Moves III planak diru gehiago izan du elektrikoentzat

2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Auto elektrikoen hedapena mugatzen duen beste faktore bat haien prezioa da. Adibide bat: gasolina motorra duen Opel Corsarik arruntenak 17.709 euro balio du finantzatuta Hego Euskal Herrian, auto horren webgunean ageri den eskaintza baten arabera. Opel Corsa elektriko bat ere badago, baina 24.094 euroko kostua du (+ 6.385 euro). Berez, bi prezio horien arteko aldea are handiagoa da, Espainiako Gobernuak auto elektrikoak sustatzeko ematen duen laguntza kalkulatuta jarri baitu Opelek prezio hori.

Gaur egun Moves III plana du izena auto elektrikoa sustatzeko egitasmoak, eta 7.000 eurorainoko laguntza ematen dio auto zaharra txatartegira eraman eta auto elektriko berria erosten duenari. Laguntza 4.500 eurorena da auto hibrido entxufagarria erosten duenarentzat. Laguntza horiek %10 handitzen dira herri txikietan bizi direnentzat, administrazioak ulertzen baitu horietan autoen beharra handiagoa dela.

Ibilgailuak ez ezik, horiek norbere garajean kargatzeko tresnak eta instalazioaren %70-%80 finantzatzen ditu Moves planak.

Espainiako Gobernuak 2021ean abiatu zuen Moves III plana, eta 400 milioi euro jarri zituen. Diru hori agortuz gero, beste 400 milioi euro jartzeko prest zegoen. Europako Batasunaren Next Generation funtsetatik dator dirua, baina Madrilek banatzen du, eta autonomia erkidegoek kudeatzen dute. Hain zuzen ere, ekainean, Hego Euskal Herriko erakundeek diru gehiago lortu dute banatzeko: Nafarroako Gobernuak 17,8 milioi euro gehiago jaso ditu, eta beste 18,9 milioi Eusko Jaurlaritzak.

Gasteizko gobernuak 22 milioi euroren eskaerak izan ditu 2021eko irailetik 2022ko maiatzera, baina 18,7 milioi baizik ez zituen jaso lehen banaketa batean. Nafarroak, berriz, 5,5 milioi eskuratu zituen. Lurralde horretan, gainera, ogasunak %35eko zerga kenkaria egiten dio auto elektrikoa erosten duenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.