Udaltzaingoak bost pertsona etxegabetu ditu Gasteizen

Etxebizitza Sindikatuaren arabera, bizilagunek ez zuten «beste aukerarik», eta hor bizi ziren

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, Gasteizko Udaltzaingoak bost pertsona etxetik kaleratu zituen atzo, Zapatari kalean. Haren arabera, sindikatuaren esku zegoen etxebizitza bat zen hustutakoa, eta bizilagun horiek urtebete baino gehiago zeramaten hor bizitzen, «beste alternatibarik» ez zutela argudiatuta.

Sindikatuko kideek aitortu dute aurrez beste saio batzuk ere egin dituztela pertsona horiek etxetik kaleratzeko. «Jabeak etxegabetze ilegal bat gauzatzen ahalegindu ziren, eta, gero, epaiketa galdu zuten. Sindikatuan, hainbatetan egin genituen prezio apaleko alokairu bat adosteko ahaleginak, baina jabeak ez zuen onartu». Azkenean, bigarren prozedura judizialaren ostean lortu zuen bizilagunak etxetik kaleratzeko agindua. «Hau da klase jabedunen jarrera: hobe hutsik proletarioen beharren zerbitzura baino».

Hala, etxegabetzea «irmoki» salatzearekin batera, sindikatuak ohartarazi du egunero gertatzen direla halakoak, eta etxegabetzeak egiten jarraitzen dutela. Hala ere, jakinarazi du etxerik gabe gelditu diren bost pertsonei beste bizileku bat lortu dietela, nahiz eta «salbuespena» izan.

Beraz, uste dute lehentasuna «antolakuntza komunista» hedatzen jarraitzea izan beharko litzatekeela. «Soilik era horretan bilakatuko dugu salbuespen hau gizarte berri baten arau».

«Irizpide arrazisten» aurka

Inor Ez Etxerik Gabe eta Arabako Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformek, mobilizazio bat egin zuten atzo arratsaldean Gasteizen, etxebizitza eskubidearen alde eta arrazakeriaren aurka egiteko. Hain zuzen, salatu zuten higiezin agentziek «irizpide arrazistak» ezartzen dituztela, eta hori «ilegala» dela. Horretarako, bertaratu ziren herritarrek Gasteizko Grupo Basalde, Anitua Fincas eta Roma higiezin agentzien aurrean egin zituzten protestak, Irizpide arrazistak ezartzea ilegala da, etxebizitza eskubidea da lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.