elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Intxorta, beste behin

2015eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Intxortako Atea eskulturak markatzen du tokia. Aurrez aurre Udalaitx ageri da, gordin, neguko jantzian oraindik, bertatik bertara. Urrutirago, hegoaldera, haize errotek salatzen dute Elgeako mendizerra, eta haren ezkerretara Aizkorri sumatzen da laino artean. Antolatu gabeko prozesioan igo garaehunka lagun, Elgetako kaskotik abiatu eta aldapan gora; adin eta tankera askotako jendea bildu da, familia formatuan asko, tartean baita pertsona ezagunak ere: Juan Mari Atutxa, Julen Madariaga...

Intxortako Erresistentzia Eguna deitu diote aurten apirilaren 19an ospatu denari, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, memoria historikoaren aldeko beste erakunde batzuek eta Elgetako Udalak antolatuta. Hirurogeita hamazortzi urte betetzen dira egun hauetan, 1937ko apirilaren 20tik 24ra hemen burutu ziren borrokaldietatik.

Hareaz betetako zakuek babesten dute lubakia, eta han uniforme nagusitzat koadrotako alkandorak dituzten gudariak daude, ikurrinarekin eta Errepublikako banderarekin. Hasi da borroka, eta hor datoz, behetik gora, falangista urdinak, errekete txapelgorriak, Francoren armadako militarrak eta moroak. Pirotekniako tiro eta petardoen ketan bilduta, nolabaiteko egiantzekotasuna hartzen du batailak. Ordu erdiko saioaren ondoren, bolbora usainak inguratuta, «euskaldunek irabazi dute!» bota du, lasaituta eta pozik, alboan daukagun mutikoak.

Ikuskizuna —bere naiftasunean— hunkigarria gerta daiteke. Lizentzia historikoa galtzaile izan zirenen aldeko aldarria da, ekintza hartan parte hartu eta oraindik bizirik dauden dozenatik gora gudariri egin zaien omenaldiarekin batera. Amuategi, Eusko Indarra, Itxarkundia, Loiola, Rosa Luxenburgo, San Andres, Saseta... batailoien izenek adierazten dute gudarien anitz jatorri politiko.

Agur Intxorta maite deitu zion Joseba Tapiak 1936-37 gudako kantuak bildu zituen diskoari, Eusko gudariak himnoari gehitutako estrofa honetatik:

«Agur Intxorta maite

gomutagarria.

Arratiako mutillen

garaitzaren tokia».

2001ean argitaratutako disko horrek jarri zion soinu-banda euskaldunek bizi izandako gudari; ordura arte —Koldo Izagirreren hitzetan— iruditeria mutua besterik ez geneukan 36ko gerrari buruz. Tapiak eta kantuan lagun izan zituen Sebastian Lizasok eta Mertxe Olidenek eman zieten ahotsa gudari anonimoek nahiz garaiko bertsolari eta idazle ezagunek idatzitako bertso, kopla eta eresiei. Tristuraz blai gehienak, nola ez, baina baita ironiaren eta sarkasmoaren armak ere erabiliz bakar batzuek.

Urtebete lehenago, 2000n, kaleratu zuen Ramon Saizarbitoriak Gorde nazazu lurpean liburua, eta haren barruan Gudari zaharraren gerra galdua narrazio luzea, ardatza Intxortako borrokaldietan duena. Gudariaz ez dakigu izenik ere, baina urratsez urrats eramango gaitu Intxortara, 1936-37ko Intxortara, bere zahardadetik; galtzailearen osagai guztiak ditu gudari zaharrak, edo beste modu batera esanda, ia dena galdu zuen gerran. «Sartu ez bagina hobe», sortuko zaio burutazioa, baina bere kolkorako gordeko du, sekula inori esan gabe. «Berez, onartzen zuen, eta entzun nahi zuenari esaten zion, hutsegitea baino ez zela izan bere bizitza osoa; baina aitortu behar zuen, oro har, bizitzako liburuan gerrako estanparen batek bakarrik utzi ziola —haiek bakarrik— duintasunez jokatu izanaren sentipena».

Gudari zahar izengabea, soldadu ezezagunari altxatutako monumentuen parekoa da nolabait. Monumentu literarioa. Zalantzak pitzatua eta oinarrizko ziurtasun bakarren batek eutsitakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.