Koronabirusa munduan

Errusiak gezurtatu egin du heriotza datuak beheratu izanaren akusazioa

Koronabirus kasu gehien dituzten estatuetan bigarrena izan arren, 2.300 hildako baieztatu ditu

Emakume bat, hildako medikuen omenez egindako oroitarri bat begiratzen, San Petersburgon, asteon. ANATOLY MALTSEV / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Errusia koronabirus kasu gehien dituzten herrialdeetan bigarrena da joan den asteartetik. Positibo kopuruan gainditu ditu Italia, Erresuma Batua eta Espainia. Orotara, 272.043 herritarri atzeman diete SARS-CoV-2 birusa. Aldiz, heriotza tasa dezente apalagoa du kutsatu kopuru antzekoa duten herrialdeekin alderatuta. Adierazle horren araberako zerrendan ez dago lehen 50 estatuen artean. Hainbat eragilek egiazko datuak ezkutatzen aritzea leporatu diote gobernuari. Kremlinen esanetan, ordea, prebentzio neurriek azaltzen dute aldea.

Azken egunetan, gorakada handia izan du Errusiak kutsatutakoen kopuruan, eta sei astetako itxialdiaren ondoren ez du kasu berrien hazkundea apaltzea lortu. Martxoaren 3az geroztik, 9.200 kasu inguru zenbatu ditu eguneko. COVID-19 gaitzarekin hildakoak, berriz, 2.537 dira, datu ofizialen arabera. 200.000 kasu baino gehiago dituzten herrialdeek baieztatu dituztenak baino askoz ere gutxiago dira. 31.610 hildako zenbatu ditu Italiak, 33.998 Erresuma Batuak eta 83.819 AEB Ameriketako Estatu Batuek.

Kremlinek nabarmendu du kutsatutakoen %41ek ez dutela sintomarik izan, baina test kanpainei esker baieztatutako kasuen kopuru esanguratsu bat gaitzaren fase goiztiarrean atzeman dutela. Agintarien esanetan, sei milioi herritar ingururi egin diete koronabirusaren azterketa. Datorren astean dira antigorputzen testak egiten hastekoak, biztanleriaren zer ehuneko immunizatu den jakiteko. Gobernuaren esanetan, test ugari egitearen ondorio zuzena da heriotza kopuru—konparazioz— baxua.

Errusiaren heriotza tasa, prebentzio neurriekin bainoago, datuen desitxuratzearekin lotu dute zenbait taldek. Oposizioaren hurbileko Medikuen Aliantza sindikatuak, esaterako, osasun sistemaren egoera makurra ezkutatzea leporatu dio Errusiako Gobernuari. Kremlinek ukatu egin du halakorik egin izana, eta OME Osasunaren Munduko Erakundeak ere baztertu egin du Errusiak hildakoen datuak «nahita» beheratu dituenik.

Orotariko heriotza datuak

Financial Times hedabideak, aldiz, COVID-19arekin lotutako heriotza datuak %70 handiagoak izan daitezkeela ohartarazi du, Errusiako bi hiri handienetako apirileko heriotzen datuak aztertuta. Hilabete horretan Moskun eta San Petersburgon kausa guztiengatik gertatu diren heriotzei erreparatu die. Argitaratu duenez, apirilean 2.073 heriotza gehiago izan ziren bi hiri horietan, azken bost urteetako batezbestekoarekin alderatuta. Gobernuak, baina, koronabirusarekin lotutako 629 heriotzaren berri eman zuen. Heriotza guztiak kontuan hartuz gero, %72 handiagoa litzateke hildakoen zenbatekoa.

Errusiako Osasun ministroak onartu du COVID-19arekin hiltzen diren guztiak ez direla gaitzak hildakotzat zenbatzen; adibidez, dagokion medikuak heriotzaren kausa nagusia koronabirusa ez den beste faktoreren bat izan dela uste duenean.

Agerkari britainiarrak argitu du aurreko urteetako heriotza kopuruaren eta aurtengoaren arteko aldea ezin zaiola zuzenean koronabirusari soilik egotzi, baina nabarmendu du zenbait adituren arabera litekeena dela bestelako zergati batengatik izandako heriotzen kopuruak behera egin izana aurtengo apirilean, pandemiari aurre egiteko hartu dituzten neurri murriztaileen ondorioz. Esaterako, trafiko istripuekin edo industria jarduerarekin lotutakoak.

Hainbat adituren iritziz, kausa orotako heriotzen kopurua aztertzea da modu bakarra herrialdeen arteko heriotza tasak alderatzeko, estatu batetik bestera desberdintasun handiak daudelako koronabirusarekin lotutako heriotzak zenbatzeko metodologietan.

Gennadii Onishchenko Errusiako osasun inspektore buruaren esanetan, heriotza datuei buruzko akusazioak «gogo txarrez» egindakoak dira, eta gaineratu du pandemia pasatu arte ezin izango dela egoeraren «argazki osoa» ikusi.

AEBen atzetik koronabirus kasu gehien dituen herrialdea izanagatik, pandemiaren hedatzearen kontra hartutako hainbat neurri murriztaile malgutzen hasi zen Errusia joan den asteartean. Orduan amaitu zen Vladimir Putin presidenteak langileentzako ezarri zuen sei asteko oporraldi behartu eta ordaindua. Putinek ohartarazi du ez dela desagertu birusarekin kutsatzeko arriskua, baina, aldi berean, beharrezkotzat jo du bere jardueraren %33 galdu duen ekonomia berriz ere abian jartzea. Langabezia lehen halako bi da azken hilabeteon ostean, eta lan bila ari diren beharginen kopurua 1,4 milioira iritsi da. Hori ikusita, hainbat sektore estrategiko martxan jartzera deitu du. Hala eta guztiz ere, eskualde bakoitzeko agintarien esku utzi du tokian tokiko egoeraren arabera neurri zorrotzagoak hartzeko aukera.

Moskun, esaterako, konfinamenduari eutsiko diote maiatzaren 31ra arte. Hiriburua da pandemiaren epizentroa herrialdean. Estatuko kasuen erdiak baino gehiago pilatzen ditu. Hala ere, milioi erdi langile itzuli dira beharrera eraikuntzan eta industrian.

Oraingoz, 85 eskualdetatik 11k betetzen dituzte neurri batzuk malgutzen hasteko baldintzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.