ARKUPEAN

Eltzea sutan jartzeko oraindik

Mikel Elorza -

2016ko azaroak 2
Joan den asteburuan jaialdi ederra izan genuen herrian, Hotz erakundeak antolatuta. Errefuxiatuei laguntzeko sortutako herriko elkartea —lan bikaina egiten dute, bai horixe—, hainbat ekimen egin izan ditu Europara iritsi nahian ari direnei laguntzeko eta esango nuke ona izan dela, orokorrean, haien ekimenetan jendeak emandako erantzuna, bolondres lanetan, ekarpenak egiten... Egiten duguna baino bost aldiz gehiago egin genezake, seguru, egin beharko genuke, baina jendeak egiten du, egin nahi du. Elkartasunerako badago eta, agintarien azken urteetan erakutsitako ezintasunaren aldean, herritarren maila altua da. Gogoratzen zarete Europako estatuetan hartu behar genituen milaka errefuxiatu siriarrak? Zenbat iritsi dira, 17, 36, 45? Europaren historian aspaldiko aferarik lotsa emangarriena izan dela esango nuke, mugak irekitzen baino ixten ahalegin handiagoa egiten duen Europan. Herritarrak dirua jartzeko prest ageri dira, errefuxiatuei laguntzeko, eta gobernuak errefuxiatuak etor ez daitezen jartzen dute dirua.

Errefuxiatuak Lesbosen edo Mazedonian irauten edo Lampedusara bidean itotzen diren bitartean elkartasuna izatea erraza dela pentsatuko du hainbatek, salako sofako gure elkartasunari burla eginez hipokritatik duenagatik, eta arrazoirik pixka bat badu, elkartasuna errazagoa da sarenet bitartez egin daitekeenean. Baina bejondeiela elkarteoi, haien lana laguntza orain eskaintzea da, errefuxiatuak Europaren ateetan dauzkaten beharrei erantzutea, eta handiak dauzkate, ez itotzetik hasita. Hurrengo pausoa baita behin iritsi direla —iristen uzten diegun gutxiak— bizi ahal izan daitezen ziurtatzea, nola biziko diren baloratzea.

Jakina da gure elkartasunak behera egiten duela une hori iritsita, eta bistan da gure eskoletan June eta Oier izenak nahiago ditugula Karim edo Jasmine baino —eta batez ere Arregi edo Ugarte izatea deitura, ez Benhacem edo Muradze—. Nahiago ditugu gure eskoletan eta gure seme-alaben lagun taldean, eta gure lagun taldean, gure Gabonetako ospakizunetan, gure pintxo-poteoan, eta abar.

Zail baita, zail denez, nahasten ikastea, desberdina onartzea.

Hitzetik hortzera dabilkigun hitza da bizikidetza, eta gaur egun batez ere gure gatazka politikoari lotua ibiltzen badugu ere, hitz horren azpian beharko lukeena, ene iritzi harroan, ez da ordu txikietan guardia zibil batekin borroketan edo tragoak hartzen egongo ote garen, edo PPko norbaitekin gosalduko dugun. Hori baino oinarrizkoagoa da bizikidetza, eta Gasteizen Los Pichis deitutakoen etxe atariko manifestaldiekin zerikusi handiagoa dauka. Su horretan daukagu eltzea probatzeko. Eta orain artekoetan... Familia batekiko gaitzespen sozial kolektibo hori arriskutsua bihurtzen ari da, gaitzespen kolektibo guztiak direlako arriskutsu. Nire etxera eraman ditzadala esango dit hainbatek, esango luketen bezala nire alaba bortxatuz gero ez nukeela berdin hitz egingo bortxatzaileen eskubideez. Eta noski, ez dakit zer sentituko nukeen kasu horretan, eta ez nuke nire etxepean eraso egingo ote didaten beldurtuta ibili nahiko, seguruenik Abetxukon eta lehenago Ollerietan batzuk ibili diren bezala, baina apustua balioak mantentzearen aldekoa izan behar du. Zaila, latza, eguneroko gimnasia eskatzen diguna; baina inportantea. Pentsatzen dugunaren arabera bizi gaitezen, bizi garenaren arabera pentsatzen ez amaitzeko.

Hurkoa, eta ez diferentea edo kontrarioa, izan dadin bestea halakoetan erakutsi behar da. Ez deitura eta lanbidea maila berekoa daukanarekin, boto-paperean beste aukera bat hartzen badu ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna