ARKUPEAN

Gehienetan, gauzak diruditena dira

Juan Kruz Lakasta -

2018ko otsailak 1
Segur aski, denak dabiltza zuzen. Zuzen loreetan: Zuzen dabiltza Laura Perezen aldekoak berak jokaturiko rol historikoa nabarmentzen dutelarik. Nafarroa aldaketa instituzionalera eraman zuen ekaitz perfektuak baldintza beharrezko eta ez aski asko eduki zituen. Haietako bat, Perezek Ahal Dugu ausarki eta sutsuki norabide horretan bideratu izana.

Zuzen dabiltza Eduardo Santosen aldekoak alderdiko lemazaina izateko pertsonarik egokiena dela diotelarik. Akordio programatikoa lotzeko bide malkartsu bezain korapilatsuan, Santosek alderdikideen gidaritzan lan neurtu eta arduratsua egin zuen.

Eta zuzen arantzetan:

Zuzen dabiltza Santosen aldekoak diotelarik Perezek sarri bere kasa jokatu duela, eta gorabehera handiko parlamentaria dela. Aldaketaren aldeko foru parlamentariekin gutxieneko harremana duen orok daki.

Zuzen dabiltza Perezen aldekoak diotelarik Santosek Pablo Iglesias txiki baten moduan (nahiago bada irakur bedi Nicolas Makiavelo txiki baten gisara) jokatu duela alderdiaren kontrola lortze aldera. Perezen aurkako txosten(filtratu)a irakurri duen edonork du argi.

Segur aski, denak dabiltza zuzen, eta ez alderdi barruan soilik.

Kanpoko kritikari zorrotzak ere zuzen dabiltza diotelarik Santos eta Perez (eta haien ingurukoak) barregarri geratzen ari direla, begi bistako zaplastako latzen zein filtraturiko ostikada gupidagabeen bitartez.

Eta zuzen dabiltza halaber diotenak kanpoko kritikari zorrotz horietako hainbaten gurasokeria gehiegizkoa suertatzen dela, askok oraindik begi ninietan eta hipokanpoan iltzaturik baitituzte Aralarren zatiketaren garaietako zaplastako figuratu zein literal ozenak, eta Nafarroa Bairen garaietako prentsaurrekoetako ostikada eta filtrazio marxista-kamaroteistak.

Zuzen dabiltza, halaber, Perezen eta Santosen artean desberdintasun ideologikoak daudela diotenak.

Perezek Madrilgo zuzendaritzarekiko independentzia handiagoa aldarrikatzen du. Eta Santos Madrilen esanetarago dago.

Baina zuzen dabiltza, gisa berean, desberdintasunok ez direla horren sakonak diotenak, biok klarki azaldu izan baitira aldaketaren gobernuaren alde eta PSNrekin akordioak lotzearen aurka.

Eta, are erabakigarriagoa dena, PSNren aurrekari urrunekoak (UPNrekin loturiko gobernu akordioak) zein hurbilekoak (UPNrekin lerraturik darama legealdi osoa) aintzat hartuz, nahita ere, ez dirudi ez batak ez besteak aukerarik edukiko luketenik PSNrekin ezein akordio lotzeko.

Zuzen dabiltza nabarmentzen dutenak Perez memoria historikoaren aldeko mugimendutik datorrela, bai. Baina Santos preso sozialen eskubideen eta ingurumenaren aldekoetatik heldu dela azpimarratzen dutenak bezainbat, ez gehiago.

Besteen zuzentasunak gibelean utzirik, jada nire kolkotik: irakurketa manikeistegiak ez ote diren egin. Analisi batzuetan gehiago ez ote diren eduki gogoan Ahal Dugu-k aldaketaren aldeko beste indarrekin jokoan (izan) dituen botoak, aldaketarentzat egiazki erabakigarriak eta ezinbestekoak (izan) direnak (eta aldaketaren aldeko beste indarrentzat eskuraezin direnak) baino: abstentziotik eta PSNtik jasotakoak.

Gehienetan, gauzak diruditena dira. Eta, nire uste harroan, balirudike, nagusiki, alderdiaren kontrola lortzeko borroka baten aitzinean garela. Perezek, idazkaritza nagusiaren galera gaizki digerituta, bere kasa jokatu duela. Eta Santosek, Madrildik gauzaturiko lidergo distirarik gabekoaren ondorioz 2019ko foru hauteskundeetan zerrendaburu izateko primarioak galtzearen beldur, zigor txosten hanpatua bultzatu duela.

Gehienetan gauzak diruditena dira, baina ez beti.

Balirudike atzerabiderik gabeko egoera baten aitzinean garela. Alta, analisi politikoa egiteko tenorean, tresna argigarria izan ohi da protagonisten interes berekoiak erabakigarritzat hartzea. Eta nago alderdia zatiturik biok ala biok dutela gehiago galtzeko irabazteko baino (eta biokin batera, jakina, aldaketaren aldeko guztiek).

Baina akaso denak dabiltza zuzen, eta ni oker.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna