mikel elorza
ARKUPEAN

Paradisuko kontuak

2017ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Lehenengo literatoek, gaur egun HBOren gidoilarien taldean leudekeenak, abenturaz, sexuz, korapiloz, odolez eta traizioz, batez ere odolez eta traizioz hornituriko istorioa idatzi zuten, historiako best-sellerrik handiena sortuz, Biblia deituriko hori (izenburuekin hobeto dabiltzala egungo kreatiboak usteko duzue, baina ez: genesia, deuteronomioa, apokalipsia, kantiken kanta... kapituluen izenburuak landuagoak dira). Eta idazle hauen lehenengoetako asmakizuna paradisua izan zen, asmakizun ona bai horixe, egun daukan gaurkotasuna ikusita.

Historian, artean, literaturan eta bestetan zer irudikapen izan duen zerrendatzen ez naiz hasiko, ez lidake orrialdeak emango, eta gainera norberak badu paradisuaren errepresentazioa. Nahiz eta inpresioa dudan globalizazioa deitzen diogun kontu honekin, zeinak bere baitan uniformizazioa eta diktadura dakarren —irudien diktadura, ereduena, kontzeptuena, diskurtsoena...—, palmondo, hondatza eta ur turkesa eta halako irudi batekin lotzen dugula paradisua. Palmondoak, hondartza eta, maiz, estetikaren diktadurak ezarritako gorputz zehatz estereotipatudun emakume gazte batekin ere, emakumezkoa zeina, paradoxak zer diren, paradisutik egotziak izateko kulpante izan baitzen, gero noski ederki pagarazi dioguna. Hau guzti hau, kontziente naiz, mendebalde kristauan jaiotako ateo batek esana. Ateo kristau batek esana, alegia.

Mundu osoaz ari bagina bezala ari bainaiz, baina ez luke hala beharko munduaren zatirik handienean, izatez mendebaldar eta kristaua ez izanik; eta beraz ez dakit paradisuaren kontzeptu autoktonorik duten Txinan, Borneon, Turkmenistanen edo Burundin. Baina errezeloa dut guk eramandakoa ibiliko dutela. Biblia inon diren tokirik helgaitzenetara bidali baitugu, eta hura heldu ez den tokietara HBO seguru baietz. Paradisuaren kontzeptua agian aldatuko da, eszenografiari dagokionez, eta pertsonaiei dagokienez —emakumezkoaren zereginaz ez dut uste larregi aldatuko denik—, baina ez tankerakoa izango da.

Irudiak irudi, kulturak kultura, bada ordea paradisu bat guztion adostasuna lortu duena, kontzeptuan ez ezik gainerako elementuetan: zerga-paradisua. Aste honetan kapitulu berria izan dugu, protagonista berriak eta beraz morbo berriak, Biblia bezain zaharra den kontu baterako: ondasunak pilatzen dituztenek haiek ez banatzeko ahalegin handienak egiten dituztela. Eta zeintzuk dira ba pertsonok? Anonimo mordoa, aberats ezezagun asko baitago mundu zabalean, eta ezagun mordoa. Ezagunok, eskuarki, gizartean arrakasta lortu duten gisa ezagunak. Jarraitu beharreko ereduak. Gizartearen abangoardia ekintzailea, 100 urte geroago Errusiako harekin zerikusi gutxi duena.

Zerrendak atera ziren lehen. Atera dira orain. Eta filtrazio hauen egileekiko atxikimendua baneukan lehen, jakin-mina ere bai, baina urardotzen joan zait. Zerrenden berri ez izanda agian hobe, izenak ezagutuagatik ere gauzek igual jarraitzen baitute, lehen zerrendetan zeudenei ez zaie deus gertatu, ez zaie paradisuetan duten horretarik den mendrenik ere kendu, eta orain daudenei ere ez zaie kenduko eta, beraz, agian hobe ez jakitea ere. Laido eta lotsa publikoa ere galduta, zerrenda horietan egotea bihurtuko baita eredu, ekintzaile berrien xede.

(ereduak eta emakumezkoaren zeregina dela-eta, asteon nazioarteko tenis lehiaketa baten inaugurazio-galan, Milanen, tenislarien taldeak zozketatzeko bolak erabili beharrean emakumezkoak erabili dituzte: tenislari gizonezkoek —21 urtetik azpikoen artean munduko onenak— emakumezko modelo bana aukeratu behar zuten eskaintzen zitzaizkien hautagaien artean, eta aukeratutakoaren arabera talde batean edo bestean egokitzen ziren eta, jakina, modeloa besotik zutela joaten ziren taldekideengana... Torneoaren izena NextGen da, next generation. Jokatuko duten pistari paradise jartzea baino ez da falta).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.