ARKUPEAN

Yoyes: aitzindariaren patua

Elixabete Garmendia -

2014ko irailak 10
Gaur bezala, asteazkena zen irailaren hamargarrena, duela 28 urte. Ordiziako Euskal Jaietako egun nagusia zen, distiratsua eguraldiaren aldetik. Pilota partiden orduan, arratsaldeko bost eta erdietan, zurrunbilo bat zabaldu zen: neska batek bere buruaz beste egin zuela, frontoitik bertan, artean obretan zegoen plazan. Anjelita Katarainek, paseoan zebilela, alaba zaharrenaren galtzetinak antzeman zituen estalita zegoen gorpuaren oinetan; estalkia apur bat altxatu, eta… alaba bigarrena ikusi zuen zerraldo: Yoyes. Haren semeak —artean lau urte bete gabea— azaldu zion gertatua: «Amoña, amoña: bi gizon etorri dira, eta hil egin dute». Gauean, etxean, Akaitzek izeba Gloriri adierazi zion ama «bakeroek» hil zutela.

Hurrengo egunean, Ordizian greba orokorra izan zen. Yoyes hilobiratu baino ordu batzuk lehenago ETAk bere gain hartu zuen hilketa, hauxe leporatuz: «colaboradora en los planes represivos del Estado opresor español y traidora al proceso de liberación que el Pueblo Trabajador Vasco lleva a cabo».

Yoyesen hilketak izugarrizko zirrara eragin zuen; haren ispilu, egunkarietan azaltzen joan ziren artikulu eta gutunak. Eta zirrara hartan, ehunka pertsonak sinatu zuten izen-abizenez, publikoki, Yoyesen hilketa gaitzesten zuen idatzia (lehen aldiz, ETAren ekintza baten kontra). Tabua erortzen hasita zegoen. Uholdea, artean, ez zen ez zabala, ezta indartsua ere, baina bai irmoa bere xumean: mugarri bat markatuko zuen. Borroka dialektiko hartan Herri Batasunako buruzagiek logika eta hizkera militarrera jo behar izan zuten justifikazio bila: jeneralen arteko kontu garbitze modura zuritu zuten ETAk Yoyes hil izana. Gizalege zibiletik —gizalegetik— ez zegoen hura esplikatzerik.

Eskerrak jasota utzi zizkigun Yoyesek bere gorabeherak: 1979ko irailean hasita —ETAtik irten zen garaia—, azkenera arte itsatsi zituen, egunerokoan, bere bilakaera pertsonal, intelektual, sozial eta politikoaren giltzak. Nahiak eta ezinak, zalantzak eta ziurtasunak, beldurrak eta pozak, lotako ametsak eta besteak… Idatzi haiekin eta gertukoen lekukotasunekin osatu genuen Yoyes desde su ventana liburua (1987). Hori irakurrita batek baino gehiagok aldatu du Yoyesen ibilbideari buruzko iritzia, eta jabetu da ETAk eta haren inguruak egindako basakeriaz.

Beste idatzi batzuk ere utzi zituen Maria Dolores Gonzalez Katarainek. Gutunak, adibidez. Bat hedabideetara bidaltzeko asmoz egin zuen, 1985eko urrian, bere etorrerak bi bandoetan (batetik, Espainiako gobernua eta haren hedabide bozeramaleak; bestetik, ETAren inguruko mundua) piztutako interpretazio interesatuei erantzunez. Beste gutun batean dio zerbait gertatuko balitzaio errua ETArena izango zela. (Ez al da ikaragarria burkide izandakoen mehatxupean sentitzea? Eta edozertarako gai direla jakitea?).

Geroztik, hainbatek eman dituzte Yoyesen pauso haien antzekoak. Asko —oraindik nahikoa ez— etorri ahal izan dira herrira, etxera. Eztabaidak bai, badaude, itzultzeko moduari buruz, baina —zorionez— ez da paretarik zikindu txibato salaketarekin; kolaborazio eta traizio hitzak hautsak hartuta dauzka; jeneralen arteko dueluak ahaztuta daude; ez du inork biziarekin ordaindu behar erakundea uztea edota autokritika egitea… Izan ere, suzko armak isildu ahala, besteak ere kamustu egin dira. Gauzak doazen bezala, geroz eta garbiago ageri da Yoyesen errua azkarregi ibiltzea izan zela, aitzindari izatea.

Gaur, urtero bezala, hil zuten tokian loreak egongo dira; hantxe, Barandiaran plazan —herritarrek Yoyesena deitzen diote—, Picassoren lore sortak markatzen duen harlauzan; esaldi honekin: «adostasun eza agertzen ausartzeagatik eta askatasuna usatzeagatik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna