Hil egin da Baionan jipoitu zuten autobus gidaria

58 urteko gizonezkoa Baionako ospitalean zegoen, garun heriotza zuela. Baionako hiriguneko autobus gidariak astelehenean itzuliko dira lanera

Gidariak jasandako erasoa salatzeko manifestazioa, asteazkenean. G. FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Hil egin da Philippe Monguilot, Chronoplus sareko autobus gidaria. Joan den igandean, bortizki eraso zioten 58 urteko gizonari, eta Baionako ospitalean zegoen, garun heriotza zuelarik. Talde bati maskara jar zezatela eskatzeko jaitsi zen, iskanbila sortu zen, eta bi pertsonak jipoia eman zioten. Konorterik gabe utzi zuten, eta ihesi joan ziren. Biharamunean atxilotu zituzten ustezko erasotzaileak, erasoa gertatu zen auzo bereko etxebizitza batean. Haietako biri kolpeak eman izana leporatzen diete; beste biri, ustezko erasotzaileak babestu, eta biktimari laguntzarik ekarri ez izana. Astearte arratsean preso sartu zituzten laurak.

Asteazkenean, ehunka jende elkartu zen Baionan, kamiseta zuriak soinean, autobus gidariaren kontrako erasoa salatu, eta haren familiari babesa erakusteko. 58 urteko gizonaren senideek ireki zuten martxa, haren argazkia eta arrosa zuri bana eskuan zutela; haien ondoan, Chronoplus autobus sareko lankideak, hautetsiak, eta herritar andana.

Hain zuzen, astelehenetik geldirik egon dira Chronoplus sareko autobusak, langileek erretiratzeko eskubidea erabilita. Aste guzian sindikatuak zuzendaritzarekin negoziatzen aritu dira baliabide gehiago lortu eta segurtasuna hobetzeko. Baina atzo jakinarazi zuten Euskal Elkargoko komunikazio zerbitzuek. Sarea kudeatzen duen enpresak, Keolisek, segurtasun neurriak zorroztuko ditu, eta autobus sareko gidariak lanera itzuliko dira heldu den astelehenean. Hilaren 13tik agorrilaren 30era arte, segurtasun agente bat egonen da tranbus bakoitzean, eta baita gauez diharduten autobus normaletan ere. Sarea zaintzen duten segurtasun agenteen taldea ere indartuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.