Kataluniako prozesu subiranista

Quim Torrari urte eta erdiko inhabilitazioa ezarri diote

Kataluniako Auzitegi Nagusiak desobedientzia delitua egotzi dio Generalitateko presidenteari, xingola horia garaiz ez kentzeagatik

Quim Torra, atzo, Palaun egindako agerraldian. ANDREU DALMAU / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Bata bestearen ondotik etorri ziren. Luxenburgon Oriol Junquerasen immunitatearen inguruko ebazpena eman eta berehala, beste sententzia baten berri ematen ari ziren Bartzelonatik. Kataluniako Auzitegi Nagusiak zigorra ezarri zion atzo Quim Torra Generalitateko presidenteari. Espainiako Hauteskunde Batzordearen agindua bete ez izana eta espetxean dauden buruzagi independentisten aldeko xingola horiak eraikin publikoetatik garaiz ez kentzea egotzi zioten. Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpainan gertatu zen hori. Auzitegiakurte eta erdiko inhabilitazioa ezarri dio horregatik. Era berean, 30.000 euroko isuna ordaindu beharko du.

Torrak, xingola horiak garaiz kendu ez, eta zuriekin eta presoen aldeko mezuekin ordezkatu zituen. Azkenean, horiek ere kendu zituen, Kataluniako arartekoaren aholkuari jarraituz. Torrak argi utzi zuen ez ziola jaramonik egin Hauteskunde Batzordeari: «Ez, ez nuen bete. Ezinezkoa zen legez kanpoko agindu bat betetzea. Erakunde horrek ez zuen eskumenik horretarako». Kataluniako Auzitegi Nagusiak orain ebatzi du «jarrera desobediente setatia eta errepikatua» izan zuela aginduari uko egin zionean.

Hauteskunde Batzordeak gertatutakoa ikertzeko eskatu zion Espainiako Fiskaltza Nagusiari, eta Kataluniako Fiskaltzak Torraren aurkako salaketa aurkeztu zuen. Hauteskunde Batzordearen aginduari «kontzienteki» muzin egitea leporatu zioten. Fiskaltzak eskatu zuen presidenteari kargu publikoetan aritzea debekatzeko urtebete eta zortzi hilabetez, «desobedientziagatik», eta 30.000 euroko isuna ezartzeko; epaileak ia bere horretan onartu du eskaria.

Inhabilitazio zigorra ez da berehala sartuko indarrean. Torrak, eguerdian egindako agerraldian, jakinarazi zuen helegitea aurkeztuko duela. Adierazpen instituzional bat irakurri zuen alderdiei bere karguan berresteko eskatuz. Parlamentuan bozketa bat egingo dutela iragarri zuen presidenteak bere «duintasun demokratikoa» berresteko: «Ni ez nau ezein auzitegik inhabilitatuko». Gorenak politikari presoei ehun urteko kartzela ezarri ostean, Espainiako justizian batere konfiantzarik ez duela ere zehaztu zuen: «Europa eredu da justiziaren alorrean. Espainiak, berriz, errepresioaren bidean jarraitzen du».

Torrari azaroaren 18an egin zioten ahozko epaiketa, eta orduan ere argi esan zuen uko egin ziola «preso politikoak eta erbesteratuak aske» uzteko eskatzen zuen pankarta kentzeko aginduari. Gainera, esan zuen epaiketa politikoa zela hura, eta adierazpen askatasuna aldarrikatu zuen.

Tsunamiaren ekintza

Tsunami Demokratikoak herenegun egindako ekintzak ere zeresana eman zuen atzo. Camp Nou zelaian «ekintza handiago» bat egiteko asmoa zuela adierazi zuen mugimenduak, baina ezin izan zuela hura egin «Poliziaren jokabideagatik». Droneen bidez pankartak zabaldu nahi zituzten zelai erdian, partida eteteko. Mossoek, baina, droneak atzeman zizkieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.