ARKUPEAN

Euskararen aurka

Xabi Paya
2018ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Aurka egotea beti izan da energia kontsumo handiko jarduera. Sakelako telefonoetako zenbait aplikazio bezala, aurkakotasunak etengabeko xahutzea eragiten dio gure bateriari, baita kontzienteki ari ez garenean ere, eta sarritan zerbait garrantzitsua egin behar dugunerako apenas geratzen zaigun argi berderik pilaren barruan.

Egia da kontrakotasunak aldekotasunak baino errazago garatzen direla: ez dakigu zehazki zer nahi dugun, baina barruak esaten digu hori berori ez dela guk hautatuko genukeena. Eta askotan gure izatearen definizioa minus pila baten batuketa baino ez da: ez naiz gorria, ez naiz berdea, ez naiz beltza... eta espektro kromatikoaren hiruzpalau koloretan geratzen gara, zuria barne. Zehazki, nazioen eratzearen ikerketetan ezaguna da giza-taldeak bereizteko lehenbiziko aztarna bestetasuna edo alteritatea dela: gu ez gara horien taldekoak, gu bestelakoak gara. Euskarazko liburu zaharrenean, besteak beste, agerikoa da bestetasun hori, «bertze jendek uste zuten» edo «bertze ororen gainera» bertso-lerroak lekuko.

Zerbait ez gustatzea edo zerbaiten aurka egotea errespetagarria iruditzen zait, zerbait hori “makarroiak tomatearekin— bezalako kontzeptuak ordezkatzen baldin baditu. Izan ere, makarroiak tomatearekin gustuko ez dituenak ez du kaltetzen bere irudia, badakigulako munduan pasta adibidez mahonesarekin jaten duen jende zoragarria dagoela. Baina... tomatedun makarroien tokian «euskara» jarriko bagenu? Norbait egon liteke euskararen aurka? Izan liteke euskara gustuko ez duen jenderik? Are gehiago, izan liteke euskara sustatzearen aurka dagoela lasaitasun osoz esango lukeen gizaki hilkorrik?

Gogoan dut XXI. mendearen hasierako Inkesta Soziolinguistikoetan deigarriena zirudien datua horixe izaten zela: euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarreraren bilakaeran aurkako erantzunek zeukaten pisua. XX. mende bukaerako azken neurketan, euskararen eremu osoko gizartearen %20,9 gai zen euskara sustatzearen aurka zegoela esateko. 2016ko neurketako datuetan, zorionez, %16ra jaitsi zen batez besteko aurkakotasuna: Euskal Autonomia Erkidegoan %9,3, Iparraldean %17,1 eta Nafarroako Foru Erkidegoan %39,1. 39,1! Hiru nafarretik bat ez omen zen lotsatu euskara sustatzearen aurka zegoela esaterakoan. Pentsa zer nolako kemenez jardun beharko zuten euskaltzale nafarrek garai hartan! Zenbakien aldeak, ezbairik gabe, lurralde bakoitzeko hizkuntza politiken arrakasta islatzen zuen.

Agintariek mende erdia baino gehiago behar izan zuten ulertzeko euskararen alde egiteko estrategietan euskararen aurka ez egitekoak ere landu behar zituztela: feminismoaren alde egiteko ez du soilik balio berdintasuna sustatzeko politikak bultzatzea, ezinbestekoa baita desberdintasunaren aurkako neurriak hartzea ere. Autoa martxan jartzeko bezalaxe, ekintza bat baino gehiago behar dira aldi berean.

XXI. mende bukaerarako bagenekien euskararen kontrakotasunaren argudio nagusiak funtzionalak edo emozionalak zirela: «Zergatik gastatu hainbeste diru euskaran? Horrek lehiakortasuna galarazten digu» eta «Hemen sekula ez da euskaraz hitz egin. Euskaraz ari bazarete, molestatzeko baino ez da» esaldiek zapaltzaile moderatuak eta zapaltzaile erradikalak bereizteko balio zuten. Lehen urratsa, beraz, halakoak esateko erreparorik ez zituztenak lotsaraztea izan behar zen, hitz aldaketa txikiak iradokiz: «Zergatik gastatu hainbeste diru berdintasunean? Horrek lehiakortasuna galarazten digu» eta «Hemen sekula ez da berdintasunik izan. Horretaz ari bazarete, molestatzeko baino ez da». Estrategiak balio izango zuen itsututako zenbaiti begiak zabaltzeko; tamalez, alferrik izan zen begiak zabaltzea ikusi nahi ez zuen askori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.