Xabier Mendiguren Elizegi.
ARKUPEAN

Eneko eta Urki: bat bitan

2018ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Orain urte batzuk ezagutu nituen Eneko Sagardoi eta Urki Muguruza, Nazaret Froufe eta Joana Ocaña. Pazko astean Artedramak Aulestin antolatu ohi duen antzerki ikastaroan ibili ziren ikasten, beste aktore gazte batzuekin batera; Manex Fuchs irakaslearekin testu bat landu zuten, eta handik irtenda Lauka taldea sortu zuten gero, Aulestin lantzen hasitako testua oholtzara eramateko. Amodioaren ziega zen gazte haiek eszenaratu zuten antzezlana, preso baten eta bere bikotekidearen arteko bis-a-bis bisita bat kontatzen duen obra, nire eskutik sortutako drama sinple bat berez, baina Fuchs eta Lipusen muntaketan berezitasun aipagarri bat zeukana: gidoian emakume bat eta gizon bat ageri dira taula gainean, Aitor eta Miren, baina haien pertsonaiak jokatzeko bi ez baizik lau aktore aritu ziren taula gainean. Aitorren rola Enekok betetzen zuen batzuetan, Urkik besteetan; Mirenen hitzak Nazaretek esaten zituen zenbaitetan, Joanak beste hainbatetan.

2015ean estreinatu zen Amodioaren ziega, eta geroztik talde gisa batera aritu ez badira ere, interes handiz jarraitu dut bertan parte hartu zuten aktoreen lana. Batez ere Sagardoirena, izugarria baita gazte durangarrak izan duen bilakaera eta garapena, bai antzerkian eta bai zineman, lan apartak bata bestearen ondotik kateatuz, sariak eta aitortzak elkarren segidan pilatuz. Orain dela aste pare bat, Heriotza bikoitza izeneko antzezlan bat eman behar zuten nire bizitokitik hurbil, Enekok berak eta Miren Gaztañagak antzezturikoa, eta hara joan nintzen, obra ikusteko eta, ahal bazen, Enekori besarkada bat emateko. Emanaldiaren ostean, han-hemen zirkuluetan bilduta hainbat lagun, teatro mundukoak gehienak, emanaldia zein eder eta hunkigarria izan zen komentatuz, haiek ere, nire antzera, aktoreak noiz irtengo zain, zorionak emateko. Eta han itxaroten nengoela, Urki ikusi nuen.

«Aspaldiko!», «Zer moduz?» eta gisakoekin agurtu genuen elkar, eta, zertan zebilen eta aspaldian bere berri ez nuela komentatu nionean, Urkik kontatu zidan utzia zuela antzerkia, eta orain aitarekin lan egiten zuela tailerrean, burdina forjatuzko lanak egiten. Ofizio noblea iruditu zitzaidan, bezero bakoitzaren eskariz neurrira egin beharrekoa, baina noski, ez zen hori Urkiren betidaniko ametsa: antzerkian bere proiektuak aurrera eraman edo bizimodua atera ezinik, amore eman zuela esan zidan, eta orain, halako sentimendu gazi-gozo bat zeukala antzerki-lan bat ikusten zuen bakoitzean: afizioari berriz heltzeko bultzada, batetik, zaurian hatza sartze moduko bat, bestetik.

Etxera izulita, pentsatu nuen zein krudela den bizitza, oro har, eta zein murritzak euskal sortzaileek dauzkaten aukerak, zehatzago. Pertsonaia berberari bi gorputz eta ahots eman zizkioten aktore biek lanbidearen aurpegi bikoitza eraskusten zidaten: alde batean txaloak, arrakasta, miresmena, handik eta hemendik egindako eskariak; bestean isiltasuna, etxean geratzea, arteari urrundik begiratu beharra eta, hurbilduz gero, errusumin antzeko bat sentitzea. Eta zoriaren banaketa ez da proportzionala gainera: Eneko bakoitzeko 99 Urki daude, edo 999.

Ez nabil proposatzen denok derrigor parean egon beharra: normala da talentuak eta ahaleginak bere saria izatea, eta ukaezina da zortearen eragina ere. Baina artea lanbide bihurtu nahi duenak laguntza gutxi eta oztopo ugari aurkitu ohi du gure herrian, antzerkian bezala literaturan, musikan bezala pinturan. Eta ez da ezinbesteko halabeharra. Ikusi besterik ez dago, adibidez, zein lege-baldintza desberdinak dauden arlo honetan Espainian eta Frantzian, urrutirago joan gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.