Saretzeko deia eginen dute aurten LGTBI Harrotasunaren Egunean, Bilbon

Babeserako eta borrokarako sareek izan duten garrantzia nabarmendu du E28 Koordinakundeak. Ostegunetik hasita ekintzak egingo dira

Bizkaiko E28 Koordinakundearen agerraldia atzo. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Ekainaren 28ko LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean protesta egitera deitu du Bizkaiko E28ko koordinakundeak. Saretuz borrokak dirau! Perseguides, clandestines, unides [Jazarriak, klandestinoak, batuak] leloa erabiliko dute aurten, eta, hain justu saretzeak konfinamenduan zer garrantzia izan duen nabarmenduko dute mobilizazioetan. «Aurreko hilabeteetan bizi izan dugun larrialdi egoera dela eta, sostengu sareek garrantzi handia hartu dute, pertsona askorentzako baliabide bakarra bilakatu baitira instituzioen utzikeriagatik», adierazi dute.

Koordinakundeko kideek jakinarazi dutenez, babeserako ez ezik borrokatzeko eta saretzeko deia ere egin dute: «Bizirik irauteko, babesa bilatzeko, elkar aurkitzeko eta bakarrik ez gaudela jakiteko sareak aipatu nahi ditugu, baina baita isilduak, ezkutatuak edo hilak nahi gaituztenei aurka egin eta horien kontra borrokatzeko sortuak edota borrokalagun diren beste kolektiboekin sortuak ere». Haien arabera, sexu askapena «etengabeko borroka» bat da, eta egoera honek ere erakutsi du harrotasun eguna ez dela bertan behera gelditu daitekeen «ekitaldi soil» bat. Gehitu dute borroka honetan aritu direla azken 42 urteetan, eta orain ere horretan jarraituko dutela.

Egitarau zabala

Bilbon eginen dute manifestazioa, ekainaren 28an, igandearekin, 18:30ean, Moyua plazatik abiatuta. Mobilizaziora maskara jantzita, segurtasun distantzia gordeta eta «zisheteroaraua suntsituz eta ozen oihukatuz» joateko eskatu dute. Aste osorako prestatu dute egitaraua, ordea. Heldu den ortzegunetik hasita, zinema emanaldiak, solasaldiak eta tailerrak emango dituzte. EHGAMen Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sariak ere emanen dituzte ekainaren 27an, Bilboko Bira tabernan. Horrez gain, uztailerako ere ekintza bana antolatu dute: mahai inguru bat eta mendi martxa bat, baina azken ekintzarako aurrez izena eman beharko da. Gainera, adierazi dute mahai inguruetan aldibereko itzulpena eskainiko dutela, eta egingo diren ekintzetan osasun neurriak egongo direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.