Gobernuak gorde egingo ditu jasotako dosiak, EMAren irizpideak jaso arte

Janssen txertoa. ROB ENGELAAR / EFE.
Oihana Teyseyre - Arantxa Iraola
2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun

Asteon dudak sortu dira Janssenen txertoaren inguruan, eta zurrunbiloa ez da baretu. AEBetako osasun erakundeek asteartean txerto hori jartzeari uzteko gomendatu zuten, tronbo kasu «arraro» batzuekin lotura izan dezakeelakoan, eta atzetik EB Europako Batasunak ere txerto horren banaketa bertan behera uztea erabaki zuen. Orain, nahasmena da nagusi. Ipar Euskal Herrian, adibidez, Janssenen txertoa erabiltzen segituko dute. Gabriel Attal Frantziako Gobernuko bozeramaileak atzo goizean baieztatu zuen txerto hori jartzen segituko dutela Frantziako Estatuan, aurreikusi bezala. Halere, 55 urtetik gorako herritarrei bakarrik jarriko diete, AstraZenecaren txertoa bezala. Espainiako Gobernuak, berriz, adierazi zuen jaso dituela txertoaren lehen 146.000 dosiak, baina ez dituela banatuko oraindik; gorde egingo ditu biltegi batean.

EMA Sendagaien Europako Agentzia txertoarekin lotu dituzten tronbosiak aztertzekoa da, eta ikerketa horren emaitzen zain geratzeko asmoa du Madrilek. Esan du txertoa ekoitzi duen enpresak, hain justu, gomendio hori eman duela. Osakidetzak atzo jaso behar zituen Janssenen txertoaren lehen 6.850 dosiak, eta 70-79 arteko pertsonei jartzea zen asmoa, baina, aldaketon ondorioz, ezin izan zituen eskuratu.

Heldu den astera arte

EMA Europako Sendagaien Agentziak adierazi du aztertzen ari dela Janssenen txertoaren inguruan piztu diren zalantzazko kasu horiek, eta «datorren astean» jakinaraziko dituela txertoaren inguruan ebatziko dituen gomendioak. Nabarmendu du ikerketa egiteko prozesua «bizkortu» egin duela, eta ondobidean doala.

Ia zazpi milioi laguni jarri diete AEBetan Janssenen txertoa. Garrantzitsua da kopuru horren berri izatea sorturiko arazoei neurria hartzeko; izan ere, txertoa hartu ostean izandako zazpi tronbo kasu ari dira ikertzen, txertoak eragindakoak diren argitzeko. EMA, zehazki, sei ari da ikertzen. Aurreratu du kasu horietan zer jazo den argitu behar bada ere iritzi diola txertoaren onurak handiagoak direla arriskuak baino. Txertaketa bizkortze aldera, esperantza handiak sortu ditu Janssenen txertoak, dosi bakar batekoa baita. EMAk martxoaren 11n eman zion onespena, baina oraindik ez dago orokortuta Europako Batasuneko txertatze kanpainetan.

Europako Batzordeak, berriz, adierazi du Pfizer botika etxeak 50 milioi dosi banatuko dituela Europako Batasunean hiruhileko honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.