Bi pentsio sistema aldaketa betean

Euskal Herri osoari eragiten dioten pentsioen erreformak abian daude, nahiz eta aurreko urteetan abiatutakoak ez diren oraindik erabat ezarri. Bere proiektua aurkeztu du dagoeneko Frantziako Gobernuak, eta, gaurko protesta egunak iritzia aldarazten ez badio, datorren astean du onartzeko asmoa. Aldaketak oraindik posible direla esan zuen atzo Bruno Le Maire Finantza ministroak, betiere defizita ezabatzen badute. Espainiako Gobernua, berriz, egin nahi dituen aldaketak babestuko dituen eragile sozial baten bila dabil oraindik.
Gai minbera izan ohi da pentsioena, batez ere azken hamarkadetan egin diren guzti-guztien helburu nagusia izan delako pentsioetan egiten den gastua mugatzea eta erretiro sistemen defizita gutxitzea edo ezabatzea. Ildo murriztaile horretakoak dira oraingo erreforma proiektuak ere. Horrek ezinbestean ekarri ditu erreforma horien aurkako protestak, muga administratiboaren alde batean zein bestean.
Sistema baten eta bestearen artean badira aldeak. Honako hauek dira oinarrizkoenak:
NOLAKO SISTEMAK DIRA?
Frantziako eta Espainiako erretiro sistemek ezaugarri komun bat dute: biak dira banaketa sistemak. Horrela deitzen zaie unean uneko langileek unean uneko erretiratuen pentsioak ordaintzen dituztenean. Langileek eta haien enplegatzaileek hilero soldaten zati bat ordaintzen diote Gizarte Segurantzari, eta diru horrekin ordaintzen dituzte pentsioak. Belaunaldien arteko elkartasun sistema ere deitzen zaio. Banaketakoaz gain, kapitalizazio sistema ere badago —langileak bere lan bizitzan baztertutakoa gehi haren finantza errendimendua jasoko du—, eta nozionala deitutakoa ere bai —banaketa sistemaren eta kapitalizazioaren ezaugarriak tartekatzen dituena—.
Hego Euskal Herrian, pentsio publiko bakar bat dago —alargunarena eta erretirokoa uztartu daitezkeen arren—, baina bi dira Ipar Euskal Herrian: oinarrizko pentsioa eta osagarria. Azken horiek derrigorrezkoak dira soldatapekoentzat (Agirc-Arrco sistema) eta langile publikoentzat (RAFP). Lan bizitzan egindako kotizazioek puntuak ematen dituzte, eta, erretreta hartzean, puntu horiek diru bilakatzen dira.
ZEIN DA ERRETIRO ADINA?
François Mitterrandek 60 urtean jarri zuen erretretaren adina bere agintaldiaren hasieran, eta hala izan zen 2010eko erreformak 60tik 62ra gibelatu zuen arte.
Hego Euskal Herrian, berriz, 65 urtean zegoen, baina 2011n, euroguneko zorraren krisia eten nahian, eta Europako Batasunaren eta finantza merkatuen presiopean, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernu sozialistak adina 67 urtera atzeratzeko erreforma onartu zuen, CiUren laguntzarekin. Progresiboki ari dira erretiroaren adina atzeratzen, 2013tik 2027ra, urtero bi hilabete. Aurten, 66 urte eta lau hilabete dira. 2027tik aurrera izango dira 67 urte.
ADIN OFIZIALAREN AURRETIK HAR AL DAITEKE ERRETIROA?
Bai. Frantziako sistema orokorrak aukera ematen die hori egiteko lanean gazte hasitakoei, lan gogorrak egindakoei eta elbarriei. Esaterako, 1959tik aurrera jaiotakoek gaur egun erretiroa har dezakete 43 urtez kotizatu badute, betiere 21 urte bete aurretik urtebetetik gora lan egin bazuten. Erregimen berezietan daudenek —SNCF, EDF, marinelak, militarrak... — errazago dute, eta, horregatik, haien artean 59 urtetik beherakoa da erretretaren batez besteko adina. Oro har, Frantzian, 62 urte eta lau hilabetekoa da erretretaren batez besteko adina.
Espainiako sistemak aukera ematen die 65 urterekin erretiroa hartzeko horretarako nahikoa kotizatu dutenei. 2013an, gutxienez 35 urte eta hilabete behar ziren; 2023an, gutxienez 37 urte eta sei hilabete kotizatu beharko dira; 2027tik aurrera, berriz, 38 urte eta sei hilabete beharko dira.
ZENBAT URTE KOTIZATU BEHAR DA PENTSIORAKO?
Arlo horretan, gogorragoa da Frantziako sistema Espainiakoa baino, baina urtetik urtera gogortzen ari dira bi sistemak, erreforma progresiboen ondorioz. Hego Euskal Herrian, aurten pentsioa osorik jasotzeko, 36 urte eta erdi kotizatu behar dira, betiere erretiroa adin ofizialean hartuz gero (66 urte eta lau hilabete, 2023an). 2027an, 2011ko erreformaren trantsizio epea bukatzen denean, 37 urte izango dira.
Ipar Euskal Herrian, berriz, gaur egun 42 urte dira, baina 2014ko Touraine legeak 43 urtera atzeratu nahi zuen 2035erako; oraingo erreforma indarrean jartzen bada, 2027tik aitzinera izango dira 43 urte.
NOLA KALKULATZEN DA PENTSIOA?
Iparraldean, urteko batez besteko soldata atera behar da lehenik. Sektore pribatuan, gehien kotizatutako 25 urteetako batez besteko soldata gordina da; publikoan, berriz, lan egindako azken seihilekoak dira. Pentsioa soldata gordin horren %50 da, betiere beharrezkoak diren urteak kotizatu badira, eta apaldu egiten da gutxiago kotizatu bada; %37,5 da gutxienekoa. 1955etik aurrera jaiotakoek 43 urte kotizatu behar dituzte pentsio osoa jaso nahi badute, edo 67 urte bete arte itxaron erretreta hartzeko. Batez besteko soldataren %50 betetzeko baldintzak bete arren erretreta atzeratzen dutenek gainsari bat jasotzen dute (%1,25 hiruhileko bakoitzeko).
Espainiako sistemak lan egindako azken 25 urteetako kotizazioak hartzen ditu aintzat. 1985ean, bitik zortzira igaro zen; 1997an, hamabostera; eta 2011n, 25era. Orain, Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak 30 urtera igo nahi du kalkulua, baina bi urte okerrenak kenduta —24 hilabete okerrenak, zehatzago esateko—. Gaur egun, lan egindako azken 25 urteetako kotizazio oinarriak batu egiten dira —soldata gordina, aparteko ordainketak eta Gizarte Segurantzari langileak eta enpresak kotizatutakoa—, eta kopuru hori zati 350 egin behar da pentsioa zenbatekoa den jakiteko. Azken bi urteetako kotizazio oinarriak bere horretan hartzen dira, baina aurrekoak KPIaren arabera moldatzen dira. Kalkuluaren %100 jasotzeko, gutxienez 37,5 urte kotizatu beharko dira; gutxiago kotizatuz gero, gutxiago jasoko da.
NOLA EGUNERATZEN DIRA PENTSIOAK?
2021eko udan Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE patronalak hitzartutako erreformaren ondorioz, pentsioak aurreko urteko batez besteko inflazioaren arabera eguneratzen dira. Aurten, esaterako, %8,5 handitu ziren, hori izan baitzen 2021eko abendutik 2022ko azarora arteko batez besteko KPIa Espainian.
Iparraldean, berriz, «inflazioaren arabera» eguneratzen dira pentsioak, baina irizpide hori nahiko modu librean interpretatu ohi dute Parisko gobernuek. Horrela, 2022ko uztailean %4 handitu ziren, eta 2023ko urtarrilean, %0,8.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.