Jule Goikoetxea.
ARKUPEAN

Konfrontazioa

2016ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Urteko lehen artikuluan gure ezker eta eskuin abertzalearen konfrontazio ezaz arituko naiz. Badakit EAJk ez duela eskuinekoa izan nahi, zentrokoa baizik, baina horretarako beste alderdi abertzale bat behar duzu zure eskuinera. EAJren azken legealdi paraplegikoak ez datoz ezintasunetik, ezjakintasunetik eta beldurretik baizik, eta eskuin abertzalearen paralisi honek ondorio latzak ditu herritarrontzat, Espainiako politika neoliberalen inplementazioa dakar, PPri obedientzia, ergo, langabeziaren igoera, industrializazioaren etena, pribatizazioen inposizioa, miseriaren distribuzio desorekatua eta gure ongizate erregimenaren anglosaxoitzea (ez Norvegia, ez Finlandia) baina angloen tradizio demokratikorik gabe. Halere, estatuarekiko konfrontazio eza ez da soilik eskuin abertzalearen ardura, eta, paralisian egon badira, norbaitek hori ahalbidetu duelako da: oposizioak. Ezker abertzalearen lana udal mailan, nire iritziz, bikaina izan da, eta da, oro har, baina nazio eta estatu mailan egindako oposizioa oso ahula izan da.

Inor ez da perfektua, eta horretarako gaude herritarrak, geurea baita alderdiei kontuak eskatzeko ardura. Ibarretxek orain dela 10 urte esandakoarekin egingo badu ezker abertzaleak oposizioa nazio mailan —ikus Autogobernu Ponentzia—, barkatuko didazue baina arazoa larria dela aitortu beharko dugu. Ibarretxeren alde esan beharra dago hark bazekiela zergatik erabaki behar zen lurraldeka eta zergatik erabili behar genituen dauzkagun erakundeak estatua eraikitzeko: Euskal Herria federala delako, eta hala izan behar duelako. Ezker abertzaleak, aldiz, ez daki Euskal Herri federala nahi duen, Alemania, Kanada ala Frantziako ongizate erregimena, norvegiar ala finlandiar hezkuntza sistema, Italia ala Britania Handiko deszentralizazio administratiboa, suediar estatu eredua ala konstituzionalki bermatutako lurraldekako austriar botere banaketa... Nazio Forala II-ren egileak bere aurretik baldin baditu, imajinatu zer maila dugun momentu honetan Euskal Herrian estatuaz, hots, demokraziaz, eta, beraz, ongizateaz mintzatzerakoan...

Egitasmo sozioekonomiko eraldatzaileek sinesgarritasuna galtzen dute, horiek aurrera eramateko plangintza instituzional batekin ez badatoz: nola proposatu energia berriztagarrietan, ikerkuntzan eta garapenean oinarritutako herrialdea ez badago makro-egitasmo hori aurrera eramango duen estrategia politiko-instituzionalaren inguruko proposamen serio eta zehatzik?

Eskuin abertzaleak ere ez du esan zer-nolako egiturari egiten dion erreferentzia Nazio Foralak. Diot zientzia politikoetan eta nazioartean Nazio Forala ez dagoelako homologatua, inork ez daki zer den. Euskal Heteronomia izango da formalki? Euskal Foruen Errepublika Nazionala? Ekin, bada, Autogobernu-Plus-Max-aren alde, euskaldunon biziraupena bermatuko duela uste baduzue (Europar TTIP alias TISA Friedman gure ipurdian iltzatuta dugun bitartean, asiar kapitalismoaren haize boladak ekialdetik joka eta BRICSak gure inguruan biluzik dantzan), baina ekin mesedez serioski: egungo munduan ez daude Nazio Foralak, Estatu Federalak baizik; eta pase foralari, lege federal esaten zaio. Eta elkarbizitza nahi bada, elkar ulertzea ezinbestekoa da.

Herri honetan eztabaida politikoak duen maila eskasa gure hedabideek alderdi eta kargu publikoei, eragile eta mota anitzeko elkarteei egiten dieten konfrontazio ezaren ondorio ere bada: Espainiaren kopia. Konfrontazio publiko kaskar honen ondorio da ere, euskal herritarrek beren sistema politiko, alderdi eta erakundeei buruz duten ezagutza eskasa, eta, beraz, irrigarria haien gaineko kontrola. Dena dago erlazionatuta, aurrekoa ezker abertzalearen oposizio demokratiko ahularekin eta hori EAJren gobernuaren paraplejiarekin. Eta, Autogobernu Ponentziarekin jarraitzea, adar jotze bat izateaz gain, petatxuka bizitzen jarraitzea esan nahi du. Bai, badakit Anglosaxoiak ere petatxuka bizi direla, baina haiek asmatu zuten petatxuaren zentzu filosofikoa eta weltanschauung bat bilakatu. Horregatik, guk ez bezala, bikainki kontrolatzen dute petatxuaren logika ekonomiko eta politikoa. Hortaz, ez gara anglosaxoiak, eta ez dugu germaniarren zehaztasun metafisikoa, baina katalanen pragmatismoa ere ez.

Argi baldin badugu bidea guk asmatu behar dugula, zergatik jarraitzen dugu betiko espaloian, poteatzen eta esperoan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.