Hamar enpresatik zortzi espero bezain ondo ari dira Bizkaiko metalgintzan

Joera onari eusten ari zaio Bizkaiko metalgintzako sektorea, eta FVEM patronalak berretsi du industriaren susperraldia bide onetik doala

FVEMko arduradunak, Jose Luis Lopez eta Lander Artetxe. M. RAMIREZ / FOKU.
June Romatet Ibarguren.
2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Bizkaiko metalgintzako sektoreak azken hilabeteetako joera onari eutsi dio, eta aurtengo bigarren hiruhilekoan nabarmen hobetu ditu espero zituen emaitzak. Sektoreko enpresen %78 espero zituzten emaitzen pare edo hobeto aritu dira jarduera mailari dagokionez. Joera horri eutsiko dio, gainera, urteko bigarren seihilekoak, enpresen erdiek baino gehiagok (%53) jarduera %75aren gainetik egotea espero baitute. Era berean, nabarmen murriztuko dira (%10etik %5era) uste dutenak laurden batetik beherako jarduera izango dutenak.

FVEM Bizkaiko metalgintza enpresen elkarteak egin duen barne inkesta baten emaitzak dira iragarpen horiek. Ikerketak berretsi egin du positiboa dela merkatuen —barnekoak eta kanpokoak— egoeraren bilakaera. Izan ere, enpresen ia erdiek adierazi dute suspertze egoeran daudela edo egoera indartsuan, eta %66k egoera horretan egotea espero dute sei hilabete barru. Eskaera poltsek ere merkatuaren bizitasuna erakusten dute, eskaera handiak dituzten enpresen kopurua bikoiztu egin baita apiriletik uztailera bitartean: ia %25 dira gaur egun, eta %11,4 ziren lehen hiruhilekoan. Denbora tarte berean, erdira jaitsi dira eskaera txikiko enpresak, %14tik %7,4ra.

Baikortasuna

FVEM baikorra da bigarren seihilekora begira. Hala ere, metalaren patronalak uste du oraindik denbora beharko dutela pandemia aurreko egoeraren zenbakietara itzultzeko. Txostenean, gaineratu du egoera ezberdinak direla enpresaren neurriaren arabera; enpresa txikiek datu okerragoak dituzte. Fakturazioari dagokionez, lehen seihilekoan % 7,4 igo da iazko datuekin alderatuta. Dena den, kontuan izan behar da 2020ko fakturazioa 2019koa baino %18 apalagoa izan zela. Enplegu datuetan, berriz, egonkortasuna nagusitu da: enpresen %79k uste dute langile kopuru egokia dutela, eta %9k gehiago behar dituztela.

Zalantza eta beldurrei dagokienez, lehengaien kostua da «alde handiz» enpresak gehien kezkatzen dituen aldagaia. Bigarrena salmenten errentagarritasuna da, eta, hirugarrena, ekonomiaren ahulezia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.