Patxi Zabaleta
ARKUPEAN

Europak Europa min

2016ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Europako hiriburua bakarren bat izatekotan Brusela da gaur egun. Eta hortxe, Europako Legebiltzarretik metro gutxitara izan da —denok nozitu dugu— indarkeriaren azken atzaparkada. Europaren aurka, Europak esan irudikatzen duenaren eta praktikatu beharko lukeenaren aurka.

Bruselako atentatu ikaragarrian hildakoen eta zauritutakoen nozimenduak eta saminak ez dauka inolako justifikaziorik eta atentatu hori bere osotasunean gaitzetsi ondoren, gure lehen elkartasuna biktima guztien lagun eta senitartekoei eskaini beharrekoa da. Baina ondoren ezinezkoa zaigu Europaz aipatu gabe gelditzea.

Egia da mundu zabalean bezala geure artean ere hainbestek eta hainbestek Bruselako ekintza armatuez hitz egin eta idatzi dutela eta askotan gainera bakoitzak norberaren iritziak eta ikuspegiak aitzineratu nahian gaiak erabiliz.

Egia da horrexegatik hainbeste erabili eta ezkutatu den gai honek ez daukala erakarmen handirik, baina halere ezin alboratukoa da.

Ortega y Gassetek Espainiaz esandako esaldia parafraseatuz eta, ikusten ditugunak ikusita, esan beharko genuke Europak min egiten digula, baina aldi berean ezin dugula Europa izateaz utzi. Europak Europa min!

Euskaldunok ezin gaitezke Europakoak eta europarrak baizik izan. Euskaldunok Europako bide gurutze batean, Europako mendi lerro batean eta itsas golko batekoak gara, nahiz eta iberoen ibaira isurtzen diren geure lur eremuetako urik gehienak...

Europak min egiten digu egunero immigrateen kasuan jokatzen duen moduarekin, min egiten digu palestinarrekin edo sahararrekin jokatzen duen moduarekin, baina minik handiena egiten digu bertako langabeekin, txiroekin, behartsuekin jokatzen duen moduarengatik. Ezin da ahaztu Bruselan atentatua egin dutenak Europan jaioak zirela; gu bezain europarrak, alegia.

Hollande Frantziako presidenteak Parisko atentatuaren ondoren esandako hitz haiek —gerran gaude eta irabazi egin behar dugu gerra hau— hutsegite handi bat dira. Europak irabaz dezakeen guda bakarra eta gainera gudarik garrantzitsuena eta luzarora balio duen bakarra ideien guda, giza eskubideen guda, demokraziaren guda eta eskubide sozialen guda da.Hori irabazten saiatzen ez den bitartean Europak Europa du min.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.