Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Egia ez dena

2017ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Gaurko egun batez, 1950. urtean Virginiako Wheeling hirian Joseph McCarthy senatoreak, 205 bat izen-deitura zituen zerrenda bat erakutsiz, Estatu Idazkaritzan lan egiten zuten alderdi komunistako kideak salatu zituen. Barne etsaiak zirela esan zuen, eta horien kontrako ehiza abiarazi zuen, bertaratutakoen txaloen artean. Ez zuen batere frogarik aurkeztu salaketa egin zuenean, ezta ehizak iraun zuen bitartean: beharrik ere ez.

Sei hamarkada igaro eta gero, Reuters berri agentziak barne-dokumentu bat zabaldu du bere berriemaileen artean, AEBetako presidentetza berriaren kazetaritza-ehizaren aurrean gidalerro komunak ezartzeko. Testuan aitortzen denez, zain egon dira agintaldiaren nondik norakoak ezagutu arte, uste baitzuten hauteskunde-kanpainan zehar erakutsitako jarrerak baretu edo egingo zirela behin agintera heldutakoan. Kontrakoa gertatu da, alta: gaiztotu egin da zeharo oilategian giroa.

«Zer egin dezakegu?», galdetzen du Reuters-ek bere agiri horretan: «Gobernuari aurre egin? Harremanak leuntzen saiatu? Boikota egin Etxe Zuriko komunikatuei?». Aukerak dira horiek guztiak, baina berri-agentziaren erantzuna beste bat da: «kazetariok gizakirik zantarrenak garela uste duenari erantzuteko modu bakarra dugu: egiten dakiguna egiten jarraitzea, kazetaritza are hobea, are zentzuzkoagoa, are duinagoa eskainiz».

(Aldarrikapen hori irakurtzean, Euskaldunon Egunkaria itxi zuteneko irudiak etorri zaizkit gogora, zehatzago, hurrengo egunean kalean beste egunkari bat izango zela agindu zuten langileen bisaia iluna).

Reuters ez da jo-puntuan dagoen bakarra, ezta egoera salatzen lehena ere. Trump agintera iritsi aurretik, Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak garai nahasiak zetozela iragarri zuen eta kezka azaldu zuen Etxe Zuriko nagusiak prentsa-askatasunaren predatzaileei aire berria emango ote zien beldur zelako. Bide beretik etorri ziren AEBetako beste zenbait hedabide handi, kazetari-ofizioaren duintasuna aldarrikatuz eta horren premia azpimarratuz. Mundua gezurren aurrean babestu dezaketen arma bakarrak kazetaritzak argitara ekarritako egiak direla esan du ospe handiko beste egunkari bateko zuzendariak.

Bat nator hedabideetako arduradunek azaldu duten kezkarekin. Desafio handia jokatzen dugu guztiok, berri-emaile eta berri-hartzaileok, jokoaren arauak apurtuz gero, galera guztiontzako izango baita. Kontraesana dirudi, baina oraingo aro hau aldi berean izan daiteke ezagutzarena eta desinformazioarena. Inoizko datu-jariorik handienean murgilduta bizi gara, sekula ez bezala, informazio, iritzi eta gertakari oro geure eskura iristea erraza, merkea eta bizkorra da, baina aldi berean sekula ez da horren modu argiz aitortu manipulazioa, zilegi bihurtzeraino.

Edonola ere, zergatik orain? Zer da orain bereziki aztoratu gaituena, zer da desberdin orain artekotik? Irudi lezake mundu zibilizatu honek oraintxe deskubritu duela botereari ez zaiola prentsa-askatasuna batere atsegin, hau da, Arkadia zoragarri batetik kanporatu berritan, oraintxe jabetu garela botereen balizko oreka-egoera ispilatzea dela. Eman lezake batzuk aldarrikapen arranditsuetan bizi izan direla, eguneroko miseriak gertatzen diren estoldetatik kanpo, edo bertan zer jazo den egiazki ezagutzera emateko batere gogorik gabe. (Eta berriro datozkit akordura otsailaren 20ko gau ilun horretan Euskaldunon Egunkaria itxi zigutenekoak).

Oxford Hiztegiak 2016. urteko hitza «egia-ostekoa» izendatu du, post-truth ingelesez, eta trumilka atera gara guztiak egiaren ostekoari izen berririk zertan asmaturik ez dagoela gogoratzeko. Zaharra baita oso egia ez dena izendatzeko hiztegi orok jasota duen berba: gezurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.